Ketiborok ibaia amildegi zulo batean hondoratu da Tullow Oil enpresak 2015. eta 2016. urteen artean Rift haraneko iparraldean ikerketa sismikoak egin zituenetik. Ustekabeko lur arrakala petrolio prospekzioak egiteko leherketek eragin zutela diote Baringo erdialdeko Muchugwo herrian. Haien esanetan, ibaia eta inguruko landak maila berean zeuden leherketen aurretik, eta ez dira sortu han bezalako sakanak eztandarik egin ez duten tokietan.
Kerio haraneko artzain eta nekazariek diote kontrolik gabeko petrolio goseak arriskuan jarri duela elikadura segurtasuna. Muchugwon, esaterako, ibaiaren ertzak hezeguneak ziren garai batean, baina jada euria egiten duen sasoian bakarrik balia daitezke hango baratzeak.
Aurten, beti bezala, apirilean erein zuten artoa eta artatxikia Muchugwon, baina ekainaren amaiera arte ez zuen euririk egin. Abuztuan, uzta jasotzeko garaian, akre bakoitzeko 25 zaku bildu beharrean, bost edo sei bildu zituzten gehienez ere.
«Familia batzuk eguneko 100 txelinekin [0,89 eurorekin] bizi dira, eta ezinezkoa da», dio Francis Kelwonek lastozko herri etxearen itzalean. Kaltetutako herritarretako bat da bera. Kelwonek kulturgune bat eraiki du bere auzoan, baina, hala ere, gazteek hirietara ihes egiten dute ikasketa eta lan berrien bila.
Kerio ibaian isurtzen ditu urak Ketiborok ibaiak. Kerio haraneko Tugen tribuak abereei esker irauten du. Aurten, azaro eta abenduko euri sasoia oparoa izan da, eta etxeko abereei esker ateratzen dute familia askok bizitzeko janaria.
Munduko Bankua
Herritarrek ez dakite norengana jo behar duten petrolio ustiapenek eragindako kalteak salatzeko. Tullow Oil enpresak ez zien inongo informaziorik eman bertakoei, hondeamakina eta kamioiak lurrak zeharkatzen hasi ziren arte. «Komunitateei kontsultatzea litzateke bidezkoa», dio Kelwonek. Bere mangondoaren aldamenetik igarotzen saiatu ziren kamioiak, baina hondoratu zitezkeelakoan, zuhaitzaren gainetik pasatu ziren azkenean, eta gobernuak 80 euro eman dizkio.
«Mangoak oso garrantzitsuak dira guretzat; fruitu batek gutxienez 15 txelin [0,15 euro] balio du, eta zuhaitz batek 1.500 eman ditzake urte bero batean. Horregatik da mangoa horren garrantzitsua hemen» dio Francisek.
Horretaz gain, hondeamakinek sakanak egin dituzte han-hemenka. Azalera biguna den hainbat tokitan, hondeamakinen igarobideak hondoratu egin direla dio nekazariak.
Petrolio ustiapenek ez diete inongo onurarik ekarri bertakoei. Inork ez die erakutsi zundaketek ingurumenean izango duten ondorioei buruzko ikerketarik, ez eta halakorik egin ote den azaldu ere, eta, beraz, ezin dute jakin Rift bailarako oreka tektoniko hauskorra zein neurritaraino izan den kontuan hartua.
Munduko Bankuak badu berak finantzatutako proiektuak garatzeko araudi bat, eta araudi horretako funtsezko oinarriak urratu egin dituztela salatu dute herritarrek eta helegitea aurkeztu diote proiektuari.
Multinazionalen erantzukizun korporatiboa aztertzen duen JCAP nazioarteko erakundearen laguntza izan dute helegitea aurkezteko garaian, eta Munduko Bankuaren erantzunaren zain daude. Hain zuzen ere, atzo heldu zen Munduko Bankuko ordezkaritza bat Kenyara lanek eragindako kalteak ikusi eta bertako komunitateekin hitz egitera. Hilaren 25era arte egongo da ordezkaritza bertan. Herritarren eskaeretako bat da finantzaketa etetea, ustiapenak egiten ari den enpresak oinarrizko baldintzak betetzen dituela bermatzen duen arte.
Petrolioa
Zenbait iturriren arabera, ustiatzeko moduko petrolio erreserbak aurkitu dituzte azken urtean, ofizialki iragarri ez badute ere. Horiek hala, etorkizunak ekarriko dienaren beldur dira herritarrak. Izan ere, Muchugwoko laborari-artzainek ez dute arbasoen garaietatik lantzen dituzten lurraldeen jabetza titulurik. Horregatik, lanek aurrera egin aurretik, titulu horiek eskuratu nahi dituzte.
Petrolio aurkikuntzaren zurrumurruak zabaldu direnetik, Kerio ibaiaren hegoaldean hesiak agertuz joan dira, dirua eta boterea dutenen lur harrapaketen adierazle, eta horrek ere kezkatzen ditu baserritarrak. Diru eta botere gose direnen eskuetan erortzeko zorian dago Kerio harana, orain arte ekosistema berezi hura zaindu dutenen kalterako.
Onurarik gabeko urre beltza
Kenyako Rift haraneko komunitate batek Munduko Bankuaren aurka jo du, hark diruz lagundutako petrolio ustiapenek eragin dituzten eta eragingo dituzten kalteen ordaina eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu