«Erabaki politikoek ekarri gaituzte hona, eta erabaki horiek hartu zituztenen ardura da hau konpontzea». Igor Eizagirre ELAko sektore publikoko arduraduna izan zen azkena hitza hartzen atzo Bilbon eginiko manifestazioan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontratu finkorik gabe sektore publikoan diharduten langile publiko askoren ahots bilakatu zen une batez, eta erakunde publikoei leporatu zien %40ko behin-behinekotasun tasaren ardura. Mezu argia bidali zien: «Gure eskaerei erantzuteko erabakirik hartzen ez badute, kalean aurkituko gaituzte berriz».
Mobilizazio gehiago egongo direla hitzeman zien Eizagirrek erakundeei, atzokoa protesta eguna izan zelako hiru lurraldeetako lantoki publikoetan. ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuek greba deialdia egin zuten behin-behinean diharduten 60.000 langile publikoak finkatu, benetako langile beharrak zeintzuk diren zehaztu, eta «zerbitzuen pribatizazioak» gelditzeko. Bilboko manifestazioko tranpaldotik «greba jardunaldi arrakastatsua» izan zela ohikatu zuten deitzaileek, eta ondoren, hotzean eginiko balorazioan, «erantzun zabala eta oso orokorra» izan zela gehitu zuten. Halakoetan ohikoa denez, baina, Jaurlaritzak askoz datu apalagoak eman zituen.
Sindikatuek jakinarazitako kopuruen arabera, unibertsitatez kanpoko hezkuntzan %50 inguruko oihartzuna izan zuen grebak. Haur eta lehen hezkuntzan «oso jarraipen zabala» izan zuela nabarmendu zuten: %55 ingurukoa. Bigarren hezkuntzan, berriz, eragin apalagoa izan zuen. Sukaldarien artean %55eko eragina izan zuen, eta garbitzaileek ezin izan zutela greba egin salatu zuten Jaurlaritzak jarritako gutxieneko zerbitzuengatik. Datu horiek ez datoz bat Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak emandakoekin. Haren arabera, hezkuntzako langileen %29,4k egin zuen bat grebarekin.
Osakidetzan grebak eragin txikia izan zuen, Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri baitzituen. Hala ere, sindikatuen ustez esparru askotan nabaritu zen protestaldia, batez ere lehen mailako arretan. Esaterako, Bizkaiko call center-ean, lanuztean parte har zezaketen langile guztiek egin zuten greba. Jaurlaritzak aldiz, datu ezberdinak eman zituen. Osakidetzan %2,87ko oihartzuna izan zuela esan zuen. Hori bai, desberdintasunak egon ziren kategorien arabera. Adibidez, erizainen artean %2,66k egin zuten greba; medikuen %1,13k; eta gainerakoetan, %4,58k. «Arreta normala» eman zuela esan zuen Garamendik.
Justiziari dagokionez ere zenbaki dantza egon zen bi aldeen artean. Sindikatuen arabera, langileen heren batek hartu zuen parte protestan. Jaurlaritzaren arabera, berriz, langileen %2,87k egin zuten greba. Lanbiden, %15eraino igo zuen kopurua.
Deialdia, baina, aldundi eta udal guztietara zabalduta zegoen. Sindikatuen arabera, «udal handienetan» langileen erdiek baino gehiagok egin zuten greba. Donostia, Gasteiz eta Bilbo zerrenda horretan sartu zituzten. Horiez gain, hainbat herritan oso oinarrizko zerbitzuak eman zituzten bakarrik. Esaterako, Laudion eta Amurrion (Araba); Durangon, Sestaon, Mungian eta Sestaon (Bizkaia); eta Beasainen, Hernanin, Bergaran, Deban, Elgetan, Soraluzen, Errenterian eta Ordizian (Gipuzkoa).
18.000 manifestari
Greba egunean hainbat mobilizazio deitu zituzten sindikatuek. Goizean elkarretaratzeak egin zituzten lantoki ugariren aurrean, eta eguerdian manifestazio bana Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Deitzaileen arabera, 18.000 langilek hartu zuten parte, eta hiruretan handiena Bizkaiko hiriburukoa izan zen. Grebalariek sei eskaera plazaratu zituzten: egun indarrean dauden lege egitasmoak alboratzea, «nahikoa ez direlako»; erakunde guztiek lanpostuak finkatzeko «salbuespenezko neurriak» hartzea; behin- behinekotasunaren gehiegizko erabilera ahalbidetzen duten mekanismoekin bukatzea eta benetako premiak zehaztea; pribatizazioekin amaitzea; eta lantaldeak gaztetzeko pausoak ematea.
Seigarren eskaera sakon azaldu zuen Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak: «Lege propioa behar dugu, kontsolidazioak berme osoz egiteko. Lekuan lekuko errealitateak aztertu behar dira, eta lekuan lekuko erantzunak eman». Ez zen izan hitza hartu zuen idazkari nagusi bakarra; Loli Garcia CCOOko buruak sinaturiko akordioak gogorarazi zizkion Jaurlaritzari: «2010ean sinaturikoa betetzeko eskatzen diegu erakundeei. Behin behinekotasuna %8ra murriztea adostu genuen, eta egungo mailak oso urrun gaude. Langile publiko asko ezinbestekoak izan dira pandemian. Txaloetatikbaldintza hobeagoetara igaro behar dugu». Eizagirre ere zaintzaileekin oroitu zen: «Idoia Mendiak esan du osasuna bermatu nahi duela gutxieneko zerbitzuekin. Bermatzen al da behin behineko 25.000 langilerekin? Edota adinekoen egoitzetan langileen %95 behin-behinean daudenean».
Greba EAEko sektore publikoan
Sindikatuek ardura politikoa eskatu dute langile publikoak «finkatzeko»
Deitzaileek «arrakastatzat» jo dute sektore publikoko greba, «erantzun zabala eta oso orokorra» izan duelako. Jaurlaritzak datu apalagoak eman ditu. Hiriburuetako mobilizazioak jendetsuak izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu