Ezohiko mugimendua dago egunotan Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. Eraikinaren inguruan, gaztetxoak nonahi; koadernoak eskuetan, selektibitateko probak hasteko minutu gutxi falta direla oharrak azkenekoz errepasatzen. Baina badira selektibitatea egiteko itxura handirik ez daukatenak ere; gehienak emakumeak; adin askotakoak.
Ikusi gehiago:Jakintzaren prekaritateaz
Urduritasunak eta alaitasunak; biek neurri berean bustitzen dute giroa. Konplizitatea fakultateko izkina guztietara hedatzen da. Elkar agurtzen dute askok; andrazko batek besarkada estua eta musu samur bat eman dio beste bati, aspaldi ikusi gabeko norbaiti ematen zaion horietako bat. Beste batzuek, ordea, galduta dirudite; urrutitik etorri dira Donostiara, ekitaldi garrantzitsu batean parte hartzera: Europako Antropologia Feministaren I. Kongresua hartu du Donostiak.
Bildutako guztiek norabide berean egingo dute lan: ezagutza eraldatu, eta deserosotasuna bizi nahi dute. Hori da, hain zuzen, AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldeak eta Ankulegi elkarteak antolatu duten kongresuaren leloa.
Nazioartean oihartzuna izan du deialdiak. Askotariko diziplinetako hainbat aditu bilduko ditu, ekainaren 8tik 10era bitartean; zehazki, 195 ikertzaile eta adituk beren lan lerroak azalduko dituzte komunikazio laburren bidez, hiru egunean. Hala ere, antolatzaileek aukeraketa zaila egin behar izan dute: 225 adituk eskatu dute kongresuan beren lanak aurkeztu ahal izatea.
Komunikazio horiez gain, bost mahai inguru ere izango dira jardunaldietan. Horietan parte hartuko duten hizlarietatik sei dira euskal herritarrak, eta hamar, berriz, nazioartekoak: Kataluniatik hasi eta Herbehereetara, Brasil eta Mexikokoak, besteak beste.
Mari Luz Esteban EHUko irakasle eta antropologoa izan da kongresuaren antolatzaileetako bat, eta BERRIAri azaldu dio «garai egokia» zela halako kongresu bat egiteko: «Lan handia egin dugu antropologia feministan, bai Euskal Herrian, [Espainiar] estatuan eta orokorrean, baina inoiz ez gara denak horrela elkartu. Ikusten genuen bazela garaia elkarrekin agertzeko ere. Hori ere bazen beste helburu bat. Hemen gaude, eta gu antropologo feministak gara».
Hala ere, zehaztapen bat egin nahi izan du: «Esaten dugu gu antropologo feministak garela, baina hori antropologoak izateko daukagun modua da. Ez da espezialitate bat. Gu antropologoak gara, antropologiari gehitzen baitiogu berez eduki beharko lukeena».
Horrez gain, ikerketari dagokionez ere, kongresuak «kokatzeko» balio izango duelakoan daude antolatzaileak. Estebanek azaldu duenez, azken hamarkadetan asko aldatu da teoria eta ikerketa antropologikoa: «Ikusi behar genuen non gauden ikerketari dagokionez, zer gai ditugun, gako nagusiak zeintzuk diren... Diziplinartekotasuna ere landu nahi genuen, ez soilik ikuspegi antropologikoa».
Adierazi du kongresua lehen pauso bat izateko esperantza daukatela: «Hego Amerikan ohikoa da horrelakoak egitea, eta hemen ere bide hori jorratu nahi dugu».
Hala ere, kongresua gorpuztu arte egin behar izan duten bidea ez da erraza izan; duela lau urte hasi ziren ekinaldia antolatzen, eta 2020. urteko ekainean ziren egitekoak. Pandemiaren eraginez, baina, bertan behera utzi behar izan zuten. «Bertan behera gelditu zenean, argi geneukan ez genuela online egin nahi. Jendearekin egin nahi genuen, jendea topatu. Horrelako kongresu batek aukera ematen dizu dauzkazun sareak indartzeko, eta jende berria sartzeko sare horietara», esan du Estebanek.
Gauzak horrela, jardunaldiak atzeratzea erabaki zuten; antropologoak aitortu du «indarrak galtzeko» beldur ere bazirela, baina antropologia feministaren ingurukoek «gogo handia» erakutsi zutela kongresuarekin jarraitzeko: «Balio izan digu testatzeko benetan jendea oso interesatuta zegoela honelako kongresu batean».
Harrera beroa
«Hemen aukera bat zabaltzen da. Bide berri bat hasi da gaur, eta hemen du hasiera; Donostian, gure fakultatean». Horrela hasi du hitzartzea Beñat Amenabar Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoak, kongresuaren hasiera ekitaldian. Gehitu du «gizarteari ekarpen interesgarria eta beharrezkoa» egingo diola ekinaldiak.
Mari Luz Estebanek gidatu du lehenengo mahai inguru hori, eta hartan izan dira Ane Oiarbide Donostiako Udaleko Berdintasun zinegotzia, Agustin Erkiza Gipuzkoako campuseko errektoreordea eta Miren Elgarreta Gipuzkoako Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Organoaren zuzendaria ere. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria ezin izan da bertaratu, baina bideoz bidali du bere hitzaldia.
Elgarretak adierazi du «eraldatzen ari den munduari begiratzeko betaurreko aproposak» eskaintzen dituela antropologia feministak: «Zuei eta zuek bezalako pentsalariei zor diegu berdintasunaren alde egin dugun ibilbidea». Esan duenez, arlo horrek ekarpena egiten die politika publikoei, eta azken horiek «errealitatea aldatzeko tresna» dira.
Landaidak ere antropologia feministaren beharra azpimarratu du, eta adierazi du berdintasunaren bidean azken hamarkadetan izan diren «aldaketak» ulertzeko ezinbestekoa dela arlo horretatik abiatuta analisiak egitea. Erkiziak, bestalde, unibertsitateak «berdintasunean kontzientziatzeko» daukan erantzukizuna azpimarratu nahi izan du.
Maialen Akizu eta Maider Agirre bertsolariek eman diote bukaera ekitaldiari: «Ederra dator eta / egin dagiogun txalo /geure buruari». Txalo zaparrada batek hartu du orduan fakultateko areto nagusia.
Antropologia Feminista Kongresua
Ezagutzak batuz, eraldatzeko
Nazioarteko Antropologia Feministaren Kongresua hasi dute Donostian. 195 ikertzailek eta adituk beren lanak aurkeztu eta eztabaidatuko dituzte bihar artean. Bost mahai inguru izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu