Azken egunotan gero eta ziztada gehiago salatu dituzte festa giroan, eta, beldurra ere hedatuz joan da, batez ere nesken artean. Amaia Isasti Iribar (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) Gasteizko Mugimendu Feministako kidea da, eta, festak ate joka dituzten honetan, mezu «beldurgarriak» alde batera uzteko beharra nabarmendu du, emakumeei galarazi egiten baitiete jaiez «modu aske batean» gozatzea.
Gasteizko Mugimendu Feministak zer dio auzi honen inguruan?
Droga bidezko indarkeria lapurtzeko edo sexu delituak egiteko erabili izan da askotan. Baina, kasu honetan, badirudi ez dela oraindik horrelako kasurik izan. Batez ere, uste dugu beldurra zabaltzeko helburuarekin egiten dituztela erasoak, eta emakumeoi beste behin ere gaua eta parranda gureak ez direla gogorarazteko.
Eta zer lortu nahi dute horrekin?
Egia esan, ez dakigu ondo zer helburu duten erasotzaileek, eta, horren harira ere kezkatuta gaude. Horregatik, adi egongo gara, eta protokoloa ere horregatik daukagu, horrelako erasoak gertatzean erantzun bat eman ahal izateko.
Badago generoaren aldagaia?
Kasu gehienak emakumeenak izan dira, batez ere Euskal Herrian. Indarkeria matxistaren eta sistema zisheteropatriarkalaren barnekotzat jotzen ditugu indarkeria mota hauek. Bereziak dira, orain arte ez genituelako ikusiak horrelako adibideak inguruan. Droga bidezko menderakuntza hauek emakumeen eta sexu disidenteen aurkako erasoak dira.
Erasotzaileei dagokienez, askotan erosoagoa egiten zaigu erasotzailea gizon maltzur eta ero baten mitora hurbiltzea, baina ez dezagun ahaztu eraso gehienak inguruan ditugunek egiten dituztela, baita jaietan ere.
Protokoloan jaso dituzue ziztadak?
Gaur [atzo] ikusi dugu Eusko Jaurlaritzak gidan gehitu berri duena, eta ez dugu astirik izan horri erantzun zehatz bat emateko. Uste dugu erasoa jasan duenak inguruko guztiei abisatu beharko liekeela berehala, eta gune hori nolabait geldiarazi. Taberna edo diskoteka batean gertatu bada, langileei abisatu beharko zaie, edo oihu egin; ingurukoek, konplizitatez eta autodefentsa feministan oinarrituz, gunea geldiarazi beharko lukete, erasoa errepikatu ez dadin.
Zer egingo duzue erasoei aurre egiteko?
Protokoloa aktibo egongo da txosnagunean, eta tabernetan ere lanketa bat egin dugu; oraingoz, ez luke berezitasunik izango. Beste kasuetan bezala aktibatuko litzateke, eta lehentasuna emango zaio biktima artatzeari. Kasu honetan, oso beharrezkoa iruditzen zaigu osasun zerbitzuetara bideratzea, egon daitezkeen gaixotasun eta bestelako arazoengatik.
Zer aholku ematen duzue?
Garrantzitsua da beldur edo paranoia egoerak gelditzea. Beharrezkoa iruditzen zaigu mezu beldurgarri horiek zabaldu daitezen eragoztea, emakumeongan jartzen baitute arreta, eta beldurra sartzen baitigu horrek. Hala, jaiez modu aske batean gozatzeko aukera kentzen digute.
Zer nabarmenduko zenukete?
Dei egin nahi dugu antolaketara eta autodefentsa feministara, uste baitugu hori dela bidea. Erasoen aurkako telefono bat abiarazi dugu, eta jaietan aktibo egongo da: 747-41 48 34.
Indarkeria matxista. Amaia Isasti. Mugimendu Feminista
«Garrantzitsua da paranoia egoerak gelditzea»
Jaietan salatutako ziztadek andreengan jarri dute arreta. Gasteizko Mugimendu Feministak uste du beldurra zabaltzea dutela helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu