Zehaztasun falta. Horixe egotzi diote hezkuntza eragile nagusiek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroari, eta kexu agertu dira. Iñigo Urrutia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko aldezle eta Administrazio Zuzenbideko irakaslearen esanetan, «ez da oso ezohikoa» izaten legeak zehaztugabeak izatea. Ordea, euskararen kasuan, uste du horrek kalte egin dezakeela, epaileek esku hartzeari bide eman diezaiokeelako.
Ikusi gehiago:Irakasleen euskara maila kezkagai
Bi motatako legeak egoten dira, Urrutiak azaldu duenez: «erabat zehatzak» eta «malguagoak». Gaiaren arabera, estilo bat edo bestea erabili ohi dute. Adibidez, euskararen arloan, hizkuntza dinamiko bat izaki, irizten dio lege estatikoak ez direla oso egokiak izaten normalean. Baina malguagoak direnean, auzitegiak sar daitezke tartean: «Alde horretatik, interesgarria da ahalik eta gehien lotzea legea, ze parlamentuko lege baten aurrean epaileak egin dezakeen bakarra da hori aplikatu. Zalantza baldin badauka, Konstituzio Auzitegiari galde diezaioke, baina ez dauka ez aplikatzerik; beraz, legea zenbat eta zehatzagoa izan, auzitegiak orduan eta lotuago egongo dira legera».
Kataluniara so
Hezkuntza Legean zentratuta, hasierara bertara jo du izaeraren funtsa azaltzeko; Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek izenpetutako hezkuntza akordiora, alegia. Azaldu du legera iristeko prozesua «apur bat berezia» izan dela, akordio politiko hori tarteko: «Gauzak apur bat zabalik ditu, beharbada akordioa lortze aldera».
Edukietan zehaztugabetasun horren eragina ikusten du. Bereziki aipatu du hizkuntzaren arloa. Ikastetxeei autonomia «zabala» emango dietela iruditzen zaio, haiek arautuko dutelako euskarak eta gaztelerak zenbateko presentzia izango duten irakaskuntzan. Horrela, Kataluniako sistemara jotzen dela uste du, A, B edo D eredua aukeratu beharrean, zentro bakoitzak bere hizkuntza proiektuan zehaztu beharko baitu hizkuntzen trataera: «Aukeraketa eskubidetik konjuntzio linguistikoko sistema batera pasatzen da. Horrek arriskuak dauzka».
Zergatik? Katalunia bera ipini du adibidetzat: «Zehaztasun falta horrek akaso bide eman diezaioke auzitegiek Katalunian aplikatu duten antzeko jurisprudentzia bat aplikatzeari gurean ere. Hori izango litzateke arriskua».
Gertatutakoa azaldu du. 2006ko Kataluniako Estatutuak ezarri zuen ikasleak ez dituztela banatuko hizkuntza aukeraketaren arabera, eta etapa bakoitzaren bukaeran gaitasun batzuk izan behar dituztela hizkuntza ofizialetan. Horren kontra konstituzio kontrakotasun errekurtsoa planteatu zuten, baina ez zieten arrazoirik eman, Urrutiak azaldu duenez: «Konstituzio Auzitegiak 31/2010 epaian esan zuen hori konstituzioaren araberakoa zela, eta hau esan zuen gutxi gorabehera: ez duela eragozten gaztelania irakats hizkuntza gisa erabiltzea eskolan».
Ordea, jurisprudentzia horren irakurketa «erabat murriztailea» egiten dutelakoan dago, eta, horregatik, epaitegiek ebatzi izan dutela gaztelera ere nahitaez erabili behar dutela. Kataluniako Generalitateari eskatu izan diote ehunekoa erabakitzeko, baina Generalitateak ikastetxeen gain utzi du erabakia: «Generalitateak esan du hori ikastetxeen esku dagoela eta euren sisteman katalanak izan behar duela hizkuntza nagusia. Beraz, ez du bete epaileek eskatzen zutena». Azkenean, epaitegietan erabaki dute eskolen %25 eman beharko dituztela gazteleraz. «Niretzat astakeria juridiko bat da. Zergatik? Auzitegi batek ez daukalako gaitasunik gai teknikoetan sartzeko».
Hezkuntza Legea. Euskara
Zehaztasun falta «arrisku»
Hezkuntza Legearen aurreproiektua bezala, lege batzuk ez dituzte guztiz zehazten, Iñigo Urrutiaren ustez. Kasu honetan, baina, arriskuak saihestu behar direla dio, euskararen kopurua epaileek ez jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu