Beskoitzeko ikastolak «erantzun politiko bat» eskatu dio herriko etxeari

Salatu dute herriko etxeak oztopoak jarri dizkiola etengabe ikastola eraikitzeko proiektuari. Erantzunik ezean, mobilizazioak eginen dituzte

Beskoitzeko gurasoen agerraldia, atzo goizean. NAHIA GARAT.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Beskoitze
2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Beskoitze: Ikastola baten garapena blokeatzen duen herri bakarra zioen pankarta baten gibelean, agerraldia egin zuten atzo Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolako burasoek Seaskako kideekin batean. Salatu dute Fabienne Aiensa herriko auzapezak eta haren talde politikoak «etengabeko» oztopoak ezartzen dizkietela ikastola eraikitzeko. Izan ere, duela hamar urte sortu zenetik, ikastola eraikin prefabrikatu batean da. Iaztik, ttipi gelditu dira prefabrikatu horiek, 50 ikasle baino gehiago baitira. Horregatik, Seaskak eraikuntza baimen bat pausatu zuen, eta, geroztik, hainbat gorabehera izan dituzte herriko etxearekin, baiezkoa eman ondoan gibelera egin baitute berriz. Hala, Seaskak salatu du«erabaki teknikoa» bainoago «erabaki politikoa» dela, eta hamabost eguneko epea eman diote herriko etxeari aterabide bat emateko. Erran zuten bestela «mobilizazio fase batera» iraganen direla.

«54 urteren ondoren, Seaskak esperientzia luzea du eraikuntza baimenetan. Lehen aldia da herri batek uko egiten diona Seaskako kideekin eta arkitektoarekin biltzeari. Ohartarazi nahi dugu Beskoitzen euskararen eta ikastolaren kontrako neurriak nahita hartzen dituen herri baten aitzinean garela», adierazi zuen Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Erran zuenez, Seaska «prest» da eraikuntza proiektu berri bat pausatzeko, eta herriko etxeari dagokio «baimena ematea bere lurretan eraikitzeko». Bilkura bat galdegin diote herriko etxeari, eta erran zuten ez dutela «amore emanen». Jorajuria: «Euskarak ezin du gibelera egin aitzina egin dezakeen tokian». Halaber, hautetsiei «laguntza» eskatu diete, Beskoitzeko herriko etxea «arrazoibidera ekartzeko». Horien arabera, «Euskal Herriko hizkuntza politika jokatzen da Beskoitzen».

Burasoak kezkaz mintzatu ziren. Lucie Paraxu Beskoitzeko ikastolako hiru haurren ama da. Adierazi zuen egoera horrek ezin duela segitu, prefabrikatuetan gelditzea «arriskutsua» bilakatzen ari baita, ikasle kopuru handiagatik. «Gainera, neguan biziki hotz da, eta udan, biziki bero. Gure haurrentzat hoberena nahi dugu, ez dugu beste munduko gauzarik eskatzen; gure haurrek baldintza onetan ikastea nahi dugu».

Beskoitzeko auzapezarekin mintzatu nahian, Fabienne Etxegarai axuantarekin mintzatu da BERRIA: «Ez dut ulertzen zer nahi duten. Jadanik bilduak gara haiekin herriko kontseilu batean, eta orain ez dakit zer gehiago nahi duten». Halere, erran zuen ez dela bera afera horretaz arduratzen den axuanta. Seaskakoek zehaztu zuten herriko kontseilu hori iazko urrian izan zela; orduan, eraikitze baimenaren aldeko jarrera agertzen zuen herriko etxeak, eta, gero, gibelera egin zuten berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.