Zierbenak sarea uretara botatzeko prest zuen atzo Ondarroako estropada jokatu aurretik; gustukoa baitu Artibai ibaiko urak isurtzen dituen eremua; izan ere, azken hiru urteetan, bitan etxeratu du bandera. Bada, Juan Zunzunegiren taldeak hirugarren bandera zakuratu zuen, Eusko Label ligako hamabosgarren jardunaldian. Borja Gomez lemazainak eta haren kuadrillak arrantza emankorra egin zuten, beste behin. Sailkapen nagusiari begira, bestalde, Hondarribia sei puntura hurbildu zaio Santurtzi liderrari. Gaur Hondarribian ariko dira (12:15, ETB 1).
Aparteko olaturik ez zegoen, ezta haize petralik ere. Hori naturaren ur azaleko kontua zen; hondokoa, berriz, beste upeleko sagardoa zen; marea biziak baitaude aste honetan —91ko koefizientea—, hots, itsaslaster handiagoak. Itsasgora 16:45ean zela eta, Eusko Label ligako ohorezko txandako ontziek barruranzko bi luzeetan itsaslaster handiagoa zuten aurka aurreneko txandakoek baino. Sakonerari dagokionez, berriz, kaleen artean baziren aldeak ere; Saturraran hondartzatik gertuen zegoen laugarren kale horretan hondo gutxiago zen gainerako kaleetan baino; ur-laster txikiagoa, beraz. Aldiz, kanpoko kaleetan olatuak gehiago harrotzen ziren, koxkorrak baziren ere.
Lege zaharrera, itsasoko epaileak bandera gorria jaitsita eman zuen irteera. Zoriak hala erabakita, Santurtzik lehen kaletik arraun egin zuen; Donostiarrak bigarrenetik; Zierbena atzoko garaileak hirugarrenetik; eta Hondarribiak laugarrenetik. Lau taldeak Oriok bigarren txandatik burututako denbora kontuan hartuta txanpa bizian atera ziren. Hasierako lehen bi minutuetan, erdiko bi kaleetatik zihoazen Zierbenaren eta Donostiarren brankak aurrerago ikusten ziren Hondarribia eta Santurtziren ontzienak baino. Sotera traineruak nahi baino atzerapen handiagoa zuen ordurako; bost segundokoa.
Ohorezko txandako beste hiru taldeak bi segundoan ziren, baina maniobra egin ostean, Zierbenak estropada hautsi egin zuen; Gomez patroiak ur aparretan eraman zuen ontzia, haren kuadrilla minutuko 38 palakadako erritmoan zihoala, eta aurkariekiko tarteak are gehiago zabaldu zituzten: Donostiarrari lau segundo, Santurtziri sei eta Hondarribiari zortzi. Ostera, Orioren erreferentziak ez ziren erraz gainditzekoak; Zunzunegiren taldea oriotarrak baino segundo bat azkarrago heldu zen. Donostiarrarekiko zazpi segundoren tarte polita zeukan, zortzirena Hondarribiarekiko, eta bederatzirena Santurtzirekiko.
Santurtzi eta Hondarribia Eusko Label ligako lehen bi talde indartsuenak banderarako lehiatik kanpo ziren hirugarren luzerako. Markaketa handia zuten elkarren artean, eta, bitartean, Zierbena isil-isilik bere lana egiten ari zen, baita Donostiarra ere. Zunzunegirenek palakadak ongi bukatzen zituzten, Carlos Palazuelos —ababorrean— eta Iker Pascual —istriborrean— hankeko tostan zirela, erritmoa jarriz. Gomez eta haren arraunlariak Orio baino hiru segundo azkarrago heldu ziren hirugarren ziabogara. Donostiarra Zierbenarengandik sei segundo geroago iritsi zen, eta haien ondoren, Santurtzi eta Hondarribia.
Erabakiak hartzeko ordua
Azken luzean, lemazainek buruko nekea izango zuten erabakiak hartzeko garaian; kale batera edo bestera jotzeko tenorea heldu zitzaien. Hasieran, itsaslasterrak hala eskatuta, lau ontziak istriborrera joan ziren. Zierbena bigarren kaletik zihoan; Donostiarra berriz, lehenengotik. Bada, Arkaitz Diaz Torrekua ontziko patroiari ongi atera zitzaion jokaldia hasiera batean; 600 metro falta zirela, Zierbenarengandik hiru segundora jarri zen, bizpahiru olatu hartuta.
Zunzunegirenak, aldiz, herio batean dena ematen ari ziren: jo eta jo. Arraunketa erabat moztuta zuten, Donostiarrakoen aldean. Igor Makazagarenek gehiago bukatzen zuten, harik eta segundo bakarrera jarri ziren arte. Bi ontziak helmugara gerturatu ahala, Diazek bere kaleari eustea erabaki zuen; Gomez Zierbenakoak, baina, laugarren kalera joan zen, olatuen norabidea baliatuz. Bete-betean asmatu zuen, eta lehenak helmugaratu ziren. Bi segundo ere ez zizkion atera Donostiarrari. Atzean, berriz, Hondarribia poparerako jardunean hobeto moldatu zen Santurtzi baino, eta aurrea hartu zion. Bi talde horien tartean, gainera, Orio sartu zen, berdeen mesederako.
Hain zuzen, San Nikolas ontzia aise nagusitu zen bere txandan. Estropada kontrolpean izan zuen, eta hamar segundoko tartea atera zion Urdaibairi. Cabo eta Ondarroaren arteko lehian, galiziarrak gailendu ziren. Lehen txandan, bestalde, Isuntza izan zen azkarrena, baina harrokeriarik gabe; 66 ehunen atera zizkion Tirani. Dena den, Moañakoek Zarautzekin jaitsierarako duten lehiari begira, egun ona izan zuten; bi talde horien artean Ares sartu baitzen. Zarauztarrek miraria egin behar dute azken postua saihesteko.
Gaurko Hondarribiko jardunaldiaren aurretik, Euskotren ligako lau ontziek estropada ez puntuagarria jokatuko dute gaur (11:40, ETB 1), Kontxako Banderarako sasoi puntua ez galtzeko xedez.
Arrauna
Gustuko eremua arrantzarako
Zierbenak sasoiko hirugarren bandera irabazi du Ondarroan, Eusko Label ligan; hirugarrenez gailendu da estropada eremu horretan. Santurtzi bigarren txandatik ariko da gaur, Hondarribian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu