ana galarraga aiestaran
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Kontzertu esperimental bat, olatuen artean

2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Gutxitan piztu du esperimentu batek hainbesteko ikusmina. Joan den larunbatean egin zen, Palau Sant Jordi aretoan (Bartzelona), Germans Trias i Pujol Ospitale Unibertsitarioko ikertzaileen gidaritzapean, eta Primavera Soundek eta musika-festibalen beste sustatzaile batzuek antolatuta. Helburua: neurri jakin batzuk hartuta, musika-festibalak eta antzeko jarduerak seguruak direla frogatzea.

Horretarako, 5.000 ikus-entzule bildu zituzten, areto itxi batean, eta elkarren arteko distantzia gorde beharrik gabe. Baina baldintza batzuk bete behar zituzten: beren datu pertsonalak eman behar zituzten, gero jarraipena egiteko; egun horretan bertan antigeno-test batean negatibo eman zutela frogatu behar zuten; FFP2 maskara bat eraman behar zuten jantzita une oro; eta sarreran tenperatura hartzen zitzaien. Aretoa ere egokitu zuten: edukiera murriztu zuten (berez, ia 18.000 pertsona har ditzake); lau eremutan banatu zuten; sarrera-irteeretan, komunetan eta barretan jendea pilatzea eragozteko neurriak hartu zituzten, eta airearen kalitatea zaindu zuten, monitorizazioaren eta aireztapenaren bitartez.

Aditu askoren iritziz, ordea, neurri horiek ez dira nahikoak kutsatzerik ez dela izango bermatzeko; are gutxiago kontuan hartuta egoera berriro okertzen ari dela. Izan ere, frogatuta dago transmisio-arriskua bereziki handia dela leku itxietan, batez ere, jende asko biltzen bada eta ozen hitz egin edo abesten badu. Horrez gain, antigeno-testek negatibo faltsuak ematen dituztela ohartarazi dute, batez ere asintomatikoetan. Hau da, sintomarik gabe ere, birusa eduki arren, negatibo eman dezakeela.

Alabaina, Boris Revollo Barriga esperimentuaren ikertzaileak baieztatu du antigeno-testa egokia dela kutsadurarik ez dela egongo bermatzeko. Azaldu duenez, antigeno testen eta PCR bidezko emaitzak batzuetan ez datoz bat, baina horrek ez du esan nahi antigeno-testak ez direla baliagarriak. Aitzitik, halako kasuetarako, egokienak antigeno-testak dira, pertsona bat kutsagarria den ala ez bereizteko gai baita.

Hain zuzen, PCR bidez birusaren RNA identifikatzen da. RNA birikoa anplifikatzean datza; hala, oso birus gutxi izanda ere, detektatzen du. Gerta daiteke infekzioa jada gaindituta izatea, eta, hala ere, PCR bidezko diagnostikoak positibo ematea.

Aldiz, antigeno-testek birusaren proteina jakin batzuk detektatzen dituzte. Positibo emanez gero, infekzioa aktiboa dela adierazten du. Negatibo emanez gero, berriz, pertsona horrek ez duela kutsatzen berretsi du Revollok.

Hala frogatu zuten iazko abenduko esperimentuan, Apolo aretoan. Oraindik ez dituzte emaitzak argitaratu aldizkari zientifiko batean, baina, Revollok aurreratu duenez, esperimentu haren emaitzek erakusten dute sarrera antigeno-testen bidez kontrolatuta, eta neurri batzuk hartuta, kontzertuak seguruak direla, distantzia fisikoa gorde beharrik gabe.

Esperimentu hartan, antigeno testean negatibo emandako 1.047 pertsonak parte hartu zuten (edukiera 2.900ekoa da). Erdiak kontzertura sartu ziren eta beste erdiek kontrol-taldea osatu zuten. Kontzertuan, Palau Sant Jordiko baldintza berberak zituzten: maskara, aireztapena, pilaketak eragozteko neurriak... Handik zortzi egunetara, PCR bat egin zitzaien guztiei. Bada, kontzertura sartu zirenen artean inork ez zuen positibo eman. Aldiz, kontrol-taldetik, hau da, kontzertura sartu ez zirenetatik, bik positibo eman zuten. Antigeno-testa ere egin zitzaien, eta horretan ere positibo eman zuten. Horrenbestez, ondorioztatu dute kontzertu batera joatea segurua dela, sarreran negatibo emanda antigeno-test batean, eta neurri jakin batzuk hartuta.

Revolloren ustez, Palau Sant Jordiko esperimentuaren emaitzak funtsezkoak izan daitezke zenbait jarduera berreskuratzeko. Izan ere, izurria txertaketen bidez kontrolatzerako luze jo lezake, eta, bitartean, testak oso lagungarriak izan daitezke ekitaldi kulturalak suspertzeko, beste batzuen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.