Koronabirusa

Atharratzeko kasuen kontrol falta, ageriko

Basabürüko osagileek susmoa dute Italia iparraldera bidaiatu zuen adinekoen autobus bat dela koronabirusak erituen fokua. Agathe Beuscar Atharratzeko medikuak salatu du ez dela testik egiten, eta «ahal eskas handia» dela Frantziako instituzioetan.

Koronabirusaren testa egiteko materiala. STEPHEN BRASHEAR / EFE.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Haurdun denez, aste honetan lana utzi behar izan du Agathe Beuscar Atharratzeko medikuak. Joan den aste osoan, eta geroztik, etxetik, Atharratzen koronabirusak jota hil berri den gaixoaren kasua kudeatu du administrazioarekiko harremanetan. Ostegunean zendu zen gizona aste bat lehenago segitzen hasi zen. «Handizki ezindua zen 66 urteko gizon bat zen», esplikatu du Beuscar medikuak. «Medikuntza iragan aski astuna zuen; adibidez, garuneko odol isuri larria izanik, kadira gurpildunean zegoen». Bizkitartean, koronabirusaren bilakaeran elementu berriak agerian eman ditu gizon horren kasuak. Sintomak ez dira izan hats bideetakoak. «Sukarra ukan du zenbait egunez, baina ez zuen eztulik. Sintoma digestiboak zeuzkan: beheitikoa, deshidratazioa. Asteburuan egoera larritu zaio, eta astelehenean hilzorian bezala jarri da: tentsio oso apalarekin». Lehenik, Oloroeko ospitalera (Okzitania) eramana izan da, baina hortik, berehala, Paueko ospitalera (Okzitania).

Atharratzen positibo eman duen bigarren kasuak ere zendu den gizon horren sintoma bertsuak izan ditu, digestiboak. Beuscar medikuak dioenez, gero eta gehiago agertzen dira azken egunetan. «Sukarra ukan duten jendeak dira, sabeleko gripe baten ezaugarriekin, eta ez eztulik baitezpada. Ospitaleko medikuek sabeleko eskaner bat egin dutenean, ez dute baitezpadako infekzio gunerik aurkitu; beraz, azterketa zabaldu dute, biriken irudiak eginez sukarraren iturria atzemateko gisan. Hor dute ikusi koronabirusaren sintoma susmagarriak bazeudela». Ondotik lehen gaixoari egin testak baieztatu du susmoa.

Gauza bera gertatu da bigarren kasuarekin. 78 urteko emazte bat da. Hori, haatik, hobeki da, eta Paueko ospitalean artatzen dute egun. Hasieran, berdin, beheitikoa eta sukarrak zituen hark ere, eta biriketako irudiek gauza bera erakutsi zuten. «Emaztea hobekitu da; haren etxeko erizainarekin hitz egin nuen atzo, eta berriz jaten hasia da;ez du larritasun keinurik».

Testik ez da egiten ia

Atharratzeko medikuak garbiki erran du susmo aise gehiago dituztela Basabürüan, Zuberoan. Sintoma bereko kasu gehiago ikusi eta segitzen baitituzte. «Badugu jende andana bat sintoma digestiboak edo gripe sintomak dituena eta etxean konfinatua dena». Bizkitartean, administrazioak erabaki du ez zaiela koronabirus testik egingo. «Aitortzen dizut, bart, hamarnaka eri batzuentzat bazirela susmoak hemen gaindi sendagileen artean», azaldu du Beuscarrek. Testik ezean, etxean konfinaturik egoteko eskatu diete. Artamendu arruntarekin: «Parazetamol sukarraren kontra —inondik ere ez antiinflamatoriorik—, eta ura edan, hidratatzeko».

Italiatik etorri autobusa

Nahiz eta administrazioak ez duen ikerketarik egin nahi, Basabürüko erizain eta medikuek badituzte susmoak gaitzaren iturriari buruz. «Autocars Souletins konpainiako autobus bat Italia iparraldera joan zen duela hiru aste [Zuberoako adineko bidaiariekin]. Igandean, bazuen hamabost egun sartua zela handik. Autobus horretan ibili jende bat baino gehiago gripeak jo ditu. Geneva, Pisa eta naski Erroman gaindi ibiliak ziren. Gizon batek arnas arazoak izan ditu, baina gripea zuen. Beste bi kasu badira, gripean negatibo atera direnak, baina koronabirus susmoak baditugu autobus horrekin loturik».

Sendagileak oso haserre dira istorio horrekin. Igandez sartu zen autobusa, eta asteartearekin, jadanik, agertu ziren lehen eriak. Arazoa da autobus konpainiak ez zuela seinalatu Italia iparraldean ibili zela eta handik heldu zela. «Handik itzuli jendeak ez zituzten berrogeialdi sistematikoan ezarri; etxetik kanpo ibili ziren, eta kontaktuan egon ziren beste batzuekin».

«Aurrerapen eskas handia»

Atharratzeko koronabirus kasuen iturri gisa autobusaren susmo hori badute ere, osasun profesionalek ez dute baieztatu ahal izan, ARS Eskualdeko Osasun Agentzia administrazio nagusiak ez baitu ikerketarik egin nahi izan. «Autobuseko bidaiariei ez diete testik egin ere. Krisia hasiz geroztik, ARS galdua da, gainditua. Nehor ez dute testatzen. Hil den gizon hori artatu duten erizain eta medikuei ez diete testik egin oraino. Bi etxeko erizain eta lau suhiltzaile izan dira kontaktuan, eta bihi bati ez diote egin testik; eta erran zaie: 'Ez zaiteztela bajan ezarri, segi lanean maska bat jarrita'. Errealitatean, kudeaketa kataklismikoa da. Ospitaleek ez dute gaitasunik aski jende testatzeko».

Zinez kasu larrienei egiten zaie testa, dirudienez. Ahal eskas eta berantari lotzen du Atharratzeko medikuak: «Ahal eskasa eta aurrerapen eskas handia da Frantzia mailan. Lagun mediku bat dut Parisen ari dena, eta erran dit baduela bi aste ez diotela inori testik egiten». Sendagileei ere ez zaie testik egiten. «Joan den aste osoan gripedunak ikusi ditut artatzeko. Larunbatean 38ko sukarra nuen, buruko mina, gogordurak. Paueko ospitalera deitu dut —alta, ugazaita hango larrialdi zerbitzuan ari zait—: ez didate onartu testa egitea. Osasun profesionala eta eriekin kontaktuan izan naizelarik. Hori da gertatzen ari den egia».

Artatze lanetan ibili diren etxeko erizainek behar izan dute borrokatu Paueko ospitaleak onar zitzan testak, gero positibo eman duten kasuentzat. «Testaren emaitzak goizeko ordu batean eskuratu genituen, eta ARSk biharamuneko 18:00ak arte itxoin du gurekin harremanetan sartzeko. Nihaur ibili naiz, etxetik, egun osoan, eriarekin kontaktuan izan zen kinesiterapeuta deitzen —inork ez zuen abisatu—, suhiltzaileak deitzen, bezperan eria garraiatu baitzuten —inork ez zituen abisatu—. Dena horrela da».

Atharratzeko kasu goratze hori ez zaio harrigarri medikuari, beraz, kudeaketa ikusirik. Argi baita herritarrek berek ez zutela uste halakorik gertatuko zenik. «Joan den astean nehork ez zuen deus ere errespetatzen neurrien aldetik. Alta, Hego Euskal Herrian jada katastrofea zen, eta ondo-ondoan gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.