MINERALEN BILA, OZEANORA

Itsas hondoko meatzaritzari ekin nahi diote sektoreko zenbait konpainiak. ISAk bi urte izan ditu ozeanoaren zoruko mineralen ustiaketa arautzeko, baina epea aste honetan amaituko da, eta oraindik ez du neurririk iragarri.

Mexikoko Cayo Arcas itsas hondoko koralak. LUIS JAVIER SANDOVAL / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Gas kutsagarrien isuriek eragindako berotze globala tarteko, erregai fosilak baztertu, eta energia berdearen alde egin nahi dute energiaren sektoreko industria handiek. Helburua zera da: deskarbonizazioa lehen lerroan jarri, eta 2030erako karbono isuriak %55 murriztea. Baina energia berdea ekoizteko ere, esku hartu beharko dute Lurrak dituen baliabideetan. Kobaltoa, manganesoa, nikela eta beste zenbait mineral eta metal funtsezkoak dira auto elektrikoen bateriak eta haize errotak ekoizteko. Orain arte, meatzaritzaren industriak leizeetatik eta arroketatik ustiatu ditu mineral horiek, baina, orain, ozeanoko zorura jo dute horien bila.

Azken urteotan egindako ikerketei esker izan dute baliabide horien berri. Ozeanoaren zoruan daude, tonaka. ISA Nazioarteko Itsasoen Agintaritzak eman du mineral horien ustiaketa ikertzeko argi berdea, erakunde horrek baitu mundu osoko ozeanoaren %40aren ardura. Urte hauetan guztietan, 31 baimen eman ditu guztira, baina, oraingoz, ez da ustiaketa jarduerarik martxan jarri.

Ikusi gehiago:«Itsaspeko mineralak ustiatu behar dira energia berdea hauspotzeko»

Bada, gaur bi urte beste urrats bat egin zuen Nauruko Errepublikak; itsas hondoko mineralak helburu komertzialekin ustiatzeko asmoa iragarri zuen. Offshore Resources enpresaren izenean egin zuen eskaera, hots, Kanadan sortutako The Metals Company enpresaren filiala, eta itsas meatzaritzaren bultzatzailerik handienetako bat. Mikronesiako lurraldeak itsas hondoko meatzaritzaren industria arautzeko bi urteko epea eman zion ISAri. Baina epe hori aste honetan amaituko da, eta erakundeak ez du oraindik araudirik iragarri.

Panorama lausoa den arren, meatzaritza konpainiek badute nondik hasi. Zenbait iturriren arabera, begiz joa dute Clippertonen haustura eremua: Ozeano Barean dago, Mexikoren eta Hawaiien artean, 4.000 eta 6.000 metro arteko sakoneran. Han eta nazioarteko zenbait ur eremutan barra-barra aurkitu daitezke energia berriztagarrietarako eta automobilgintza elektrikorako funtsezkoak diren baliabideak.

Baina, nola iritsi ur azaletik milaka kilometrora dagoen eremu ilunera? Bada, makina erraldoi batekin. Makina horrek ozeanoaren zorua zapalduko du, eta hor dauden mineralen noduluak xurgatuko ditu. Ondoren, ur azalean egongo diren ontzietara bidaliko dituzte, oliobideen bitartez.

Iritzi kontrajarriak

Itsaso hondoko meatzaritzaren aldekoen arabera, industriak energia berdea hauspotuko du, eta, gainera, karbono isuriak murrizteko bidea azkartuko du. Halaber, landako meatzaritzak baino galera «gutxiago» eragingo ditu ustiatutako eremuetako biodibertsitatean. Pulitzer Centrek egindako ikerketa baten arabera, Clippertonen haustura eremuan ustiatutako nikel tona bakoitzeko 13 kilogramo biomasa suntsituko lituzkete; Sulawesin (Indonesia) ustiatutako nikel tona bakoitzeko, berriz, 450 kilogramo.

Ikusi gehiago:«Itsaspeko mineralak ustiatu behar dira energia berdea hauspotzeko»

Halere, hainbat GKE gobernuz kanpoko erakundek eta zientzialarik ohartarazi dutenez, ondorio «kaltegarriak» eta «atzeraezinak» izango ditu ozeanoaren zoruko mineralen ustiaketak. Izan ere, bizitzak «beste erritmo bat» du hor behean. Current Biology aldizkariak egindako ikerketa baten arabera, milaka urte beharko dira mineralen ustiaketak suntsitutako biodibertsitatea berreskuratzeko. Horrez gain, mineralen ustiaketa prozesuak eragindako soinuak eta argiak zuzenean eragingo die zenbait izaki biziduni, hala nola atunei eta marrazoei.

Arrisku horiei erreparatuta, ISAk araudi «sendo bat» ezarri, eta konpainiek zenbait irizpide betetzen dituztela ziurtatu arte, ustiaketa jarduerak eteteko luzamendu bat proposatu zuten herrialde batzuek, 2021eko irailean, Marseilan egindako Munduaren Kontserbazioaren aldeko Kongresuan. 2022an, NBE Nazio Batuen Erakundeak Portugalen antolatutako Ozeanoen inguruko Konferentzian, horixe eskatu zuten berriro Samoak, Frantziak eta Txilek, besteak beste. Halere, berandu baino lehen, irudi du ustiaketei ekin diezaieketela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.