Jabe handien lokalen alokairua merkatu egingo du Espainiak

Hamar merkataritza edo ostalaritza lokal baino gehiago dituzten jabeen maizterrek eskatu ahal izango dute negozioen errenta erdira jaistea. Ministroen Kontseiluak gaur onartuko du lege berria

Galiziatik Madrilera oinez joaniko ostalariak eta azken egunean batu zitzaizkien euskal herritarrak. CHEMA MOYA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Ostalari eta dendariek hilabeteak daramatzate esanez euren bideragarritasun ekonomikoa kolokan jartzen duen arazo handienetako bat lokalek dituzten errenta handiak direla, eta, fakturazioaren jaitsierarekin, horien zama are astunagoa dela. Horri erantzunez, Espainiako Gobernuak erabaki du orain arteko laguntza eta babesen eredua aldatzea, eta alokairuetan esku hartze zuzena egitea onartuko du gaurko ministroen kontseiluan. Ez du alokairu kontratu guztietan egingo, baina bai behintzat jabe handien lokaletan daude negozioen errentetan. Izan ere, jabe batek hamar ostalaritza edo merkataritza lokal baino gehiago baditu, haren maizterrek %50 merkatzea exijitu ahalko dute alokairuan alerta egoerak irauten duen bitartean.

Espainiako Gobernuak jabe handien figura juridikoa definitu du. Azaldu bezala, hamar lokal edo gehiago dituzten pertsona edo enpresak dira. Askotan etxebizitza agentzia edo funtsak izaten dira, hiri eta merkatalgune handietan batez ere. Lege honekin, Espainiako Gobernuak arnasa eman nahi die maizterrei, eta, aldi berean, alokairuaren zenbatekoa negoziatu izan nahi ez duten jabeak zigortuko ditu. Izan ere, aurretik bi aldeen arteko akordioren bat egon bada, alokairuaren zenbatekoa jaitsi edo aldi baterako bertan behera uzteko, maizterrak ezingo du baliatu murrizketa eskubidea.

Maizterrek 2021eko urtarrilaren 31ra arte eskatu ahalko dute beherapena. Onartuko baliete, murrizketa hori alarma egoerak izan ditzakeen balizko luzapen guztietatik haratago zabalduko da; behin bukatuta, beste lau hilabetez mantendu ahalko duelako errenta baxuagoa. Hori ez da izango gaur onartuko duten neurri bakarra, lege berriak ere kontuan izango baititu hamar lokal baino gutxiago dituzten jabeak. Kasu horretan, abantaila fiskalak jasoko dituzte alokairuen prezioa jaistea onartzen badute.

Hego Euskal Herrian ere sartuko da indarrean beherapen eskubide hau. Baina Javier Hurtado Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren iritziz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ez du eragin handirik izango: «Gurean jabe handi gutxi ditugulako. Gehienek lokal gutxi dituzte». Beherapen horiek uztartu ahal izango dira aldi baterako erregulazioetarako baldintzen malgutzeekin, edota udal, probintzia edo erkidego mailako beste laguntzekin. Horren harira, Hurtadok azaldu du sailak dagoeneko tramitatu dituela Jaurlaritzak abendu hasieran ostalaritzarentzako onarturiko laguntzen eskaeren %20.

Azaroan, eta pandemian bigarrenez, Jaurlaritzak ixtera behartu zituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako taberna eta jatetxeak. Kalteak leuntzeko asmoz, 30 milioi euroko funts bat onartu zuen, eta 9.800 laguntza eskaera jaso zituen. Dagoeneko 2.000 inguru aztertu dituzte, eta negozioek egun gutxitan jasoko dute laguntza proposamena. Onartzen badute, «berehala» jasoko dute 7.000 eurora arteko diru laguntza. Zenbatekoa langile kopuruaren araberakoa da. Hurtadok gogoratu du sailaren «konpromisoa» laguntza guztiak abenduaren 31 baino lehenago ematea dela, eta tramitatzeke dauden eskaerei «bizkor» erantzutea espero du.

Auto manifestazioa

Ostalariak haserre daude, eta euren ezinegona kaleetara gehien zabaltzen ari den sektoreetako bat da. Hurtadok esan du ez duela «presio» berririk sumatzen horregatik, eta erakundeen obligazioa dela krisiaren eragina ahalik eta gehien murriztea. Alde horretatik, Gipuzkoako ostalariak izan ziren atzo kalera irten zirenak. Kalera bainoago, errepideetara, auto manifestazio ikusgarri bat egin baitzuten N-1 errepidean. Goizeko 08:00etan hainbat kilometro egin zituzten, astiro eta auto ilara luzeak sortzen. Nabarmenenak Beasain eta Lasarte arteko tartean egon ziren.

Madrilen ere egin zuten protesta ostalariek. Zazpi ostalarik Pontevedratik (Galizia) Madrilerainoko bidea oinez egin zuten sektorearentzako «erreskate plan» baten eskean. Galiziako ostalariek sustaturiko protesta izan arren, Euskal Herritik joaniko hainbat gehitu zitzaizkien azken kilometroetan. Euskal ordezkarietako gehienak Ermutik (Bizkaia) abiatu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.