Goizeko giro gozoan jarraitu zuen arratsaldean egitarauak ere; gaia, zabaldu ziren hitzen sakonean eta argitasunean ez ezik, bertan zegoen; gogoeten gainetik usu entzun umeen ahotsetan, lokartzeko besoetan eztiki bildu behar izan zuten horietan. Umetxo begi-berde bat ordenagailuko teklatuari begira-begira zegoela daude idatzita lerrook. Saioa Anarik hasi zuen, bete-betea zegoen areto batean, eta segidan gogoetan jarri ziren 220 bat andre. Taldetan banatu zituzten, bi galdera multzoren inguruan jarduteko. Baga: Zer datorkizu burura amatasunean pentsatzean? Zein ondoez sortzen zaizkizu? Zein ongizate? Biga: Zein dira kolektiboki askatu nahi ditugun korapiloak? Talde horietan galdezka ibili ahal izan zen BERRIA. Bat etorri ziren solaskide asko, usuen errepikatzen ari zen hitzetako bat, horra: «Erabakia».
Ikusi gehiago:(Ez)amatasunez, epairik gabe
Emagineko ordezkariek goizeko saioak utzitakoaren balorazio ona egin zuten, eta han entzundakoak entzunda solaskide asko ja «gaiarekin berotuta» zeudela azaldu zuten. Eta, halaxe: emankorrak izan ziren solasaldiak. «Zakua betetzeko» era egokia zela esan zuten hainbat andrek; usu ama izateak edo ez izateak dakartzan «bakardadeei» aurre egiteko bide bikaina zela. Eskertu egin zuten solaskide askok erabakiaren bi aldeetan dauden emakumeak elkartzea, lubakirik gabe jardutea: «Izan ere, denok daukagu gai hau buruan». Zama da askotan, era batera edo bestera, eta feminismoaren xedeetako bat zama hori «arintzea» da; horixe adierazitako beste ideietako bat.
«Zaintzaz», zabalago
Agertu dira beste hainbat hitz ere maiz-maiz. «Intentsitatea». «Kontraesanak».«Abandonua». Horien atzean beldurrak ageri dira usu. «Zaintza» hitzak ekar ditzakeen nekeen ingurukoak, adibidez. «Beste bat zaintzen baduzu, zeure burua ahantziko ote duzun», horixe solaskideetako baten kezka. Hitz hori erabiltzeko orduan askotan nagusitzen den ikuskera murriztailearekin arduratuta mintzatu dira beste hainbat: «Zaintza umeei begira aipatzen da beti, baina ikuspegia zabaltzeko garaia da; hasi behar dugu gure burua zaintzen». Kezka motiboen artean agertu da, baita ere, amatasunaren inguruko gaiak aipatzen direnean askotan erabiltzen den aditz bat: «Epaitu».
Ia inoiz ezin dela saihestu adierazi du solaskideetako batek. Eta beste hitz bat ere erantsi du: «Errua». Hitz eta keinu askotan sentitzen dute andreek: «Errua sentitzen duzu egiten duzuna egiten duzula ere; etxean geratzen bazara, etxean geratu zarelako; militatzen baduzu, militatzen duzulako». Karga hain astuna eta ezkorra duten hitz horien zerrendan, agertu dira gehiago. «Pobre» hitza ahoskatu dute hainbatetan: «Amatasunak pobretu egiten du». Egungo sistema kapitalistak aurkezten duen jolas zitalarekin kexatu dira andrazko ugari. Izan ere, usu zabaltzen dira amatasun «idealizatu» batekin lotutako irudiak; behin umeak edukita, ordea, haiek zaintzeko baliabideak urriak dira: «Gizarteak ez ditu ordaintzen egiten dituzun zaintza lanak».
Hitz negatiboak agertu dira, amatasunak dakartzan ondoezez ausart jardun dute, baina ama izateko hautuaren defentsa egin dute andre askok ere: «Lortu behar dugu merezi izatea». Adierazi dute, baita ere, «berrikusi» behar dela egun nagusi den familia eredua. Gaur emango dute ondorioen berri.
Askotariko eran
Amaierako saioan amatasunari buruzko bizipenez aritu dira hainbat solaskide, askotariko bizipenez. Andre heterosexual bat desioz ama izan dena; harrerako ama bat; adopzio bidez ama izan den beste bat; ume batez erditu den trans maskulino bat; bortxaketa baten ondorioz haurdun geratutako emakume bat; seme-alabak urrun dituen migratzaile bat; landa eremuan hamabost umeren ama izan den andre bat; ama ez izatea erabaki duen bat; ama izan nahi baina lortu ez duen bat; eta azkena, amatasun komunitarioan umeak hazten ari dena.
Hitz erabilienetakoa: «Erabakia»
220 emakume inguru elkartu ziren arratsaldean, talde zabaletan, amatasunari buruz dituzten gogoetez aritzeko; bizipen askotarikoei ere egin zitzaien leku, gaiaren zabaltasuna tarteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu