PSE-EErentzat, gaia ez da «lehentasuna»

2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
PSE-EEk ere helarazi dio BERRIAri euskal selekzioen ofizialtasunaren auziari buruz duen jarrera, eta argi utzi du gaia ez dagoela «alderdiaren lehentasun politikoen artean»; euskal selekzioek nazioartean parte hartzea erraztearen alde daude sozialistak, «euskal kirolarentzat eta kirolarientzat positiboa delako», baina ez dute bat egiten ofizialtasunaren aldarrikapenarekin: «Horren atzean orientazio politiko bat dago; zilegizkoa da, baina guk ez dugu geure egiten».

Sozialistek badakite Eusko Legebiltzarreko gainerako indarrek auzi honen inguruan duten jarreraren berri, baina erabakigarriagoak begitantzen zaizkie «nazioarteko erakundeek erabiltzen dituzten irizpideak nazio izaera ez duten selekzioen parte hartzeari dagokionez, aski ezaguna den talde britaniarren salbuespenarekin».

PSE-EEk dioenez, EAJrekin izenpetu duen gobernu akordioan agertzen da euskal selekzioak nazioartean bultzatzeko konpromisoa, haien ustez kirolak «Euskadiren irudi positiboa» eman dezakeelako, eta kirolariek ere horretan eta «joko garbia, jarduera osasuntsuak, berdintasuna eta antzeko balioak sustatzen» lagun dezaketelako. «Baina ofizialtasuna beste kontu bat da», zehaztu dute; «xede politiko bati erantzuten dio, eta guk horrekin ez dugu bat egiten».

Futbolari dagokionez, PSE-EEk uste du «ebatzita» gelditu dela UEFAk eta FIFAk Euskadiko Federazioaren eskaerari emandako ezezkoarekin auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.