Nafarroan, gorroto delituen %78,6k zio «ideologikoa, etnikoa edo arrazista» dute

Gorroto jarrerei buruzko txostena aurkeztu du Nafarroako Gobernuak. LGTBI kolektiboa ere, jopuntuan. Erasoen %80 «ikusezin» dira oraindik

Jon Mirena Landa EHUko irakaslea, Eduardo Santos kontseilaria eta Bertha Gaztelumendi ikerlaria, atzo. J. MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Mehatxuak, eraso fisikoak, talde zaurgarrien aurkako diskurtsoak... Ikertzen eta erregistratzen diren gorroto delituen kopuruak gora egin du Nafarroan azken urteetan, eta gehienek (%78,6k) motibazio «etnikoa» dute; alegia, gertakari gehienen atzean daude zio etnikoak, ideologikoak, xenofoboak edo arrazakeriarekin lotutakoak. Are: eraso horiek sufritzeko arrisku handiena duten taldeak gutxiengo etnikoak dira, eta, horien atzetik, LGTBI kolektiboa. Ondorio horiek nabarmendu zituzten atzo Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiketako Departamentuak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Unesco Katedrak, Gorroto delituak Nafarroan 2016-2020 txostenaren aurkezpenean.

Ikerlanean jasota daude 2016 eta 2020 bitartean Nafarroan ofizialki erregistratutako «gorroto gertakariak». Bost urte horietan, 137 gertakizun zerrendatu zituzten: 131 delitu eta sei arau-urratze administratibo. Funtsean, EHUko ikerlariek polizia txostenak eta salaketak hartu dituzte oinarritzat, zerrenda osatzeko. Halako neurketen gabeziak nabarmendu ditu Jon Mirena Landa EHUko irakasle eta ikerlanaren zuzendariak, aurkezpenean: «Gure helburua da datu enpirikoekin lan egitea, gorrotoaren mapa bat osatze aldera. Hala ere, gorroto delituez hitz egitean, ezinezkoa da kopuru osoa ezagutzea. Beti dago ikusezina den ehuneko bat, estatistiketan azaltzen ez diren gertakariek osatua, eta kasu honetan, kopuru beltz hori %80 ingurukoa izan daitekeela uste dugu».

Auzi ideologikoak, puztuta

Ikerlana ontzeko orduan, baina, «anomalia» bat detektatu dute EHUko kideek: delitu ideologikoak «oso puztuta» daudela Poliziaren txostenetan. «Nafarroan eta Espainian, Poliziak gorroto delitu gisa sailkatzen ditu motibazio ideologikoa duten gertakariak», azaldu du Bertha Gaztelumendi ikerlariak. Adibidetzat jo zuen Altsasuko gazteen auzia. «Europan, ez da beste inon gertatzen hori, gorroto delituen sailkapena egina dagoelako kolektibo zaurgarriak babesteko».

Gorroto delituen biktima diren taldeei dagokienez, hiru multzo nabarmendu dituzte txostenaren egileek: kolektibo etnikoak (arraza, etnia, jatorria edo erlijioa aintzat hartuta), LGTBI kolektiboa, eta, neurri apalagoan, elbarritasunen bat dutenen multzoa. Delitu ohikoenak mehatxuak dira, eta, horien ostean, eraso fisikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.