Euskaraz ez dakiten gurasoek nola lagundu seme-alabei etxeko lanekin, horri buruzko saioak ematen aritzen da Iñaki Eizmendi (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1973), Ebete aholkularitzako kidea. Bestelakoa da egoera orain: etxeko jarduna ez da eskolaren osagarria. Eizmendik dio gurasoek argi izan behar dutela ez direla irakasleak.
Etxeko lanetan laguntzeko saioak ematen dituzue, baina orain etxea da eskolako lanen leku bakarra. Beste egoera bat...
Bai. Guk lagundu izan dugunean, ikasleek eskolan landu dutena garatzea izan da. Orain, biak batera doaz: ez da soilik errepasatzea, lanketa ere etxetik egin behar da. Aldaketa handia da. Gurasoek garbi izan behar dute ez direla irakasleak. Euskaraz jakin edo ez jakin, neurri batean lagundu ahal izango diete. Adina inportantea da: 6-7 urte badituzte, edozein arlotan lagundu ahalko diogu normalean; 14-15ekin, ez. Garbi izan behar dugu zer egin behar duten seme-alabek. Gakoa da irakasleen rola: oso garbi azaldu behar dute etxean zer egitea nahi duten.
Guraso askok euskara gaitasun mugatua dute, eta etxean erdaraz aritzen dira. Nola jokatu euskaraz ikasten duten umeekin? Euskaraz hasita, igual haurrak esango die erdaraz hitz egiteko.
Umeak laguntza behar du? Igual hobeto laguntzen zaio azalpena erdaraz emanda. Adibidez, Ingurumeneko gai bat lantzen ari bada, ez badu ulertzen eta laguntza eskatzen badigu, hobea da azalpena ondo dakigun hizkuntzan ematea. Ulertu egingo du horrela, eta gero egingo du lana. Baina batez ere gurasoen zeregina da errutinak ezartzea, ordutegiak, ikasteko lekua prestatzea... Beste kontu bat da etxeko lanetarako zehazki laguntza behar dutenean; orduan bilatu beharko genituzke estrategiak, itzultzaileak eta halakoak.
Itzultzaileak erabiltzea da, hortaz, aukera bat gurasoentzat.
Lehenik, jakin behar da irakasleak zer eskatzen duen, eta, bigarrenik, ea benetan laguntza behar duten seme-alabek —askotan, gurasook egoten gara beti gainean—. Estrategiak badaude: azalpenak gure hizkuntzan eman, itzultzaileak erabiltzea gaia zeri buruzkoa den jakiteko... Baina hainbeste kezkatu gabe ea seme-alaba dena ondo egiten ari ote den. Hori irakaslearen ardura da. Gurasoen zeregina da eroso senti dadila, errutinak har ditzala, eta, laguntza behar badu, konfiantza eduki dezala.
Etxean itxita egun ugari. Etxeko hizkuntza ohiturak aldatzeko abagunea izan daiteke?
Jokoa eman dezake. Etxeko hizkuntza ohiturak aldatzea erabaki indartsua da. Bi guraso euskaldun, elkarrekin erdaraz egiten dutenak, eta erabakitzea aurrerantzean dena euskaraz egingo dutela... erabaki indartsua da. Badira bide interesgarri batzuk. Adibidez, euskaraz neurri batean dakiten gurasoen kasuan, interesgarria izan daiteke denbora tarte batzuk bilatzea non dena euskaraz egingo duten seme-alabekin. Esaterako: egunero eskulan bat edo bizkotxo bat egin, denen gustukoa den zerbait, eta tarte horretan dena euskaraz egin seme-alabei, eta adierazi haiek ere euskaraz egitea nahi dutela. Ez da hainbeste hizkuntza ohiturak goitik behera aldatzea, baina bai tarte batzuk bilatzea euskarari leku ona emateko, seme-alabek erabil dezaten, eta ikus dezaten gurasoei ere interesatzen zaiela.
Koronabirusa. Hezkuntza. Iñaki Eizmendi. Gizarte hezitzailea
«Gurasoak ez dira irakasleak: neurri batean lagundu ahal izango diete»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu