Koronabirusa. Neurri ekonomikoak

Aldundiek zergak atzeratu eta itzulketak aurreratuko dituzte, autonomoei begira

Arabak eta Bizkaiak PFEZaren likidazioak etengo dizkiete autonomoei eta enpresa txikiei. Gipuzkoak ZKOren ostean iragarriko ditu neurriak

Bilboko Autonomia kalea hutsik, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irune Lasa.
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Neurri bereziak garai berezietarako. Arabako eta Bizkaiko aldundiek urratsa egin dute koronabirusak ekonomian eragingo duen kaltea samurtzeko ahaleginean; Gipuzkoak ere, ziurrenez, berehala hartuko du bide hori, Zergen Koordinaziorako Organoa bildu ostean. Aldundiek zergapekoei ordainketak geroratzeko moduak eskainiko dizkiete, eta, aldi berean, ogasunek haiei egin beharreko itzulketak aurreratuko dituzte. Aldaketek, batez ere, langile autonomoei eta enpresa txikiei arnasa pixka bat ematea dute xede.

Hiru dira langile autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei eragingo dieten neurri nagusiak. Lehenik, zerga zorren ordainketa geroratu egin ahalko dute, bermerik jarri gabe, eta berandutze interesik ordaindu gabe. Indarrean dauden gerorapenak ere luzatu egingo dira.

Bigarrenik, 2020. urteko lehen bi hiruhilekoei dagozkien langile autonomoen PFEZaren autolikidazioak eta ordainketa zatikatuak ere eten egingo dira. Bizkaiko Aldundiaren neurri horrek 35.000 zergapekori eragingo die, eta ogasunak 40 milioi euro biltzeari utziko dio. Arabak aurreratu du hamasei milioi euroko kostuarekin 10.800 zergapekok izango dutela onura.

Azkenik, ogasunek, ahal duten neurrian, itzulketak —BEZarenak, esaterako— aurreratu egingo dizkiete autonomoei. Ekainera arteko aurreikuspenetan, Bizkaiaren kasuan, 224 milioi euro itzuli behar zizkieten BEZagatik autonomoei.

Era berean, Araba eta Bizkaia—eta ziurrenez baita Gipuzkoa ere— errenta kanpainaren lehen astean bertan hasiko dira PFEZaren zergapekoei egin beharreko itzulpenak egiten.

Gipuzkoaren erabakia

Gipuzkoako Aldundiak ez zuen atzo neurri gehiago hartu, baina aurki hartuko ditu, ZKO Zergak Koordinatzeko Organoa biltzen denean.

Joan den ostegunean erabaki zuten atzera daitekeen zerga kopurua handitzea, eta errenta modu mekanizatuan aurkezteko epea udazkenera atzeratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.