Silvia Gambarte.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Grebalariak eta manifestatzaileak

2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
1919ko otsailaren 5a. Riegos y Fuerzas del Ebro La Canadiense enpresako zortzi langile kaleratu zituzten, soldata jaitsiera batez kexatu eta CNTra jo zutelako, haietako batzuk afiliatuta zeuden sindikatura. Isilik geratu eta beste alde batera begiratu beharrean, lankideek haiekin bat egin zuten, eta greba bat abiatu.

Langileek lan hobekuntzak lortzeko eta beste eskubide batzuk eskuratzeko duten tresna da greba oraindik ere. 2021eko otsailean, greba egiteko eskubidea erabili dute haur eskoletako jantoki eta garraioetako langileek, zahar etxe pribatuetakoek eta Tubacexekoek: batzuek, legea betearazteko, eta besteek, beren lanpostuen alde borrokatzeko.

1919ko Bartzelona hartan, agerikoa zen langileen arteko elkartasuna. Greba historiko harekin bat egiten hasi ziren beste enpresa eta sektore batzuetako langileak ere. Bartzelonako industriaren %70ek planto egin zuen, eta erakutsi zuten zenbateko indarra zuen langile klasearen batasunak.

Bai lehen eta bai orain, protesta sozialaren indarra agerian geratzen denean, beren eskubideak aldarrikatzen dituztenen kriminalizazioa hasten da. Meatzarien, irakasleen, erretiratuen, taxilarien, grebalarien, erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestarien eta ez isiltzea erabaki zuten beste hainbat eta hainbat lagunen lorratzari jarraitzen diote. Oraingo honetan, beste batzuei egokitu zaie: Pablo Hasel rap kantaria espetxeratu dutela-eta adierazpen askatasunerako eskubidea defendatzera atera direnei.

1919an, argi zeukaten: CNTko Arte Grafikoen sindikatuko langileek uko egin zioten grebaren kontrako informazioa inprimatzeari. Kontakizuna garrantzitsua zen, eta oraindik ere garrantzitsua da. Egun egia-oste deitzen diogun eta garai batean gezur hutsa zen horrek helburu argi bat zeukan, eta dauka. 2015eko uztailaren 1ean, guri ahoa tapatzen saiatu ziren mozal legearen bitartez, gure hitzek indar handia izan baitezakete. Hala ere, oraindik ere kalera ateratzen gara, ez bakarrik gure lan eskubideak defendatzeko, baita higatuta dauden zenbait eskubide zibil eta politiko defendatzeko ere.

Zerbait ikasi dugu: askorentzat zabor edukiontzien eskubideak, existitzen ez badira ere, pertsonen eskubideen gainetik daudela. Manifestazio batean begi bat txikitzea merke ateratzen dela. «Istiluak» gatazkatsuagoak edo baketsuagoak direla manifestaziora nork deitu duen. Manifestatzaile biolentoa dela guztiaren errudun. Zer gutxi ikasi dugun «zuen kidea naiz, kontxo!» hartatik!

1919ko Bartzelonan, gerra egoera ezarri zuten. Eta errepresioa hasi zen, grebalariek uko egin baitzioten lanera itzultzeari. Hiru mila langile baino gehiago espetxeratu zituzten. Baina gainerakoak ez ziren beldurtu, eta langileek borrokan segitu zuten beren lankideak berriz hartuak izatearen alde, soldatak handitzearen alde, inoren kontra errepresaliarik ez hartzeko konpromisoaren alde eta lanaldiak zortzi ordukoak izatearen alde.Azkenean, 44 egunez greba egin ondoren, 1919ko apirilaren 2an, zortzi orduko lanaldia ezarri zen Espainian, dekretu bidez: hori egin zuen lehen herrialdea izan zen.

Bartzelonako langile «biolentoei» esker, aitzindariak izan ginen. Bai lehen eta bai orain, grebalariak eta manifestatzaileak kriminaltzat jotzen dituztenek ere gozatuko dituzte lortutako hobekuntza horiek, inongo lotsarik gabe. Hobekuntza eta eskubide horiek ez ziren inoiz eskuratuko jendea etxean geratu izan balitz, boteredunek horren beharrezko duten egia-oste hori errepikatzen papagaien antzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.