Hauteskunde urtea. Promesak eta esamesak. Aldaketa formalak eta informalak. Azala eta mamia. Mamia eta azala. EAJri «gorbata gutxiago eta kamiseta gehiago» behar direla esan diote Entzunez eraiki prozesuan parte hartu duten milaka —2.000, Ortuzarren esanetan— alderdikide, aditu eta herritarrek. Horren adierazle, akaso, izango al dira Iñigo Urkullu lehendakariak abuztuaren amaieran erakutsi zuen look berria —bizar mehe zuriska hura— edota urte amaierako agur instituzionalean opa zigun ile-tindaketa?
Estilistak alderdi guztietan daude. Baita EH Bildun ere. Horrela aitortu zuen Arnaldo Otegik berak Radio Euskadin abenduaren 22an egin zioten elkarrizketan. Inor ez da harritu behar horregatik, profesional horien lana garrantzitsua baita. Denok gara gure irudiaren jabe. Baita gatibu ere. Noiz moztu zuen Pablo Iglesiasek bere motots ikonikoa? Gobernua utzi zuenean. Ongi asko zekien exekutiboan zegoen bitartean horrelako look aldaketak piztuko zituzkeen irakurketak askoz maltzurragoak izango ziratekeela.
Irudiaz gabiltzala, hona aipatu txostenetik isuritako beste harribitxi gordina (adituen aburuetatik eratorria): «Alderdiak irudi zaharra transmititzen du, zaharkitua, modaz pasatua. Izan ere, EAJ-PNV adineko gizon batengan pertsonifikatzen da. Ia ez da ezagutzen alderdiko buruzagi gazterik. Ez dira karisma bereziko EAJ-PNVko figurak identifikatzen, bereziki gazteentzat. Ez da oso plurala edo anitza. Euskal burgesiaren eta eskuinekoaren alderdia da, klase baxuetatik urrun dagoena. EAJ-PNVk gardentasunik eza transmititzen du eta zirkulu itxi gisa identifikatzen da. Ia ez da ezagutzen EAJ-PNVren aldeko jarrera argia duen kulturako erreferenterik. Aurreko klixe guztiengatik, adierazten da gaur egun gazte bati zail egiten zaiola publikoki aitortzea EAJ-PNVri emango diola botoa». Txalogarria da EAJk egin duen strip-tease ariketa hau. Ea beste alderdiek ere antzeko zerbait egiten duten.
Ez da samurragoa beste aitortza hau: «Zailtasunak ikusten dira EAJ-PNVren mezua herritarren zati bati helarazteko orduan, alderdi kontserbadoretzat hartzen gaituztelako eta gugan ez dituztelako antzematen ez alderdi modernoaren izaera ezta esparru sozialarekiko konpromisoa ere». Bai, dokumentuak badu bere mamia. Eta garrantzia. Izan ere, kontuan hartu behar da —eta benetan harrigarria da hau— EAJk ez duela ponentzia politikorik. Horrela erabaki zuen 2021eko azaroan egindako Batzar Nagusian. Arrazoia? Hurrengo urtean, 2022an alegia, abiatu behar zutela Entzunez eraiki prozesua. Bertatik eratorritako ondorioek zedarrituko omen dituzte etorkizuneko ildo nagusiak. Eta hori da abenduaren 19an plazaratu zen txostena. Geroak esango du zenbateraino betetzen diren bertan azaldutako asmo ederreko ideiak eta proposatutako aldaketak.
Dokumentuan behin eta berriz aipatzen da autokritikaren garrantzia, baita adiskidekerietatik aldentzeko beharra ere. Adituen esanetan, EAJ ez da zuzenean ustelkeriarekin lotzen, «baina halako adiskidekeria ikusten da kudeaketa publikoan hainbeste urte eman ondoren». Suabe bada ere klientelismo politikoa praktikatzen dela aitortzen da txostenean, adituen esana-ren etiketapean mozorrotzen bada ere. Kaleko esana txostenean emana. Izan ere, nork ez du klientelismo jeltzalearen kasuren bat edo beste ezagutzen, han eta hemen, herriko nahiz hiriko administrazioan? Berriena da hain modu esplizituan EAJk berak publikoki aitortzea.
Komunikazio-arazoak. Hau beste klasiko bat da alderdi guztien barne analisietan. Helburuak betetzen ez badira, arazoa ez da alderdiak gauzak gaizki egin dituelako, baizik komunikazio-arazoak daudelako. Entzunez eraiki txostenak honela dio hitzez hitz: «Komunikazio-arazo bat identifikatzen da EAJ-PNVren baitan: ez du egiten duena transmititzen, edo ez da iristen». ETBren albistegiak nahieran mugatzen, zedarritzen eta gidatzen dituen alderdiak benetan uste al du egiten duena ez duela transmititzen?
Isilean gordeak
Esaten dena bezain garrantzitsua da isilean gordetzen dena. Batzuetan, sorgarriagoa. Esaterako, txosten osoan «Euskal Herria» bost aldiz azaltzen da. «Euskadi», berriz, 96. Kapitalismo kontzeptua, behin bakarrik aipatzen da. Independentzia: 0 aldiz. Estatutu berria: 0 aldiz. Presoak: 0 aldiz. Balirukide euskal gatazkaren ondorioak gaindituta daudela edota estatu independente batean bizi garela. Atzo Bilbon manifestatu ziren hamarnaka milaka herritarrak beste planeta batean biziko dira akaso.
Txostenean euskal arimari eta euskarari egiten zaizkien apelazio erretorikoez haratago, dokumentuak argi uzten du bere lehentasunak Euskal Autonomia Erkidegoan daudela paratuta eta ez Euskal Herrian. Lurraldeka egiten den irakurketa ere sintomatikoa da. Adituen esanetan, «Gipuzkoan konpromiso handiagoa eta aktiboagoa ikusten zaio [alderdiari] arlo sozialean». Alderdikideak ere bat datoz aburu horrekin: «Bizkaian instituzionalago ikusten dugu gure burua, sozialago Gipuzkoan». Etorkizuneko hamar konpromisoen atalean, Nafarroa eta Iparraldeari paragrafo berezia eskaini zaie. Araba ez da existitzen. Ez zazpigarren alabarik, ezta enegarren aldabarik ere. Bi aipu ditu Arabak, guztiz zirkunstantzialak. Besterik ez. Ez dago gogoetarik, ezta erreferentziarik ere. Elkarrizketatu dituzten milaka aditu eta alderdikideen artean ez zegoen arabarrik? Estrategikotzat jotzen den dokumentu honetan, Arabak ez al du esaldi xume bat bera ere merezi? Gasteizko alkatetza eta Arabako Diputazioa gobernatzen dituen alderdia ez da gai lurralde honen inguruan analisi edota gogoetarik egiteko?
Euskal gizartearentzat EAJ burgesiaren adierazle den alderdi kontserbadore, maskulino eta zaharkitua izango da, baina gobernatzen jarraitzen du. Zerbait ongi egingo zuen. Edo besteek gaizki. Konfort egoera erosoan dago. Aparatu komunikatibo nagusiak kontrolatzen ditu. Hala ere, ez daude konforme. Uste dute egiten dutena «ez dela iristen». Aitortzen dute baby boomer larregi dagoela Ajuria Enean eta Sabin Etxean. Baina... gazteak ez zaizkie hurbiltzen. Nago ez dela soilik EAJren arazoa. Hori dena aldatu nahi dute. Lifting prozesua abiatu dute. Larruazala gaztetzeko prozesu bat. Azalak mamia behar du, baina. Eta lilura. Gorbatarekin edo kamisetarekin.
EAJren 'baby boomer'ak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu