Korridore humanitarioak, baina «denentzat». Horixe eskatu zuen atzo Irungo Harrera Sareak Behobiako zubiaren bi aldeetan eginiko elkarretaratzean. Ehunka lagunek zubi osoa hartu zuten. Frantziako Poliziak kontrola jarri ohi duen tokian, zubia moztu egin zuten manifestariek. Larunbatean Bidasoa ibaia gurutzatzen ari zela migrante bat desagertu zela salatu zuten. Aintzane Lasarte Bidasoa Etorkinekin elkarteko kideak azaldu zuen ez dutela migrantearen berririk: «Espero dugu bizirik ateratzea eta bere bidean segitu ahal izatea». Argi utzi zuen gertatutako ez dela inondik ere istripua. Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko kontrolak jo zituen erruduntzat: «Muga ixteak berriro ere gazte baten migrazio prozesua Bidasoa ibaian amaitzera behartu du».
Harrera Sarearen ustez, ez da «onargarria» gertaturikoa, ez bailitzateke halakorik pasatuko migratzaileek bertzelako bideetatik ibiltzeko aukera izanen balute: «Bide seguruek ez dituzte pertsonak desagerrarazi edo hiltzen; bai, aldiz, kontrol arrazistek». Oroitu dute iaz zazpi lagun hil zirela Euskal Herrian migrazio bideetan, Bidasoan itota edo trenak harrapatuta.
Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundeei «beharrezkoa den korridore humanitarioa bermatzeko» eskatu die Harrera Sareak. Salatu dute, izan ere, Ipar Euskal Herriko sareetako kideak ari direla korridore humanitario horien «ardura» hartzen: «Eta azken hilabeteetan jazarpen poliziala jasan dute; antolakuntza eta egitura solidarioen aurkako kriminalizazioa gertatzen ari da». Datu bat ere eman dute: urtea hasi zenetik bi boluntario atxiki dituzte polizia etxean.Ukrainako errefuxiatuekin ere elkartasuna erakutsi du Harrera Sareak: «Babes beharrean dagoen pertsonei beharrezko erantzuna eman behar zaie». Arlo horretan erakundeek egindako lana «aitortu» dute.
Bilaketak, fruiturik ez
Atzo berriz aritu ziren Bidasoa ibaian galduriko migratzailearen bila. Hiru pertsona saiatu ziren larunbat arratsaldean ibaia gurutzatzen, baina horietako bik baino ez zuten lortu bertze aldera iristea: horiek eman zioten abisua Frantziako Poliziari. Erreskate zerbitzuak larunbatean 18:20 inguruan hasi ziren falta zen pertsonaren bila, Bidasoa ibaia Hendaia, Biriatu, Urruña (Lapurdi) eta Irun artean (Gipuzkoa) igarotzen den zatian, baina bilaketa lanek ez zuten fruiturik eman, eta eten egin zituzten. Herenegun 08:00etan hasi ziren berriz, baina ez zuten aurkitu; eta atzo ere ez.
Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du tenperatura hotzek, uraren emariak eta marea biziek zaildu egiten dituztela erreskate lanak.
Giza korridoreak eskatu ditu Harrera Sareak, «denentzat»
Oraindik ez dute atzeman larunbatean Bidasoa ibaia gurutzatzen saiatu zen pertsona. Sareak «kontrol arrazistei» egotzi die desagerpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu