Rakel Mateo. Triatleta

«Istripua izan ez banu, ez nuke izango horren bizitza zoriontsua»

Mateo borrokalari hutsa da. Gaztetan, anorexia izan zuen, eta, osatu eta gutxira, lan istripu batek kalte larriak eragin zizkion ezker hankan. Txirrindularitzan hasi zen, eta triatloira katigatuta geratu zen. Rioko Jokoetan aritu ondoren, Tokiokoetan egon nahi du. Ez daki noiz egingo diren, baina ez ditu galdu nahi.

Z / BERRIA.
Julen Etxeberria.
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Rakel Mateok (Mungia, Bizkaia, 1975) aspaldi barneratu zuen koronabirusak eragindako egoera. «Inork ez du nahi egoera honetan egon, baina ez du ezertarako balio buruari bueltak eta bueltak ematea ezin zarelako entrenatu, ezin zarelako kalera atera. Egoera onartu behar da, eta kito».

Nola ari zara moldatzen entrenatzeko?

Hala moduz. Ezin dut igeri egin, ezta korri ere, makulu batekin egiten dudanez, ez naizelako kabitzen zinta arrunt batean. Triatloiaren hiru diziplinetako bakarrean entrena naiteke, txirrindularitzan, baina arrabolan. Lan fisikoa, ordea, egin dezaket: pilotak ditut, bosu bat, gomak, pisuak... Dudanarekin moldatu behar dut.

Oraintxe hasia zinen lehiatzen.

Apropos ekin nion goiz denboraldiari, emaitzen arabera, proba gehiagotan edo gutxiagotan parte hartzeko. Otsailaren 29an, Australian aritu nintzen, eta, ondoren, Abu Dhabin lehiatzekoa nintzen. Baina Australian ginela esan ziguten Abu Dhabiko hotel batean koronabirus kasu bat azaldu zela. Hain zuzen, triatleta asko hotel horretara joatekoak ziren. Hala, triatloia bukatu eta gutxira esan ziguten Abu Dhabiko proba bertan behera geratu zela. Hori jakinda, etxera itzuli nintzen.

Nola geratu da denboraldia?

Maiatzaren 2an zen jokatzekoa Munduko Txapelketa, Milanen [Italia], eta Montlealera aldatu dute; ekainaren 24an jokatuko da. Proba horretako eta iaz Valentzian [Herrialde Katalanak] jokatutako Europako Txapelketako emaitzak hartuko dituzte kontuan Jokoetarako sailkatzeko.

Egingo dira Jokoak?

Asteburura arte nik neure burua Tokion ikusten nuen, abuztuaren 29an, triatloiaren egunean. Baina azken albisteen arabera [hainbat herrialdek esan dute ez dituztela kirolariak bidaliko Jokoak aurten eginez gero, eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeak lau aste barru erabakiko du zer egin], oso-oso zaila dirudi data horretan Tokion lehia egotea. Ea zer erabakitzen duten.

Zerbait erabaki artean, zuk han aritzeko borrokatzen jarraitu behar duzu. Eskura ikusten duzu?

Bai, eta ondo bidean, sailkatu egingo naiz. Munduko sailkapeneko lehen bederatziak sailkatuko dira, eta hamargarrenak gonbita jasoko du. Ni zazpigarrena naiz, baina oso zaila da atzeko bik aurrea hartzea. Gustatuko litzaidake lehen bederatzien artean egotea; nire merituengatik sailkatu nahi dut, ez gonbidapen bat jasota.

Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoetan aritu zinen lehen aldiz, eta askotan esan duzu «izugarria» izan zela. Kosta ahala kosta egon nahi duzu Tokiokoetan?

Ezinbestean egon nahi dut. Ikaragarria izan zen Riokoa, eta berriro bizi nahi dut hori. Gainera, lau urte daramatzat gogor lanean, eta faena handia litzateke Olinpiar Jokoak ez egitea. Ni egunero altxatzen naiz ohetik Tokion pentsatzen. Jokoen maskota ere jarri dut bizikletaren eskulekuan. Kosta ahala kosta egon nahi dut han, eta horretarako ari naiz borrokan.

DNAn duzu borrokalaria izatea.

Inoiz ez dut damutu nahi izan saiatu ez izanaz. Zoritxarrez, harritzar asko izan ditut bidean, baina inoiz ez dut amore eman. Gauza txar guztiei saiatu naiz alde ona bilatzen.

Anorexia sufritu zenuen gaztetan. Nola bizi zenuen?

12 urtetatik 24ra sufritu nuen anorexia. Infernu bat izan zen, bai niretzat, baita ingurukoentzat ere. Duela gutxi arte ez nintzen ausartzen gaiaz hitz egitera, baina konturatu nintzen egoera horretan zeudenek edo egoera hori pasatu zutenek eskertu egiten zutela nik gaiaz hitz egitea.

Osatu eta bi urtera, lan istripu larria izan zenuen. Nola gogoratzen duzu?

2001ean izan zen. Supermerkatu batean egiten nuen lan, eta ehun kiloko zama bat erori zitzaidan ezker hankaren gainean. Hasieran, medikuek esan zidaten ez zela ezer larria: bihurritu bat belaunean, beste bat orkatilan, eta kito. Lanera itzuli nintzen, baina lesioek okerrera egin zuten. Orduan hasi zen gurutze bidea: medikuak, abokatuak, epaiketak... Niri ez zait gustatzen jendearekin borroka egitea, baina nire ustez justua zena defendatu nahi nuen. Nire buruko osasun egoera zalantzan jarri zuten. Anorexia eduki nuela aprobetxatu nahi izan zuten kalte-ordainik ez emateko. Esan nien baietz, anorexia sufritu nuela, eta infernu baten parekoa izan zela, baina jada osatu nintzela, ondo nengoela, eta ez zutela inolako eskubiderik hori zalantzan jartzeko. Behin eta berriro esaten nien hanka nuela gaizki, ez burua. Horren gogorra izan zen egoera, nire medikuak ohartarazi zidan aukera asko nituela berriro gaixotzeko. Baina ez nengoen prest berriro infernu horretatik igarotzeko. Garai oso zaila izan zen, eta gauza askori egin behar izan nien aurre. Baina lortu nuen. Oso harro nago neure buruaz. Borrokatu egin nuen, eta irabazi egin nuen: elbarritasun bat lortu nuen lan istripuagatik.

Eta egun batean, anaiaren bizikleta hartzea okurritu zitzaizun. Nolatan?

2010ean izan zen, istripua izan eta bederatzi urtera. Oinez oso mantso ibiltzen nintzenez, autoz joaten nintzen ia toki guztietara; automatikoa eta egokitua zen. Egun batean anaiaren bizikleta ikusi nuen, eta pentsatu nuen ea zer izango zen berriro bizikletan ibiltzea. Baina, horretarako, bizikleta egokitu behar izan nuen: zuzen dut ezker hanka, ezin dut belauna tolestu, eta, beraz, ezin diot ezker pedalari eragin; hots, eskuin hankarekin bakarrik ahal diot eragin pedalari. Hamaika moldaketa trakets egin genizkion, baina azkenean, lortu genuen bizikleta nire beharretara egokitzea.

Urtebetera jada lehiatzen zinen. Zerk bultzatu zintuen horretara?

Mungiatik kanpo ibiltzen hasi nintzen. Izugarri gozatzen nuen, baina beldur nintzen ea istripuren bat izango nuen, edo istripuren bat eragin. Horregatik, berme gisa, lizentzia ateratzea erabaki nuen. Saiatu fundaziora joan nintzen, eta han izan nuen lehen aldiz txirrindularitza egokituaren berri. Ez nion kasu gehiegirik egin, nahikoa nuen nire bizikleta xumearekin. Pedalierraren ardatza okertua nuen, eta une oro balazta emanda nuen! Baina egun batean Saiatutik deitu ninduten Madrilen txapelketa batean aritzeko. Sekulako matraka eman zidan Amador Granadosek [txirrindularitza egokituko ziklista da], eta nik makina bat aldiz esan nion ezetz, ez nintzela batere ibitzen, eta ez gastatzeko diru hori alferrik. Ez dakit nola, baina konbentzitu egin ninduen.

Inoiz ez dut damutu nahi izan saiatu ez izanaz. Horixe da zure leloa. Horregatik erabaki zenuen triatloi bat egitea?

2013ko uda zen, txirrindularitza sasoia bukatu berritan. Triatloi bat egiteko erronka jarri nion neure buruari, baina ez nekien ez igeri egiten, ezta korri egiten ere. Bost axola horrek. Zumaiako [Gipuzkoa] triatloiko antolatzaileei deitu nien, eta nire egoera azaldu nien. Oso ondo portatu ziren, eta erraztasun guztiak eman zizkidaten. Behin baiezkoa izanda, uda osoa pasatu nuen entrenatzen: makina bat aldiz egin nuen Gorliztik Plentziarako [Bizkaia] joan-etorria igerian; korrika saioak, berriz, Mungiako bidegorrian egin nituen. Eta horrela iritsi zen eguna. Hasi eta berehala, bakarrik ikusi nuen neure burua, eta pentsatu nuen jada atze-atzean geratu nintzela. Baina gero konturatu nintzen aurretik hemezortzi emakume zeudela, baina atzetik beste horrenbeste zeudela. Bizikletan guztiek pasatu ninduten, baina korrika hastean neure buruari esan nion jada ez nindutela probatik botako, eta amaitu egingo nuela. Halaxe izan zen. Sekulako sentipena izan nuen helmugan. Triatloi bat egiteko gai nintzen. Beste erronka bat bete nuen. Horrek animatu egin ninduen, eta ziklismoa utzi, eta triatloian hasi nintzen buru-belarri. Apustua egin nuen, eta irabazi, txirrindularitzan baino emaitza hobeak lortu baititut triatloian.

PT2 mailan aritzen zara, hanketan elbarritasunen bat edo protesiren bat dutenekin, baina zu zara makulu batekin korri egiten duen bakarra. Hori da zailtasunik handiena, ezta?

Bai. Inork ez du makulu batekin korri egiten; beraz, inork ezin dizu ezer irakatsi. Saltoka egiten dut korri, eta, jauzi egiteko eraren arabera, bi erritmo ezberdin ditut: motela eta azkarra. Bizi noanean, bost minutuko egin dezaket kilometro bat, baina jauzi egiteko era horrek akitu egiten nau.

Nola moldatzen zara saio batetik besterako pasatzeko?

Saio batetik bestera pasatzea da zailena, makuluak, neoprenoa, hankako protesia eta oineko moldaketa eraman behar ditudalako. Horrek goian eusten dizkit behatzak, arrastaka ez eramateko. Gauza horiek guztiak geldirik jarri behar ditut, edo hanka onaren gainean saltoka; beraz, denbora asko galtzen dut. Ez da aitzakia, egia hutsa da. Igerian, ezin dut hanka bat mugitu; bizikletan, oin batekin bakarrik ahal diot eragin pedalari; eta korrika, makulu batekin egiten dut. Baina aspaldi barneratu nuen. Irteeran beti pentsatzen dut denak berdinak garela.

Pentsatu al duzu inoiz hanka moztea eta protesi bat jartzea?

Bai, baina ez lehiatzeko, eguneroko bizitzarako baizik. Oso argi dut: lehenbizi, pertsona naiz, eta, gero, kirolaria.

Ez zara kirolari profesionala.

Ez, eta nahiko nuke, egun osoan kirolaria banintz, ziur emaitza hobeak lortuko nituelako. Baina asko diot eskertzeko Lantegi Batuak-i; haiengatik ez balitz, ez nintzelako hona iritsiko. Malgutasun handia dut orduak sartzeko, eta nire kasa antola naiteke. Horregatik, oso goiz sartzen naiz lanera, 05:30ean, goizean lan egin eta arratsaldea libre izateko, entrenatzeko eta beste kontuak egiteko. Nire gastuak ordaintzeko egiten dut lan: hipoteka, argia, janaria... Babesleek ere diruz laguntzen didate, baina hori kirol arlora bideratzen dut osorik. Basque Teamek beka bat ematen dit, baina urte amaieran ematen dit, eta nikordurako diru asko jarria dut nire poltsikotik. Ondo legoke aurretik ematea. Mungiako Udalak ere lagundu egiten nau, eta asko diot eskertzeko, ezer gutxi egin nuenean hasi baitzen nire alde egiten. Hastapenetan, askok lagundu zidaten. Hemendik eta handik tiraka egiten dut aurrera. Beste lan bat da babesleak bilatzea, baina anaiak laguntzen dit. Dena zor diot. Akituta amaitzen dut eguna, baina oso zoriontsua naiz.

Bitxia da. Ezbehar larri batek kirolera eraman zintuen, eta horrek zoriontsu egin zaitu.

Istripua izan ez banu, ez nuke horren bizitza zoriontsua izango. Nahiz eta hankak lanak eman, oso gustura nabil, erronkaz erronka. Niregatik egiten dut, baina baita nigan konfiantza duten guztiengatik ere.

Bizitza hobea eman dizu kirolak?

Bai, asko sufritu bainuen gaztetan, eta istripua izan eta gero. Bitxia da, baina ez naiz gogoratzen bi hanka osasuntsu eduki izanaz. Oraindik, bizikletan nagoenean, buruak esaten dit bi hankekin ari naizela pedalei eragiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.