Ostiral Santuko Akordioaren muina zera da: aurkari diren bi komunitateren arteko gatazka kudeatzea. Oro har, bi talde horiek protestante-unionista-britainiar eta katoliko-nazionalista-irlandar gisara deskribatzen dira, eta desberdinak dira, tradizio handikoak izateaz gain. Historikoki, Ipar Irlanda bitan zatitu da, eta logika hori izan da politikaren oinarri nagusia; hainbat hamarkadaz, gainera. Hori bera jasotzen du bake itunak, modu batera eta bestera. Azken bost urteetako gertakariek, ordea, azaleratu dute sakoneko aldaketa bat gertatzen ari dela gizartean, eta, beraz, politikan ere bai; edo, beste modu batera esanda, eguneratzen ari dela herritarrek politika ikusteko duten modua, horrekiko harremana eta norberaren identitatea. Orain arteko logikek eta betaurrekoek ez baitute erabat utzi ikusten paisaia egiazki nolakoa den: antolaketa klasikoa haustea helburu dutenak, erdibidekoak edota besteak multzoan sartzen direnak, geroz eta pisu handiagoa bereganatzen ari direla.
Ikusi gehiago:BAKE ITUNA EGUNERATU BEHARRA
Ipar Irlanda ezaguna da, besteak beste, identitate nazionalaren, erlijioaren eta botoaren arteko lotura sendoengatik, baina azken inkestek eta hauteskundeetako emaitzek agerian utzi dute handitzen ari dela beren burua ez nazionalistatzat ez unionistatzat daukatenen kopurua. Hori izan baita bake garaiko istoriorik arrakastatsuena; pixkanaka-pixkanaka, eta batzuetan, oharkabean, gora egin duela erdian dagoen taldeak.
Clare Rice Liverpoolgo Unibertsitateko ikerlari elkartuarentzat, «ez da erraza» erdibidekoen taldea deskribatzea: «Adibidez, erlijioan interes handirik ez dutenak daude. Batzuetan, badira Ipar Irlandatik kanpo jaio, eta hemen bizitzen ari direnak. Halere, aldi berean, aurki dezakezu jendea simesmen erlijioso oso irmoak dituena, eta perspektiba sendoak dituena afera konstituzionalari dagokionez. Ezohiko esparru bat da, eta horretan jende oso desberdina existitzen da. Faktore komun bat aipatzeko: ez dute lehenesten auzi konstituzionala».
Belfasteko Queen's Unibertsitateko lau ikerlarik, berriz, Beyond Gross Divisions: national and religious identity combinations (Banaketa Gordinetatik Harago: Identitate nazional eta erlijiosoen konbinazioa) lanean azaldu zuten multzo horrek ez duela zertan kuantitatiboki egonkorra izan. Jasotzen duen babesak eta hori osatzen dutenen kopuruak gora edo behera egiten baitu askotan, eta beste taldeekiko mugak «konplexuak eta zehaztu gabeak» baitira, «beti mugitzen» ari direlako.
Azken hamarkadek hori erakutsi dute, baina aldaketarik handiena bake garaikoa da, erdiko taldeak goranzko joera izan baitu, eta baitirudi joera hori sendotzen ari dela. 1998ko Ipar Irlandako Asanblearako hauteskundeetan —bake akordioa onartu osteko lehenetan—, kasurako, erdibideko alderdiek 108 aulkietatik zortzi lortu zituzten; hau da, eserlekuen %8. Iazkoetan, berriz, kopuru hori %20ra igo zen —90etik hamazazpi—. Tarte berean, unionisten babesa jaitsi egin da, eta nazionalistena, maila berean mantendu.
Ipar Irlandako politikaren oinarriak aldatzea eragin dezakeen fenomenoa ezin da azaldu alderdi baten ibilbideari erreparatu gabe: Ipar Irlandako Aliantza Alderdia. Iaztik, eta estreinakoz, Asanbleako hirugarren indarra da; gainera, lehena izan zen hori lortzen, bere burua ez unionistatzat ez nazionalistatzat daukatenen artean. Zehazki, Aliantzak bikoiztu baino gehixeago egin zuen eserleku kopurua —bere inoizko gorakadarik handiena izan zen—, zortzi aulkitik hamazazpira igo baitzen.
Aliantzaren iazko emaitzak ez dira kasualitatea izan; are, joera baten beste adibide bat dira. Atzera begiratuta, lehen zantzua 2017ko Asanblearako bozetakoa izan zen: ez zuen ordezkaritza handitu, baina babesean gorakada bat izan zuen, 25.000 boto inguru gehiago jasota. Bigarren zantzua 2019ko hauteskunde sorta izan zen: Ipar Irlandako tokiko boetan zazpi puntu igo zuen aldeko babesa; Erresuma Batuko Komunen Ganberakoetan, bederatzi; eta Europako Parlamenturakoetan, hamabi.
Liverpoolgo Unibertsitateko ikertzaile elkartuak maiatzaren 18ko tokiko hauteskundeetan jarri du arreta, urteotako arrakasta hori neurtzeko aukera bat izango dela uste baitu: «Azken urteetako gorakadari esker, presentzia handiagoa du hauteskundeen jokalekuan. Esan daiteke orain artekoa gorakada sendoa izan dela, baina boz horiek zehaztuko dute babes hori errotu al den. Asanblearik gabe gaude, eta [Ipar Irlandarako] protokoloaren inguruko zalaparta egon da. Horren araberakoa ere izango da Aliantzaren joera».
Hortaz, aldaketa bat gertatzen ari da Ipar Irlandan. Datu horiek guztiek islatzen dute erdibidekoen gorakada, batez ere Aliantzarena, su txikian egositakoa izan dela. Su motel horrek, gainera, gasolina asko hartu zuen, batetik, 2016ko ekainean, Erresuma Batuak brexit-aren alde bozkatu zuenean; eta, bestetik, harrezkeroztik, afera horrek mendean eduki baitu Ipar Irlandako politika.
Tartean, identitateari, erlijioari eta botoari buruz egindako inkestek agerian utzi dute sakonekoa dela moldaketa. Iragan irailaren amaieran, esate baterako, Ipar Irlandako errolda eguneratu zuten —2021eko datuekin—, eta jakinarazi zuten erlijio bakar batekin identifikatzen ez direnen kopurua 101.200etik 177.300era igo zela hamar urtean.
Urteroko NILT Ipar Irlandako Bizitzaren eta Garaien Inkestak ere joera hori berresten du: bere burua ez unionistatzat ez nazionalistatzat daukaten herritarren kopurua %33tik %42ra igo da 1998tik hona. Eta horien %38k esaten dute Aliantzaren alde bozkatzen dutela.
Neutraltasunaren defentsa
Ipar Irlandako Aliantza Alderdia 1970ean sortu zuten —Ulster Mugimendu Berria presio taldetik—, eta alderdi unionista, moderatu eta ez-sektariotzat aurkeztu zuten; 1990eko hamarkadan, baina, pixkanaka jarrera aldatzen hasi zen, azkenean neutraltasuna bere identitatearen parte garrantzitsuena bilakatzeraino. Egun, alderdi liberaltzat dauka bere burua, batez ere auzi sozialetan.
Erdibidekoa izateak, gauza guztien gainetik, estatus konstituzionalaren aferaren inguruan jarrera neutrala izateari egiten dio erreferentzia, eta hori defendatu du Aliantzak urteotan, bake akordioko adostasunaren kontzeptua oinarri hartuta —Ipar Irlandak Erresuma Batuaren parte izaten segituko duela herritarren gehiengoak hala nahi duen bitartean—.
Orain arte, Aliantzak ez du jarrera horretaz xehetasun gehiagorik eman, eta egoera politikoak ez zuen hori egitera behartzen. Urteotan, ordea, bi aldaketa esanguratsu izan dira, eta horiek presioa handitu diote erdibideko alderdiari: batetik, brexit-ak; eta, bestetik, horrekin lotuta, Irlandaren batasunaren balizko erreferendumari buruzko eztabaida indartu izanak. Halere, Naomi Lang alderdiko buruzagiak argi utzi du urteotako jarrera izango dutela oraindik ere, argudiatuta ez dagoela sakontasun handiagoa izatera behartzen dien gertakaririk.
Hori bai, alderdi unionistekin konparatuz gero, Aliantza prest agertu da irla elkartzeari buruzko eztabaidetan eta ekinaldietan parte hartzeko, eta hala egiten ari da; kasurako, Irlandako Errepublikako Gobernuak abiaturiko Uharte Partekatua ekinbidean. Jarrera irekiagoa eta malguagoa izaten ari da afera horretan, azken finean.
NILTen datuek erakutsi dute Aliantza protesta alderdi bat ere bilakatu dela boto emaileentzat, biko logikarensistemaren eta alderdien aurrean, batez ere Erresuma Batua Europako Batasunetik atera zenetik, eta Ostiral Santuko Akordioak finkaturiko botere partekatuko sistemaren ahuleziak geroz eta agerikoagoak direnetik. Kasurako, Asanblearako azken bozetan, DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren zenbait boto emaile erakarri zituen, batez ere moderatuenak; beste aldean ere, nazionalista batzuk erakarri zituen, baina boto transferentzia askoz ere txikiagoa izan zen.
«Gelditu-abiatu politika asko izan dugu; hau da, erakundeek urte batzuetan funtzionatzen dute, eta gero kolapsatu egiten dira. Hori bilakaera etengabe bat izan da. Aliantzak, gainera, elkarrizketa bat ireki du, orain arte ez zegoena: politika egiteko beste modu bat egon daitekeela. Saiatzen da erakusten eguneroko politika nolakoa izan daitekeen Ipar Irlandan, unionisten eta nazionalisten bitariko elkarrizketatik harago», ekarri du hizpidera Ricek.
Galdera bakarra dago orain, etorkizunera begira: Aliantzak gora egiten segituko duen erdibideko alderdi izanda, eta, hortaz, gai izango den errotuta dauden logikak aldatzeko. Ipar Irlandako zatiketak gainditzea oso zaila dirudi, baina Aliantzaren gorakadak frogatu du hautesleak ohiko identitate, erlijio eta boto harremanetik harago doazela.
Ikusi gehiago:'Erdibidekoak', Erresuma Batuan jarraitzearen alde
Ipar Irlanda. Ostiral Santuko Akordioak 25 urte
'Erdibidekoak', bake garaiko istoriorik arrakastatsuena
Ostiral Santuko Akordioa indarrean sartu zenetik, bada joera bat ia oharkabean pasatu dena: bere burua ez nazionalistatzat ez unionistatzat daukaten indarren gorakada. Tartean, 'brexit'-ak joera horretan sakondu du, Ipar Irlandako paisaia politikoa hiru zatitan banatzeraino. Aliantza Alderdia da adibiderik argigarriena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu