Tere Maldonado.

Desirak plazara... eta merkatura

2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Sexualitatearen historia azterlanaren lehen liburukian, desira gure izatearen epizentro gisa kokatu dela dio Foucaultek, batez ere psikoanalisiaren eraginez. Desirak ez dira sexu-izaerakoak soilik, baina bai neurri handi batean (egia esan, psikoanalisiarentzat desira guztiak funtsean sexualak dira, honelakoak badira ere zeharkako bide bihurrietatik). Jakina, balio judeo-kristauetan oinarritutako gizarteak desira erreprimitu egin du. Bekatuaren egoitza nagusitzat jo zuten kristautasun garailearen aitek (beste kristautasunak egon ziren, historiaren bazterretan galdu zirenak, horietako batzuek desira eta gorputza preziatu zituzten zeruen dohain gisa, M. Onfrayk Kristautasun hedonista titulupean aztertu ditu bere Filosofiaren kontrahistoria-n).

Gutxienez duela mende bat, beraz, uste dugu erreprimitutako desirek benetan garena gordetzen dutela, altxor ezkutu bat bezala. Horrela pentsatzearen ondorio bat desirak askatu behar izatea da, benetan garen hori izan ahal izateko (zer esanik ez, benetakotasuna garaiko beste aginduetako bat da). Garena estalita dago eta hura atera behar dugu errepresioaren bidea desegiten. Horretarako gure desirak ezagutu, aztertu, arakatu, onartu, baieztatu, elikatu, jazarri eta bete behar ditugu, etengabe, ahalik eta lehenen, beharrezkoa den beste. Desiraren gainera jaurti dugun guztia (hain zuzen ere desira estaltzeko, ezabatzeko, hezteko, makillatzeko, mugatzeko asmoz) txarra da geure baitatik urruntzen baikaitu, gure benetako ni-a ez den zerbait bihurtzen gaitu, azpiratzen gaitu eta autoerrealizaziorako aukera oro kentzen digu. Desira betetzean zoriontasunaren promesa jadetsiko dugu. Aske izango gara baldin eta desira betetzen badugu. Desira betetzeko ausartak izan behar dugu (izan gaitezen ausartak). Desira onartuz gu-geu gara. Esan ziguten desira iluna, uherra eta zikina zela. Eta ez: argi berria da, bide esperantzagarria. Desira askatzea geure burua askatzea da. Eta hara hor askatu ziren desirak, mozorrorik eta disimulurik gabe, erdizka ibili gabe, nola eta zergatik gabe, baimenik eskatu gabe. Gora desirak. Emaiozu baimena zeure buruari edozertarako, dena merezi duzu. Queen taldeak «dena nahi dut, eta orain nahi dut» aldarriari musika ipini zion, eta guztiok aho batez kantatu genuen, geure ereserkia bailitzan.

68ko Maiatzak puntu gorenetako eta erabakigarria suposatu zuen desioaren aldarrikapenean. Errealitatearen printzipioak utzi zion desirari eusteko dike bat izateari: izan gaitezen errealistak, eska dezagun ezinezkoa. Hau da, errealitatea birdefinitu zen, irudimena eta desira bere baitan hartuz. Pariseko, Mexikoko eta beste lekuetako kaleak sutan zeuden bitartean, Espainiak Eliza katolikoaren uztarpean jarraitzen zuen. Ezkutatzen ez ziren lesbianak, gayak eta transak, kartzeletan; gizon heteroentzat, moral bikoitza: kutsatu gabeko emazte santua, alde batetik, eta maitaleak edo prostitutak, bestetik, disimuluan, nahiz eta mundu guztia jakitun zegoen (garaiko abestiek erakusten duten bezala, Mocedades talde bilbotarrak perla horietako batzuk baditu).

Esperokoa zen zapaldutako desira guztiak, plazatik kanpora bultzaturikoak, plazara itzuli nahi izatea. Bidezkoa zen. Gertatzen dena zera da, arduragabe geundenean, desioak ospatzen plazan, merkatua (hau da, kapitalismoa) arrakala guztietatik sartu zitzaigun, ohi bezala, hezurretaraino, arimaren azken bazterretaraino. Yoga eta chikung klaseetara goaz, baina berandu samar izan daiteke Ekialdetik datozen jakintza batzuk ganoraz eskuratzeko. Izan ere, desirak ez gaitu nahitaez aske bihurtzen, esklabo bihurtu ahal gaitu ere. Agian ez da libre bere desira guztiak betetzen dituena, desirarik ez duena baizik. Akaso borondatea nire nia-ren parte da, desira bezainbeste (edo gehiago!). Beharbada, askatzea desiretatik askatzea da. Baliteke gurariaren menpeko bizitzeak askatasun gabe bizitzea esan nahi izatea. Batek daki ea libre izateko borondate indartsua eraiki behar ez ote dugun, desirak kontrolpean mantentzeko gauza dena. Berandu samar izan daiteke, diot, hau guztia kontsideratzeko, kapitalismoak dena kutsatu baitu dagoeneko.

Norbaitek esan omen zuen Mendebaldeko zibilizazioa eta, horrekin batera, Ilustrazioaren filosofia, gehiegi zentratu zela arrazoian, logos delakoan (hara hor logozentrismoaren bekatu barkatu ezina, vade retro Satanas!), eta sentimenduak gehiegi baztertu zituela. Berehala, emozioek, afektuek eta desirek arrazoitzeko gaitasunaren gainetik lehentasuna izan behar dutela dioen ipuina irentsi genuen. Eta hor gaude, hezkuntza emozionala bezalako ergelkeriekin. Baina gertatzen da sentipenak eta emozioak arrazoia baino askoz errazago manipulatzen direla.

Aurrerantzean, kapitalak ez zuen desira gidatu beharrik izan, aski izan zuen hura sortzearekin. Publizitatea har dezagun gogoan. «Nahi duzun beste desiratu eta zeure burua desiragarri bihurtu», horixe bere lelo nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.