Tabernen, plazen eta dantzalekuen tokia ere ari dira hartzen pantailak eta sare digitalak. Harremanak izateko eta ligatzeko erak aldatzen ari dira, eta plataforma birtualetan dago askorentzat ligatzeko merkatua. Eta, merkatu guztietan bezala, negozioa beste batzuentzat. Tinder aplikazioak milioika swipe ditu egunero: hatz bat mugituz, mugikorrean ageri den argazkiko pertsona onartzen ala baztertzen dute milioka erabiltzailek, segundo gutxitan. Facebookek ere ezin izan dio ezetzik esan negozioari: Facebook Dating aplikazioa plazaratu zuen joan den astean AEBetan, Brasilen eta beste hemezortzi herrialdetan, eta 2020rako ekarri nahi dute Europara. Facebooken erabakiak lehen albo kalteak eragin dizkio lehiakide zuzena izango duenari: Match Group taldeari. Tinderren jabea da Match Group, eta bere balioaren %4,6 galdu zuen burtsan ostegunean; aldi berean, Facebookek %2 egin zuen gora. Asteburuak ez dio bihotzeko mina sendatu Match Groupi, astelehen arratsean bere akzioek %3,5 galtzen ari baitziren.
Berez, doakoa da Tinder aplikazioaren oinarrizko zerbitzua, baina negozio handia dago atzetik. 2012an hasi zuen bidea, eta erabiltzaile gehien duen aplikazioa da AEBetan: 8,5 milioi —18 eta 29 urte arteko gazteen %14k erabiltzen dute—. Nondik ateratzen dute etekina, ordea? Publizitatetik, hasteko: asmo komertzialetarako, babestutako profilak eskaintzen ditu, bederatzi dolarretik hasita. Eta ordainpeko zerbitzuak ere baditu: bi eta lau dolar artean ordainduz gero, inguruko profilen artean nabarmentzen du norberarena.
2015eko martxoan, gainera, Tinder Plus zerbitzua jarri zuten martxan, eta Tinder Gold 2017ko ekainean. Hamar dolarretik hasi, eta 83 dolar artean ordaintzen dute zenbait erabiltzailek —adinaren eta lokalizazioaren arabera ere aldatu egiten da prezioa—, zerbitzu bereziak eta abantailak lortzeko. Lehenagokoa da gizonen arteko zitak lotzeko Grindr aplikazioa, 2009. urtean sortu baitzuten.
Lehen urtebetean, 2012an, 713,4 milioi dolarreko irabaziak izan zituen Match Groupek (645 milioi euro). Urtez urte hazi ditu etekinak, eta, ordainpeko zerbitzuak jarri ahala, jauzi handiagoa egin du. Iaz, adibidez, 1.700 milioi dolar inguru irabazi zituen; erdia baino gehiago, Tinderri esker. 2017tik 2018ra, gainera, ligatzeko aplikazioak bikoiztu egin zituen irabaziak: 400 milioi dolarretik 800 milioi dolarrera igaro zen. Match Group, aldi berean, IAC InterActiveCorpen jabetzakoa da, eta beste zerbitzu asko ere baditu IACk.
Facebook, «autentikoa»
Tinderren erabiltzaile egiteko, Facebookeko profilaren bidez egin behar da. Sare sozialeko datu batzuk erabiltzen ditu ligatzeko aplikazioak, eta badirudi Mark Zuckerberg ere jabetu dela zer negozio duen hor. Datuez jabetzen ez du parekorik, eta hasi da erabiltzaileak seduzitzen. Iazko maiatzaren 1ean iragarri zuen Facebook Dating zerbitzua jarriko zuela —kolpera, %26 galdu zuen burtsan Match Groupek, gero akzioen balioa berreskuratu arren—. Kolonbian egin zuten proba, iaz, eta badirudi ez dutela kalabazarik jaso.
2.000 milioi erabiltzaile ditu Facebookek mundu osoan; eta haietako askoren izen-abizenak, argazkiak, ohiturak, gustuak... Haietatik, 200 milioi erabiltzaile inguruk zehazten dute ez dutela bikotekiderik. Facebookek badu nor seduzitu, beraz, etxean bertan, eta badu horretarako nahikoa informazio ere. Halaxe saldu du produktu berria: «Erabiltzaileei lagundu nahi diegu harreman esanguratsuak hasten, amankomunean dituzten gauzen bidez».
Tinderren aldean, Facebook Datingek aukera gehiago emango dizkie erabiltzaileei Facebookeko datuak ligatzeko zerbitzuan ere integratzeko —norberak nahi dituenak, printzipioz—, aparteko aplikazio bat irekitzen aritu beharrik gabe. Adibidez, ekitaldi batera zoazela adieraziz gero, hara nor doan erakusten du, ligatzeko norberaren interesekoak direnen artetik. «Norbait nor den jakiteko, ikuspegi autentikoagoa emango dizu».
Baina zer gertatuko da pribatutasunarekin eta datuen segurtasunarekin? Facebookek ziurtatu du Dating zerbitzuko informazioa ez duela nahasiko Facebook sare sozialekoarekin, datu horiek ez dituztela erabiliko beste helburu batzuetarako. Cambridge Analytica konpainiarekin izandako eskandaluaren ondoren—milioika erabiltzaileren datu pribatuak eskuratu zituen enpresa horrek Facebooketik—, ordea, Tinderren ez bezala, zalantzarako aukera uztea ere ez legoke sobera.
Ligatzea negozio bikaina da
Dating zerbitzua jarri du martxan Facebookek AEBetan eta beste hemeretzi herrialdetan, zitak egiteko aplikazioen gisako bat. Burtsan behera egin du Match Groupek, Tinderren jabeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu