Eskola izan daiteke aterpe bat euskararentzat. Sarbidea, arnasgunea edo, zenbaitetan, baita larrialdiko oxigeno botila ere. Izan daiteke, edo ez. Zenbait eskolak ez dute funtzio hori betetzen, eta egungo egoera diglosikoa betikotzen edo, are, indartzen dute. Euskal Herrian, zatiketa administratiboaren ondorioz, hiru hezkuntza sistema daude indarrean, eta, eredu linguistikoei dagokienez, alde handiak sortzen ditu horrek lurralde batzuen eta besteen artean. Hala ere, denetan indarrean da murgiltzea [D eredua, Hego Euskal Herrian]: euskara irakats-hizkuntzatzat duen hizkuntz eredua, alegia.
Zazpi herrialdeetako datuak bere osoan hartuta, euskarazko murgiltze eredua nagusi da: ikasleen erdiak baino gehiago matrikulatuta daude euskara irakats-hizkuntza duen eredu batean [ikastolen sarean, Hegoaldeko D eredu publikoan edo Iparraldeko eskola publikoetako euskarazko esperimentazioan]. Lupa lurraldekako datuetan jarrita, ordea, oso bestelako errealitateak antzeman daitezke: Gipuzkoan, esate baterako, euskaraz ikasten dute ikasleen %87 inguruk; Nafarroan, berriz, %24,4 dira; eta Lapurdin, %6ren bueltan dabiltza.
Aldakorra da egoera, eremu bakoitzeko errealitate soziologiko, demografiko eta politikoaren arabera. Hainbat faktorek eragiten dituzte desorekak: hiriburu eta herri handietako datuek, adibidez, argazki orokorra baldintzatzen dute, ikasle gehienak biltzen baitituzte. Ikasketa maila da beste aldagai nagusietako bat: haurrak eskolatzeko tenorean, gero eta guraso gehiagok jotzen dute euskarazko ereduetara, baina mailetan gora egin ahala, apaldu egiten da portzentaje hori. Faktore nagusia, baina, politikoa da: ñabardurak ñabardura, murgiltze eredua nagusi da euskara ofiziala den lurraldeetan: Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako mendialdeko udalerri askotan. Gainerako eremuetan, minoritarioa da oraindik ere.
Txikienak, euskaldunenak
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak emaniko matrikulazio datuen arabera, D ereduak Haur Hezkuntzan du indar handiena: ziklo horretako ikasleen %82rentzat euskara da ikas-hizkuntza. Datuok herrialdeka aztertuta, murgiltze ereduak Gipuzkoan du indargune nagusia. Ikasle ia guztiak biltzen ditu Haur Hezkuntzan: %92,54 lehen zikloan eta %95,32 bigarrenean. Lehen hezkuntzan, kopurua antzekoa da: %92,63. Baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere (%89), baina apaltzera jotzen du Batxillergoan: %79,37.
Egoera antzekoa da Bizkaian, baina ehunekoak koska bat beherago daude: D ereduan ikasten dute Haur Hezkuntzako lau ikasletik hiruk (%75); Lehen Hezkuntzako %73,84k; DBHko %67k eta Batxillergoko %64,46k.
Araban ere nagusi da D eredua maila guztietan, baina emaitzak apalagoak dira: ikasleen %64,36 biltzen ditu Haur Hezkuntzan, %63,78 Lehen Hezkuntzan, eta erdiak baino apur bat gehiago DBHn (%54,32) eta Batxillergoan (%56,87).
Nafarroan, D ereduko ikasle kopurua nabarmen txikiagoa izanagatik, antzeko bilakaera erakusten dute Hezkuntza Departamentuaren aurtengo datuek. 2021-2022 ikasturtean eskolatutako 3 urteko umeen artean, D ereduko ikastetxe batean izena emandakoak dira hirutik bat. Haur Hezkuntza ziklo osoa aintzat hartuta, %28,8koa da ehunekoa; %26,5ekoa Lehen Hezkuntzan, eta parekoa DBHn (%24,8) eta Batxillergoan (%25,5). Ehuneko horiek, baina, amildu egiten dira Lanbide Heziketara iristean: erdi mailako zikloak euskaraz egiten dituzte ikasleen %9,3k; goi mailakoak, berriz, ez dira %6,5era iristen.
Belaunaldi aldaketa bat erakusten dute datuek, baina, horrez gain, hautu baldintzatu baten isla ere badira: euskarazko eskaintza txikiagoa da goi mailako ikasketetan [lanbide heziketan bereziki], eta euskaraz ikastea zailago bihurtzen da ikasle gehienentzat. Hala ere, euskarak pixkanaka irabazitako lekuaren zantzuak ere antzeman daitezke, besteak beste, selektibitatea euskaraz egitea erabakitzen dutenen kopuru gero eta handiagoan: 1.068 Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ikasle guztien %27,6.
Erritmo ezberdinetan
Gaur egungo argazkiari ez ezik azken hamarkadetako bilakaera historikoari erreparatuta, argi dago euskarazko murgiltze eredua hazten ari dela Euskal Herrian, baina erritmo ezberdinetan, herrialdearen arabera.
Azken 30 urteotako hazkundea nabarmena izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 1991-1992 ikasturtean, hiru herrialde horietako ikasleen laurdenek bakarrik ikasten zuten D ereduan. 2005-2006 ikasturterako, goranzko joera nabaria zen: ikasleen %40 inguru Araban, %52 Bizkaian eta %70etik gora Gipuzkoan. Gaur egun, Arabako hamar ikasletik sei D eredukoak dira; Bizkaian, hamarretik zazpi dira; eta Gipuzkoan, berriz, hamarretik bederatzi.
Ipar Euskal Herrian ere nabari da goranzko joera, maila apalagoan bada ere. Ikasleen gutxiengo batek aukeratzen du murgiltzea eskolan, baina Seaskako ikastolen matrikulek gora egin dute urtetik urtera, etenik gabe. Are: ikastoletako ikasleen kopurua lau bider hazi da azken hiru hamarkadetan: 1.066 ziren 1991-1992 ikasturtean, eta 4.064 dira aurten. Sare publikoari dagokionez, 2012tik abian da euskara hutsezko irakaskuntzaren esperimentazioa. Euskararen Erakunde Publikoak emaniko datuen arabera, hor ere igar daiteke hazkundea, baina askoz kopuru apalagoetatik abiatuta: 12 ikasle matrikulatu ziren lehen ikasturtean eredu horretan; iaz, berriz, 501 haurrek eman zuten izena.
Nafarroan, konplexuagoa da murgiltze ereduaren bilakaera aztertzea: 1991etik 2011ra, hazkunde betean izan zen D eredua. Urte hartan, ordea, Barcinaren gobernuak PAI Ingelesez Ikasteko Programa ezarri zuen, euskarazko irakaskuntzaren hazkundeari aurre egiteko xedez. Bigarren fasean, 2012tik 2015era, azeleragailua zapaldu zuten: 60 eskola berri sartu zituzten PAI programan. Ordutik, matrikula berrien %30 gainditu ezinik dabil euskarazko murgiltze eredua. Ez aurrera, ez atzera. Erdara hutsezko ereduak, berriz, hazkunde handia izan du, PAIk hauspotuta: ikasleen %62,3 biltzen ditu. Hortaz, hiru ikasletik birentzat euskara ikusezina da Nafarroan.
Ikusi gehiago:
Hiztunak lortzeko modu bakarra
Eskolak bakarrik ezin duenean
Aisialdian ere euskarari eremuak irabaztera
Nola mugitu lur idorretan
ESKOLATIK EUSKARAN MURGILTZEN
Euskal Herrian, euskarazko murgiltze ereduan ikasten dute ikasleen erdiek baino gehiagok, eta goranzko joera erakusten dute matrikulazio datuek. Hala ere, aldeak daude herrialde batetik bestera: Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, gutxiengo batek jotzen du euskarazko hezkuntzara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu