Markak ontzeko ziurtasunarekin

Hiru bikote arituko dira gaur emakumezkoen Binakako Pentatloiko finalean: Garazi Arruti-Orbe, Zelai III.a-Ansorregi eta Nerea Arruti-Arbelaitz. Finalisten iritziz, aizkoran erabakiko da garailea.

Urrutian Lucia Orbe eta Garazi Arruti, aurrean, Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi. IBON ERRATZU.
Iñaki Berastegi.
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Ikuskizuna bermatuta dago gaur Tolosako zezen plazan (Gipuzkoa). Bigarrenez Emakumezkoen Binakako Pentatloiko finala jokatuko da (18:00), eta parte hartzaileek argi dute iaz baino emaitza hobeak lortuko dituztela. Garazi Arruti-Lucia Orbe eta Karmele Gisasola Zelai III.a-Ansorregi bikoteak aritu ziren iaz finalean, eta, oraingo honetan, Nerea Arrutik eta Amalur Arbelaitzek osatutako bikotea batu zaie. Beste pizgarri bat. Eta, gainera, emakumezkoen finala eta gizonezkoena ez dira egun berean egingo estreinakoz. Egin beharko duten lana ez da aldatu: 63 kiloko bola hogei aldiz altxatu, 250 kiloko harriari tiraka bi plaza osatu, 45 ontzako bi enbor moztu, 25 kiloko txingekin sei plaza osatu eta plazari birak emanez bi kilometro korrika egin.

Lucia Orbe (Bilbo, 1989) eta Garazi Arruti nagusitu ziren iaz, 29 minutu eta 45 segundoko denborarekin. Orbek dio «asko» entrenatu direla, eta, beraz, aurrerapausoa emango dutela uste du. «Guztiz ziur nago. Denak iaz baino prestatuago gaude, eta lehia polita bezain gogorra izango da». Zuhurtziaz bada ere, markak hobetuko dituztela iritzi dio. «Badaezpada, aurkariei abantailarik ez emateko, ez dute esan nahi zer denboratan aritu gaitezkeen, baina entrenamenduetan iazko denboren azpitik ibili gara».

Uxue Ansorregi (Mendaro, Gipuzkoa, 1995) eta Zelai III.a sailkatu ziren bigarren postuan, 31 minutu eta 26 segundoko denborarekin. Lehen proban, harriarekin, atzerapen handia izan zuen bikoteak. «Arantza geratu zitzaidan, harriarekin ez bainuen espero bezalako lana egin. Urduri nengoen, eta beroa egiten zuen. Hurrengo probetan lortu nuen egoerari buelta ematea, baina berandu zen». Ez du halakorik berriro gertatzea nahi. «Harriarekin asko aritu naiz, eta ea emaitzak plazan ikusten diren». Ansorregik zortzi jasoaldi emango dizkio bolari, eta Zelai III.ak beste hamabiak.

Amalur Arbelaitzentzat (Oiartzun, Gipuzkoa, 1980) eta Nerea Arrutirentzat, berriz, lehen aldia da pentatloian. Oiartzuarrari gizonezkoen banakako finala ikusita sartu zitzaion pentatloia egiteko harra, eta iazko urritik dihardu gaurko finala prestatzen. «Luze egin zait. Zazpi hilabete dira, astean bost aldiz entrenatzen». Ostolazaren harri-jasotze eskolan ezagutu zuen Nerea Arruti, eta ordutik elkarrekin entrenatu dira. «Hasiera oso gogorra izan zen. Harriarekin asko kostatu zitzaidan, eta inoiz damutu ere egin nintzen. Erronk zalea naiz, ordea, eta buruan zerbait sartzen bazait, egin egiten dut».

Aizkora gako

Hiru bikoteetako ordezkariek uste dute aizkoran erabakiko dela proba. «Nereak aizkoran emaitza bikainak lortu ditu azkenaldian, eta ni ere gustura aritzen naiz enborrak mozten», nabarmendu du Arbelaitzek. «Harri jasotzean bikoteren batek alde handia atera ezean, aizkora izango da gakoa, lanik luzeena hori baita. Nik aizkoran erantzukizun handiagoa hartuko dut, baina Karmelek egurrak mozten asko hobetu du. Kirolari petoa da», esan du Ansorregik. Harrian bizpahiru minutuko tartea hartu eta gero, Orbek eta Garazi Arrutik aizkoran abantaila ia osoa galdu zuten iazko finalean. «Aizkoran ibili naiz, baina ez nahi bezainbeste. Ez nago agian besteen mailan, baina lehiatzeko moduan bai. Iaz Garazik hartu zuen bikotearen erantzukizuna, baina aurten gehiago entrenatu naiz, eta laguntza handiagoa eman nahi diot», azpimarratu du Orbek.

Iazko bi bikote finalistek ondo ezagutzen dute elkar, baina badakite bikote debutariak ere lan ona egingo duela. «Oso bikote indartsua da. Nerea kirol guztietan da ona, kirolari osoa baita, eta Amalur ere oso neska indartsua da», esan du Ansorregik. «Nerea badakigu aizkoran zelan dabilen, eta Amalur nerbio handiko kirolaria da, piperminaren gisakoa. Iazko denboraren azpitik egongo gara iazko bi finalistak, nahikoa gainera, eta bikote debutaria gure iazko marketatik behera ere egongo dela uste dut. Bikote indartsua da», gehitu du Orbek. Etxean egindako lana errepikatuz gero, hala izango dela uste du Arbelaitzek. «Gustura gelditzea eta dena ematea da gure lehen helburua». Beroa kezka iturri dutela plazaratuko dira guztiak, baina pozik, aurten bai, aurten hiru bikote izango direlako lehian. Hurrengo urtean gutxienez lau izatea nahiko lukete hirurek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.