BERRIA Taldea. Zuzendari aldaketa BERRIAn. Amagoia Mujika Tolaretxipi eta Martxelo Otamendi

«Kazetaritza egitea: hori da gure funtzioa»

Neurria ondo hartua diote elkarri. Otamendik 30 urte egin ditu zuzendari; Mujikak erredakzioko taupaden erritmoan egin du lan ibilbidea, eta, orain, arduraz hartu du zuzendari izateko «erronka». BERRIAren 20. urteurrenarekin batera dator aldaketa, egunkaria berritzeko ahalegin betean.

JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
Andoain
2023ko ekainaren 4a
00:00
Entzun

«Bizi-bizia da». Esaterakoan, adjektibo hori nabarmendu egin du Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1957). Erretiroa hartzera doala-eta kargua uztear, bere lekukoa hartuko duena definitzen ari da: Amagoia Mujika Tolaretxipi (Andoain, Gipuzkoa, 1971). «Erreakzio azkarrekoa da, koordinatzaile ona». Euskaldunon Egunkaria paperean egunero inprimatzen zen amets bat zen 1993an, Otamendi zuzendari hasi zenean; handik hamar urtera, indarrez itxi zuten egunkaria, baina BERRIAren oinarriak aurki jarri ziren, eta han ere lema Otamendik eraman du. Egunkaria-ko erredakzio hartan hasi zen Mujika Tolaretxipi ere, 1995. urtean, kazetaritza ikasketak amaitu berri. Etxeko sail eta ardura postu gehienetan jardun du ordutik. Zuzendariorde egin ditu urteok; «erronkek» sortu ohi duten zirrararekin hartu du ardura.

Ikusi gehiago:Amagoia Mujika Tolaretxipik hartuko du Martxelo Otamendiren tokia

Mujika eta Otamendi. Jon Urbe, Foku

Bat datoz BERRIAren 20. urtemuga eta zuzendari aldaketa. Bide batez, udazkenean aldaketak egin nahi dira produktuan, berrikuntzak. Zer da aldatu ezin dena? Zein da BERRIAren muina edota, areago ere eginez, Euskaldunon Egunkaria-tik ere bazetorren zuztar hori?

AMAGOIA MUJIKA TOLARETXIPI: Kazetaritza egitea: hori da gure funtzioa. Kazetaritza ahalik eta kalitatezkoena egitea. Horretarako, taldea behar da, hori badugu, eta hori zaindu behar da.

MARTXELO OTAMENDI: BERRIA ez litzateke BERRIA izango Egunkaria ez balitz egon aurretik: bide beretik sortu genuen. Orduan beldur judizial batengatik esaten genuen Egunkaria-k utzitako hutsunea beteko zuela; esaten bagenuen jarraipena izango zela, igual arazo bat izango genuen. Bide beretik jarraitu dugu. Egun, BERRIA helduagoa da kazetariak helduagoak garelako, direlako, eta eskarmentu eta esperientzia handiagoa daukatelako; batzuek Egunkaria-n hartu zuten, Amagoiak bezala, eta beste batzuek Egunkaria-n hartu zuten horiekin batera trebatu dira. Baina nik uste dut gorputz oso bat dela BERRIA.

 

Aldaketa prozesu betean dago. Zergatik aldaketa horiek? Zer behar du gaurkoagoa izateko?

MUJIKA: Iruditu zaigu 20. urtemugarekin inportantea dela jauzi handi bat egitea, aldi konplexu batean bizi garelako eta aldi konplexu honetan inoiz baino inportanteagoa delako kazetaritza egitea, ez edozein modutan egindako kazetaritza: jendearen kezkekin lerrokatuagoa egongo den kazetaritza bat, Euskal Herria eta mundua ulertzeko tresnak emango dituena, eta, horrez gain, begirada propio bat izango duena. Batez ere, kazetaritza fidagarria eta kalitatezkoa egin nahi dugu; hori egiteko euskarriak hobetuko ditugu, eta beste dinamika batzuk ere egingo ditugu.

OTAMENDI: Egunkariak 200 urtean ia ez ziren aldatu. Oinarrian, gauza berbera zen. Gero, teknologia etorri zen, eta, gaur, kazetaritzan adimen artifiziala erabiltzearen atarian gaude; horrek sekulako aldaketa ekarriko du. Aldaketak garai batean baino maizago gertatzen dira, eta zaharkituagoak geratzen zaizkigu produktuak.

MUJIKA: Gero eta gauza gehiago mugitzen direlako. Zer esanik ez sare sozialen eraginez. Informazio asko heltzen da, lasto asko, eta hor gure lana inportantea da. Esplikatzea: «Hau da kazetaritza». Eta hor irizpideak ematea. Nik uste dut hor badugula etorkizunean zeregin garrantzitsu bat.

OTAMENDI: Lanbidea ez da aldatu; bitartekoak aldatu dira, eta euskarriak. Baina oinarri-oinarrian dago, Amagoiak ondo esan duen eran, kazetaritza. Lehen kazetaritza zegoen, eta orain ere kazetaritza dago. Eta garrantzitsua da gure funtzioa aldarrikatzea gizarte honetan: komunikabideen rola. Eta garrantzitsua da, era berean, guk aldarrikatzea euskaraz izan arren ez dugula konplexurik, adibidez, Joko Olinpikoetara joateko, aspaldi joaten hasi ginen bezala... Gu 1996an joan ginen lehen aldiz. Kontua da toki horietan lotsarik gabe egotea, beldurrik gabe, konplexurik gabe. Amagoia da horren lekuko: Ukrainako mugara joan zen [iazko otsailean, gerra hasi berritan].

Mujika eta Otamendi, BERRIAren erredakzioan. Jon Urbe, Foku

Zer gaitan jarri nahi da, bereziki, indarra aldi berri honetan?

MUJIKA: Guk argi daukagu: gure esparrua euskararena da. Euskara zaindu behar dugu; euskaraz informatzen dugu; euskal komunitate bati begira lan egiten dugu. Eta uste dut hor bereziki erronka handiak dauzkagula egun; erronkak, eta erasoaldi batzuei aurre egiteko premia ere bai. Horrek, nire ustez, euskalgintzarekin batera lan egitea eskatzen du. Horrez gain, gure etxean plan estrategikoa onartu zen orain dela lau urte; orain berritu da, eta hor puntu garrantzitsutako bat da gure etxea feminista izatea; hor prozesu bat egin dugu, eta egiten ari gara, etxe barruan. Baina hori ere izango da gure lelo bat: gai feministak izateaz gain, gai guztietara feminismoak ukitzen dituen gai guztiak ekartzea, eta begirada horretan jartzea. Ingurumenak ere kezkatzen gaitu, eta, etorkizunera begira, iruditzen zaigu hor erronka handi bat daukagula.

Eraberritzea eginda, zertan ikusiko dituzte irakurleek aldaketarik nabarmenenak?

MUJIKA: Berritzeko ahalegina edizio digitalean eta inprimatuan nabarituko du irakurleak; jauzi digitala esanguratsua izango da, webgunea eta aplikazioak eguneratuko baitira sareko irakurleari zerbitzu hobea emateko. Hasteko, euskarri digitala berria izango da: bai webgunean eta bai aplikazioetan-eta, diferentzia handia sumatuko da. Bestalde, diseinu aldaketa handi bat dator digitalean eta paperean; produktu argiago, arinago, irakurterrazago eta erabilgarriago bat eskainiko duen aldaketa integrala izango da.

Aldaketa horren atzean prozesu luze bat dago; kazetariekin ari gara: nola landuko ditugun gaiak, zeri emango diogun garrantzia. Egitura eta itxura aldaketa horrek funtzionamendu aldaketa bat dakar, eta funtzionamendu aldaketa hori ere ari gara jende guztiarekin lantzen. Baina aldaketa handia izango da. Erakusteko modua ere argiagoa izango da, eta jendeak eskura izango ditu orain eskuratzea zailagoa den hainbat tresna. Errazagoa izango da irakurtzeko, arinagoa, nahiz eta gero gauzak sakon landu.

Digitalizazioan zein da erronka?

MUJIKA: Sareko erabiltzaileei zerbitzu hobea emango dien egunkari moderno bat egitea. Euskaldunok behar dugu egunkari moderno bat sarean, informazioa kontsultatu eta zabaltzeko. Horrez gain, irakurle berriengana heltzea ezinbestekoa da, eta produktu digital sendo batek baldintza hobeak eskaintzen ditu horretarako.

Erronka da egiten duguna egiten jarraitzea, eta irakurleak gureganatzea: irakurle gehiago. Euskal irakurleak ikus dezala, orain egiten dugunaren bidetik, egunkari indartsu bat daukala aurrean, eredugarria, eta tresna hori horren zerbitzuan jartzea da asmoa. Xehetasun gehiegitan sartu gabe, baina egunero eskainiko dugu zerbait propioa, egunero izango dugu gureak diren gai horietan zerbait emateko; irakurleak egunero izango du aukera berak nahi dituen gaiak bere gailuetan pertsonalizatzeko, eta egunero emango ditugu eguneko albisteak kronologikoki toki bakar batean, ikusi ahal izateko zer gertatu den egun horretan...
 

 

Paperak zer toki izango du?

MUJIKA: Aspaldi ari gara entzuten papera desagertuko dela, baina ikusten ari gara ez dela desagertzen. Eta, gainera, guk papera oso ondo egiten dakigu, eta paper irakurle oso finak ditugu, eta haiei esker gaude, hein handi batean, hemen. Guretzat inportantea da papera zaintzen jarraitzea. Orain dela bederatzi bat urte egin genuen ja aldaketa handi bat orain goazen bide horretatik: ez eguneko albisteak ematea bakarrik, baizik eta albiste horiek janztea, iritziak ematea, interpretatzea, igandeetan gai bat hartu eta ondo lantzea... Bide hori sakontzera goaz. Eta diseinu berri batekin, hori hobetu ere egingo dugu.

OTAMENDI: Egia da, fenomeno soziologiko bat da, eta ez du atzera-bueltarik: belaunaldi berriek ez dute paperik erosten. Informazioa ere, seguruenera, garai batean baino gutxiago kontsumitzen dute... Informazioa esan nahi dut guk esaten dugun kazetaritza tipo honetakoa; gero dago pantailetan dagoen unibertso hori guztia. Beraz, hori badator pixkanaka. Nik daukadan kezka da, gure komunikabideek oro har dituzten egituretan, langile kopuru hauetan, gastu tipologia hauetan, posible ote den irautea komunikabide digital batek bakarrik izan ditzakeen sarrerekin. Gastuari eustea oso zaila da digitalak bakarrik dituen sarrerekin. Nik uste dut Europako Batasunak uste izango duela estatu bakoitzean bizpahiru egunkariri eutsi behar zaiela. Eta egongo dira orain arte debekatuta dauden laguntza batzuk eusteko; zeren eta egunkari batzuk estatu batzuetako zutabe nagusietakoak dira: Le Monde, adibidez, Frantzian; El País Espainian; La Vanguardia Katalunian... Bakoitzak berea: estatuaren ikurretako bat dira. Pentsatzea estatu horiek ez dutela izango, hori da belaunaldi baten buruan sartzen ez zaigun gauza bat. Baina nik uste dut Europako Batasunak emango diela baimena gobernuei laguntzak emateko mantxeta horiei. Dozena erdi bat esaldi okurritzen zaizkit hori janzteko: pluraltasun informatiboa, kalitatea, erreferentzialtasuna...

Egingo diren aldaketetan, irakurleekin nolako interakzioa edukitzea izango da asmoa? Zer bide landuko dira horretarako?

MUJIKA: Guretzat, komunitatea ezinbestekoa da; komunitate horri esker gaude hemen, eta asmoa daukagu udazkenetik beste bide batzuk martxan jartzeko haiekin: gure produktuei lotutako esperientziak, edukietan parte hartzeko bideak, ekitaldi bereziak... Feedback hori mantentzeko bideak zabalduko ditugu.

Mujika eta Otamendi, BERRIAren erredakzioan. Jon Urbe, Foku

Ondo esan duzue: ez dira garai errazak hedabideentzat, eta aldaketak gero eta sakonagoak eta bizkorragoak dira. BERRIAk, Egunkaria zen garaitik, independentzia du berezko beste ezaugarri. Nola eutsi aurrean dituen erronken aurrean?

MUJIKA: Argi dago. Egunkaria herritarrek sortu zuten, eta BERRIA ere bai: herritarrei esker. Independentzia mantentzeko gure erronka nagusia herritarren babesa da, eta babes ekonomikoa ere bai. Zenbat eta autofinantzaketa handiagoa izan, independenteagoa izango da BERRIA. Horretarako, beharrezkoak ditugu harpidetzaren edo ekarpenaren bidez BERRIA ekonomikoki babestuko duten irakurleak. 2011n, erabaki genuen ordainpeko murrurik ez jartzea gure edukiak webgunean irakurtzeko, kontuan hartuta euskarazko komunikabideak estrategikoak direla euskara sustatu, garatu eta biziberritzeko, baina funtzio hori betetzen segitzeko, behar dugu BERRIA sarean irakurtzen duten horiek proiektua ekonomikoki babestea. Elkarrekiko konpromiso bat, BERRIAren etorkizuna bermatuko duena.

OTAMENDI: Hori da gure giltzetako bat libre izateko: BERRIAlagunak. BERRIAlagunen esperientzia kanpoan azaltzen dugunean, jendea harrituta geratzen da: nola egon daitezkeen horrenbeste milaka lagun doan jaso dezaketen webgunearengatik ordaintzen. Zaila da independentzia medioetan, bakoitzak bere lerro editoriala duelako. Guk nahiko lerro zabala daukagu: saiatzen da gurean eroso egoten euskaraz irakurtzeko gai den jendea. Hori da gure leloetako bat. Jakinda ere inoiz ez duzula lortzen irakurle guztiak ehuneko ehunean pozik egotea egiten duzunarekin. Ez guk, ez The New York Times-ek ere: ez dago munduan egunkaririk bere irakurle guztiak ehuneko ehunean pozik dauzkana.

Ez dira lan samurrak aurrean daudenak. Lema utziko du batek, eta hartu besteak. Zer-nolako lantaldea ikusten duzue horiei guztiei erantzuteko? Non ikusten dituzue taldearen indargune nagusiak?

MUJIKA: Egunkaria-k eta BERRIAk izan duten gauzarik onena lantaldea izan da, eta lantaldeak funtzionatzeko izan duen modua. Esperientzia handiko jendea daukagu, beste batzuk gazteak, ilusio handiz datozenak, egiteko eta pentsatzeko beste modu batzuekin, eta uste dut denen arteko elkarrizketa etengabeak sekulako taldea ematen digula. Itxaropena horrek ematen dit. Garai gogorrak izan arren, motorra hor dago, eta funtzionatu egiten du.

OTAMENDI: Lankideak aipatu ditu Amagoiak. Horrez gain, behar ditugu, baita ere, irakurleak, erosleak, harpidetza edo ekarpena egiten duten BERRIAlagunak, publizitatea jartzen duten enpresak... Erakunde publikoek ematen duten laguntza ere kontuan hartzekoa da: eskertzekoa. Horiek guztiek ematen diote babesa, horiek eusten diote gure proiektuari ikuspegi ekonomikotik. Horiek guztiak ezinbestekoak dira, eta eskertuta gaude ematen diguten babesarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.