Atzo goizaldean hil zen Jon Barberena Ibarra (Elizondo, Nafarroa, 1979), ondoeza izanda. Bertso munduan urteetan ibili zen. 2004an hartu zuen parte lehen aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta ordutik aurrerako aldi guztietan aritu zen, 2015era arte. Horietako bitan, 2007an eta 2008an, txapeldunorde izan zen, Xabier Silveiraren eta Julen Zelaietaren atzetik, hurrenez hurren; aurrez, 2004an eta 2003an, Mariano Izeta eta Xalto sariak irabazi zituen. Bakarkako txapelketak albo batera utzita zituen azken urteetan, baina Baztango bertso eskolako kidea zen, eta jarraitzen zuen bertsolaritzarekin harremanetan.
Ogibidez euskara irakaslea zen. Heziketa Fisikoko diplomaduna zen, eta Gizarte eta Kultur Antropologiako lizentziaduna. Bergarako UNEDen Idazle Eskolako graduondoa ere egina zuen. Bertsolaritzaren esparruan ez ezik, literaturan ere ezaguna zen, poesian bereziki. Iaz, adibidez, Lauaxeta olerki saria irabazi zuen Neguko gaba lanarekin. Aurretik, 2016an, Iruñea Hiria poesia saria jaso zuen Izoztu zitzaigun negu hura lanagatik (Denonartean). Iruñeko Udalaren Egile Berrientzako Kultur Lehiaketan ere saritu zuten 2011, 2013 eta 2015ean.
BERRIA Taldearekin harreman estua zuen: kolaboratzaile zebilen Nafarroako Hitza-n. Joan den ostiralean argitaratu zuen azken artikulua, Enrique Maiaren soldata izenekoa. Halaber, 2018ko martxotik, Ttipi-Ttapa aldizkarian ere egiten zituen kolaborazioak, iritzi saileko Nire txanda atalean; Xorroxin irratian ere urte askoan izan zen kolaboratzaile, eta, iaz, literatur gaiak jorratzen dituen Hitzen Uberan atarian ere idatzi zituen hainbat artikulu.Aritu zen arlo gehiagotan ere: besteak beste, 2012an Baztan pelikulako soinu bandaren letra egin zuen, eta 2015ean Elizondon egin zen Nafarroa Oinez-en abestiaren hitzak ere hark idatzitakoak ziren.
Albistearen berri izan orduko, asko izan dira sare sozialen bidez haren sormen lana eskertu, eta doluminak agertu dituztenak.
Jon Barberena
Euskararen eta hitzaren bueltan beti
Bertso munduan urteetan ibilia, bitan izan zen Nafarroako txapeldunorde. Literaturan ere jardun zuen, baita hainbat sari eskuratu ere, eta 'Nafarroako Hitza'-n kolaboratzaile zebilen. Atzo goizaldean hil zen Barberena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu