Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia

Hika baino, hobeto berorika

Txango gisa ederra, baina lehiarako ankerra: hala deskriba daiteke gaurko etapa. Tranpaz josia dago, eta bukaera bortitza du, Hika upategiko maldan. Gogor estutu beharra dago gora iristeko.

Eñaut Agirrebengoa, Hika txakolindegiko aldapa igotzen. Bertan amaituko da gaurko etapa. GORKA RUBIO / FOKU.
enaut agirrebengoa
Villabona
2023ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Begiratu azkarra eginda, bihurria izango den itxura du gaurko etapak. Lehen zatiak ez du aparteko zailtasunik, baina 92. kilometrotik aurrera, Villabonatik (Gipuzkoa) lehen aldiz igarota, koska labur eta tente ugari ageri dira elkarren segidan. Deigarriena, dena den, bukaerako aldaparen inklinazioa da. Beltzez dago koloreztatuta ibilbidearen marrazkian, eta zifra bat du gainean: %26. Pendiz horrekin, horma bat izan behar du, malda bat baino gehiago. Literalki eskalatzaile izan beharra dago helmugara iristeko, edo ez da dirudien bezain gogorra? Eta nolakoak ote dira aurrez igo beharreko muinoak? Jakiteko, onena, bizikleta hartu eta azken 60 kilometroak bertatik bertara ezagutzea da.



Villabonako (Gipuzkoa) kanpoaldean hasten da lehen igoera pikoa, baina Tolosatik abiatu naiz, ordekan kilometro batzuk eginez gorputza berotzeko. Txirrindulariak Asteasutik iritsiko dira Villabonara, eta, han tarteko helmugan lehiatu ondoren, Sarasola sagardotegirantz doan aldapa igotzeari ekingo diote.

Iritsi orduko, traza txarra hartu diot. «Honek segada itxura du», pentsatu dut nire artean. Baserri bide estu bat da, eta zorua zementuzkoa du. Marruskadurak handiagotu egiten du zailtasuna. Arboladi batera iritsi naiz, eta pendiza gogortuz doala jabetu. Zalantza dut bidez erratu ez ote naizen. Baserritar batekin egin dut topo aurrerago, eta Itzulia hortik igarotzekoa den galdetu diot, badaezpada. «Hala diote» erantzun dit, eta ohar egin: «Gogorrena orain dator». Ez dio gezurrik, ezkerretara bihurgunea hartu eta errepidea are gehiago tentetu baita. Kadentzia galdu dut. Izterrak berotuz doaz. Indarrez eragin behar zaie pedalei aurrera egiteko. Metro apur batzuk baino ez dira, eta eskerrak. Txakur batzuk solte daude, baina ez didate jarraitu. Hortaz, esprinta jo behar izan gabe iritsi naiz aldapa bukaerara.

Anoetarantz abiatu naiz. Adi-adi nago, jaisten ari naizen aldapa geroago igo egin behar dudalako. Asfaltoa zaharra da, baina asfaltoa da, azkenean. Bihurgune gaizto bat dago, eta, arriskua handiegia delakoan, atzera egin dute azkenean antolatzaileek. Itzulingurua egin beharko da Anoetara iristeko, Alkizatik igaroz.

Anoeta atzean utzi, Tolosara iritsi, eta Lizartzarantz doan bidea hartu dut. Altzoko mendate laburra dut zain. Ia %9koa du pendiza, baina arin igo dut. Kilometro eskaseko ahalegina da, eta zorua ondo dago. Altzora iritsi, eta, bertako lasaitasuna istant batez miretsi ostean, Amezketarantz doan errepidera jaitsi naiz.

Haize kontra joan naiz Amezketaraino. Tarte gogaikarria izan da. Herrigunea atzean utzi, eta mantso hasi naiz Orendainerantz igotzen. Ia hiru kilometroko mendatea da, eta pendiza %7,3koa du. Haatik, haizeak aurrez jotzen nau oraindik. Deseroso izan naiz Abaltzisketara iritsi arte. Parajeen edertasunean jarri dut gero arreta. Inguru bukolikoa da. Jaitsierak Alegiaraino eraman nau, eta Altzora bidean jarri naiz berriro. Igoera Altzo Azpi auzotik egin behar da. Beste aldetik baino apur bat luzeagoa da, baina baita leunagoa ere. Hori bai, errepidea nahiko estua da, hasieran batez ere, eta zulo arriskutsu batzuk ere ikusi ditut.

Sufrimena mahasti artean

Anoetara jo dut, eta lehen jaitsitako malda igotzeari ekin diot. Une batez, hanka lurrean jarri behar izan dut, eta bazterrera egin: bi traktore handi datoz goitik behera, eta ez dago denentzako tokirik. Goiko bidegurutzera iritsita, zuzen jarraitu dut, hasierako baserri bidetik jaitsi ordez. Maldan behera noa, bakartasunean gozatzen, baina, ohartzerako, Asteasutik datorren errepidean agertu naiz. Zizurkilera igotzeko hiru bide daude, eta Itzuliak makurrena aukeratu du; hilerritik pasatzen dena, alegia. Bide estu eta malkartsua da. Ezer berririk ez. Dezentez zabalagoa da Adunara doan bidea, baina hor ere badago malda; %10ekoa, trafiko seinalean ageri denez.

Heldu naiz, bada, Villabonara. Kale nagusitik aurrera jarraitu, eta ezkerrera egin dut. «Hika upategia» dioen seinalea ikusi, eta azken ahaleginari lotu natzaio. Aldapa tente eta sigi-sagatsua gaindituta, futbol zelaian agertu naiz. Aperitibo hutsa izan da. Burua jaso, eta zer datorkidan ikusi dut: beldurgarriki bertikala den zuzengune bat, mahasti artean gora egiten duena. Hankak zukutu eta gorputza bihurritzeko prest naiz.

Abiadura hartu eta pedal kolpea bizitzeko baliatu dut futbol zelaiaren pareko ordeka. Arin eta sendo hasi naiz malda igotzen, baina zatirik gogorrenean sartu naiz berehala. Pedalak zanpatuz noa aurrera. Ildoari eusteko gai naiz, ez nabil alderik alde. Era berean, bizituz doaz bihotz taupadak, eta guztiz tenkatuta dauzkat giharrak. Eskuak galgen heldulekuan ditut, gorputza apur bat etzan eta, hala, grabitate zentroa jaisteko. Halere, aurreko gurpilak altxatzeko joera du, pendizaren ondorioz. 34 hortzeko platera eta 32 hortzeko koroa ari naiz erabiltzen. Etaparen lehian dabiltzanek aski izango dute 39ko platera eta 28ko koroa.

Zuzengunearen amaierara iritsi naiz, baina oraindik ezin dut arnasa berritu. Izan ere, bihurgune azkar bat dago, ezker-eskuin, eta hor ere sekulakoa da aldapa. Sutan ditut izterrak. Begiz jo dut berehala upategiko aparkalekua. Bukatu da sufrikarioa. 300 metro inguruko igoera da, baina, dudarik gabe, laburretik duena gogorretik ere badauka. Berorika egin behar zaio Hikako hormari, eta, oro har, ibilbide osoari. Guztiz aletuta iritsiko da tropela helmugara.

Ikusi gehiago: Arriskua hartu, eta irabazi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.