Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak. IRITZIA

Punturik ez soberan

2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Saioa hasi baino hiru ordu lehenago A-8an barrena Bilbora bidean noala, une berean oholtzara igoko den bertsolari bakoitzaren burutik pasatzen ariko dena irudikatzen saiatzen ari naiz. Joanes Illarregi datorkit ezinbestean gogora. 41 egun igaro dira Elizondon lehen finalaurrekoan kantatu eta puntu andana zakuratu zuen larunbat gogoangarri hartatik. Saio bat bestearen atzetik igaro ahala, denbora honetan guztian bere burua hautagai sendotzat hartu behar izango zuen ezinbestean, horrek dakarren tentsio eta neke guztiarekin. Txapelketa hasi aurretik inoren kinielatan agertzen ez zaren bertsolaria izan, finala eskura duzula jakin, eta zain egon behar. Eta behin egun handia iritsita, maila eman. Erraza da esaten.

Ikusi gehiago:Ez da ate ondoan geratu

Puntuazioak esan dituzte, eta barruan da Illarregi. Ez du punturik soberan izan, edozein kasutan. Ofiziotan epel xamar aritu da, eta ganbaran soilik egin du benetan gora. Gordeta egon den tartean bere burua lasaitu eta azken ahalegina egiteko kontzentrazio ariketaren bat egin duela bistakoa da, oholtzara igo ahala mundua jatera doanaren begiradarekin igo baita. Futbolaren bidetik heldu dio gaiari, aurretik Amets Arzallusek egin duen moduan. Kuriosoa. Bestelako gaiak, bai, ondo, baina momentu transzendentaletan oraindik ere futbolak badu presentziarik gurean. Saioaren amaieran zoriona da nagusi Leitzatik bera animatzera etorritako kuadrillaren begietan. Ez da gutxiagorako. Nafarroak ordezkari bat izango du finalean, eta hori sinbolismo handia duen mugarri ikaragarria da. Zorionak!

Hipotesi posibleenak betetzeko bidean, Amets Arzallusek ez du hutsik egin, eta Donibane Garazin ihes egindako puntuak berreskuratu ditu. Hendaiarrak ere ganbarakoan egin du bere bertsoaldirik onena, sinesgarri eta dotore, teknikoki zein mezuari dagokionez. Ofiziotan Amets Arzallus dirdiratsu bat entzuteko gogoz etorri naizela aitortu behar dut, Garazin gertatu ez zena, bidenabar esanda. Bilbon gertuago aritu da beragandik espero dugun bertsiotik, erabat lehertzea falta izan zaion arren. Asko eskatzen diogu, egia da. Azken hamarkadetan asko eman duenak hori du bere gurutze. Txapelketako bertsorik onenak botatzeko dauzka oraindik, edozein kasutan.

Aitor Mendiluzek halako bertso saio bati ematen diona nekez ordaindu daiteke urrez. Lasaitasuna, patxada, argi bat iluntasunean. Gainerako bertsolariak urduritasunaren itsasoan itotzera doazela dirudienean beti izango dute Mendiluze oholari gogor eusteko aukera. Bestelako saio arrunt batean kantuan ari dela ematen du tarteka, ofiziotan bereziki erraz, bideak irekitzen eta kideari laguntzen, Durangon egin moduan. Ganbarako bertsoaldia apala izan da bere kasuan. Apala, Mendiluzerentzat, noski. Baina beharrik ere ez makina gehiago estutzeko. Finalean beste kontu bat izango da.

Jone Uriak ganbarako eder batekin borobildu du bere aurtengo parte hartzea. Algortarra ez da, tamalez, aukera errealekin iritsi azken saiora, baina horrek ez du bere emaria eten. Ohi duen dotoreziaz, maisuki egin du bertsotan, bere burua finalerako lehiatik kanpo dagoela dakienaren aldartea islatzen badu ere tarteka bere begiradak. Maddalen Arzallusek une ederrak eta irristadaren bat utzi ditu bidean. Txapelketen zurrunbiloa utziko ote duen iradoki du azken agurrean, baina ez dira serioegi hartu behar halako iragarpenak. Saioa Alkaizari dagokionez, egin duen lana kontuan hartuz ordain apal xamarra jaso ez ote duen begitandu zaigu. Dena ez da, baina, puntutan neurtzen. Txapelketa bikaina osatu du osotasun batetik analisia egiten hasita. Ahots propio bat, markatua oso, beti zorrotz mezuan eta diskurtsoan. Datozen urteetan oso kontuan hartzeko bertsolaria. Ametsa betetzetik gertu geratu da Julio Soto, baita Aitor Bizkarra ere. Oihana Iguaran ere oso urruti ez. Ez da denentzako lekurik finalean, eta pena da. Luze joango zaigu egun handira artekoa. Presta gaitezen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.