Silvia Gambarte.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Aldi baterako erregulazioak al dira konponbidea?

2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Oldarrean agertu zen hirugarren olatua, eta andui berriz eta iragarpen txarrez bete zituen ospitaleak. Osasun langileak ito nahian dabil, nekez eta ezinez bada ere haiek igeri eta igeri ari baitira, den-denok olatua gainditu dezagun.

Baina, olatu honen aurretik, esperantza iritsi zen: txertoa. Abiadura desberdinetan jartzen ari dira, eta horrek esan nahi du zenbait hamaikagarrenez ahaleginduko direla garaiotan oinarrizkoa eta premiazkoa den zerbait pribatizatzen. Eta txertaketarekin batean, pikarokeria agertu da. Zenbait politikarik eta kargudun publikok ez itxarotea erabaki dute, eta txanda-pasa egitea txertaketen zerrendan, birus madarikatu horretatik babeste aldera. Batzuek dimisioa ematen dute; beste batzuek, beste alde batera begira daude, denboralea noiz pasatuko. Badakite atertu ondoren ez dela ezertxo ere gertatuko.

Eta bai kutsatzeak eta bai ez zegokienei jarritako txertoak gero eta gehiago diren honetan, ziri-ziri ari du aldi baterako erregulazioen lanbroa, zeinek ia urtea bete baitu gure artean eta, gutxienez, 2021eko maiatzera arte iraungo baitu. Zirimiri hori gobernuaren, patronalaren eta sindikatuen arteko itunaren emaitza da, eta, aurrerantzean ere, Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzetik salbuetsiko ditu erregulazioan dauden enpresak. «Hori bai hori eragile sozialen lorpen handia. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteek bere hartan diraute!». Hala iragartzen digute komunikabide kideetakoek batzuoi zein besteoi. Enpleguaren salbazioa deitzen dioten klausulak ere indarrean dirau maiatzera arte, nahiz eta gero eta lanpostu gutxiago geratu salbatzeko, kaleratze etengabeen jarioak lanpostuen galera baitakar, zenbait enpresaren onuragarri.

Hainbesteko bozkario eta zalaparta, eta zer gertatzen da erregulazioan dauden langileekin? Ba al da inolako hobekuntzarik haientzat? Saldu digute oinarri arautzailearen %70 kobratzen segituko dutela. Eta ez dutela %50 jasoko, erregulazioa hasi eta 180 egunera jasotzen hasiak beharko zuketen moduan. Halako poz handia ikusirik, letra txikiz idatzitakoa irakurri dugu, eta ikusi nola 2020ko urriaz geroztik erregulazioan dagoen edonor berari dagokion saria kontsumitzen ari den. Jada ez dago 0 kontagailu ospetsu hura. Baina edozein arau nagusik bezala, horrek ere badu salbuespen bat. Laguntza hori ez da bukatutzat joko baldin eta langilea COVID-19agatik aldi baterako erregulazioan egona bada eta kaleratzea 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa bada edo 2026ko urriaren 1aren ondorengoa. Egia esateko, hobe zuten salbuespenaren atzeneko partea zehaztu izan ez balute. Hori ez baita gertatuko gobernuaren graziaz emandako zerbaiti esker, baizik eta langileek ordurako sortua izango dutelako beste sari bat.

Aterkia ireki, eta galdera hau egin dut neure artean: aldi baterako erregulazioak hainbeste lanpostu salbatzen ari al dira? Eta berehala konturatu naiz oraindik goiz dela horri erantzuteko. Eta zirimiri hau atertutakoan ikusiko dugula benetan ea orain arte egindako ahalegin ekonomiko horiek balio izan ote duten enpleguak ez galtzeko, edo enpresa batzuei etekin ekonomikoak ekartzeko izan ote diren. Atertutakoan egiaztatuko dugu Erromako zubia ikusten dugun edo denborale handiago bat datorkigun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.