Sare sozialetan jakin zuen Seaskak kolegioko ikasleek brebetako zientzietako azterketa euskaraz pasatzen ahalko dutela ekainean. Ez dute adierazpen ofizialik eskuratu. «Pantaila argazki bat egin genuen, froga gisa», erran du ironiaz Jorajuriak, eta oroitarazi du orain arte adostutakoak ez dituztela bete Bordelek eta Parisek. Seaska solaskide gisa tratatzera itzul daitezen nahi du.
Zer diozu Parisen jarreraz?
Mespretxu hutsa da. Baina hori baino gehiago da: bada borondate politiko bat euskararen garapena oztopatzeko. Brebeta osorik euskaraz egitea 1994an lortu genuen. Baxoari buruz ere aitzinatu ginen, eta gibelera egin dute. Blanquer ministroak kanpaina abiatu zuen hizkuntza gutxituen irakaskuntza mugatzeko. Lizeo publikoetan elebidunik ez da gehiago; hautazko gisa ere euskara desagertzen ari da. Bigarren mailan euskaraz ikasteko manera bakarra Seaskaren eredua da. Lizeoan euskaraz ikasten dutenen erdiak baino gehiago Bernat Etxepare lizeoan dira.
Indar handiak egin dira irakaskuntzan. Hori suntsitu nahi dute?
Bigarren mailan dituzte erasoak eta mugak ezartzen. Lehen mailan %40 elebidunean edo murgiltzean dira; bigarren mailan jausten da drastikoki. Haurren %80-90 euskararik jakin gabe ateratzen dira eskolatik.
Parisen eta Bordelen isiltasuna berria da?
Azken urteetan hitzarmena izenpetu izan dugu EEPren, ministerioaren eta Seaskaren artean; behartzen gaitu urtean bizpahiru aldiz elkarrekin mintzatu eta proiektuak elkarrekin aitzinatzera. Blanquer ministroaren garaitik gelditua da, ez Bordelen, ez Parisen ez gaituzte entzuten.
Pap Ndiaye ministroa gutxiengoei buruz aditua da.
Ministro bat ez bada nortasun handikoa, administrazioaren tresna bilakatzen da. Azken urteetan arazo nagusia ez da politikoa; arazoa administrazioarekin dugu. Hizkuntzen gaian ez dute entzuten ere iritzi politikoa, ez herritarrena, ez politikariena. Hemengo hautetsi guziak aho batez mintzatu dira azterketen alde, murgiltzearen alde, irakaskuntza elebidunaren alde; Parisen ere legebiltzarrean bozkatuak izan dira legeak, baina administrazioak ez ditu aplikatzen. Etsai nagusia hor dugu, eta haiek dute boterea.
Orain arteko mobilizazio eta ekintza dinamika berarekin segitzeko asmoa duzue?
Biziki pisua izan da, eta formaz aldatu dugu erregularki. Hasi ginen negoziazioen bidez, pasatu ginen mobilizazioetara, desobedientzia zibilera. Ondoko urratsa ez duguerabakia. Agintari politikoen beha egoki gara erran dezaten hizkuntza politika azkar baten lehen lerroan badela azterketak euskaraz egiteko eskubidea.
Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin duzuen hitzarmena iraungia da. Nola eraiki hitzarmen berri bat solaskiderik gabe?
Ez dugu gehiago negoziazio esparru ofizialik. Hori zen lehen, eta hori izan da aurten ere: eskakizun bat dugularik, prentsaren eta karrikaren bidez jakinarazi behar dugu. Indar anitz eskatzen du. Azken hitzarmenean azterketei buruz adostua ez dute bete. Mahaiaren inguruan ezarri ginen EEP, Hezkuntza Ministerioa, Seaska, eta lekuko hautetsi andana bat, akordio bat finkatzeko ondoko hiru urteentzat. Seaskak bere eginbeharrak bete ditu, eta estatuak erran digu ez zuela errespetatuko. Azterketen gaia argitu behar da hitzarmen berri bat izenpetu aitzin.
Zer mezu duzue EEPtik?
Estatuak hitz egitea errefusatzen duelarik, EEP harrapatua da.EEPren kide batek ez ditu EEPk izenpetutako hitzarmenak betetzen, ez ditu EEPk finkatutako elkarrizketa esparruak errespetatzen. Ondorioz, EEPk tresna funtzioa galtzen du.
«Etsai nagusia administrazioa da; haiek dute boterea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu