Urtarrilaren 19an aurkitu zuten Mohamed el-Bachir 17 urteko gazte aljeriarraren gorpua, Ibaizabal ibaiaren ertzean, Galdakaon (Bizkaia). Ikerketaren lehen zantzuen arabera, baliteke bi-hiru aste inguru egon izana uretan. Bizkaiko Foru Aldundiak gorpua aurkitu eta hiru egun beranduago eman zuen gertatutakoaren berri, eta bakarrik zegoen etorkin adingabe bat zela esan zuen. AHS Arratiako Harrera Sareak eta eta GES Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak aldundiaren jarrera eta kasuak izan duen trataera informatiboa salatu dituzte. Horregatik, gaztea omentzeko eta haren heriotzaren zergatia argitu dadila eskatzeko elkarretaratzea antolatu dute gaur, 19:00etan, Galdakaoko Iturrondo plazan.
El-Bachir joan den urteko azaroaren hasieran iritsi zen Euskal Herrira. Hasieran, Zornotzako (Bizkaia) lehen harrera zentro batean bizi zen, baina, sute baten ondorioz, Galdakao kanpoaldean bakartuta dagoen El Vivero zentrora eraman zuten.
Gorpua aurkitu zutenean, aldundiak adierazi zuen gaztea behin-behineko zaintzan zegoela, eta ez zuela legezko tutoretzarik gaztearen gainean, «ez zegoelako dokumentaziorik edo haren adingabetasun egiaztagiririk». Ordea, hori «ezinezkoa» dela salatu dute bi kolektiboek. Laura Ruiz AHSko kideak BERRIAri baieztatu dio aldundiak adierazi zuena ez dela egia, eta El-Bachir «aldundiaren babespean» zegoela: «Bestela, nola da posible gaztea inolako tutoretza legalik gabe adin txikikoen zentro baten egotea?», galdetu du Ruizek.
Heriotzaren inguruan, argitu beharreko galdera asko airean daude oraindik. Halere, Ruizek esan du Ertzaintzarengandik ihesi zebilela gaztea hil aurretik, eta horregatik bota zuela bere burua uretara, «baina, zoritxarrez, ez zekien igeri egiten».
Gaurko elkarretaratzean, agerian utzi nahi dute El-Bachir gazteak bizi zuen egoera oso antzekoa pairatzen duten hainbat gazte daudela oraindik. «Mohamed bezalako beste hamaika daude, eta gure kolektiboaren berotasuna eskaini nahi diegu guztiei», nabarmendu du.
Galdakaoren babesa
Galdakaoko Udalak samina azaldu du El-Bachiren heriotzarengatik, eta elkartasuna adierazi die senideei eta lagunei. Ohar bidez adierazi duenez, El-Bachir Galdakaoko egoiliarra zen, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapean zegoen. Informazioa eskatu du, baina ikerketapean da auzia; beraz, sekretupean.
Galdaoko Udalak, EH Bilduk, Auzoaren, Usansolo Herriaren, Podemosen eta EAJren babesarekin adierazi dute herrian bizi diren guztiak Galdakaoko herritarrak direla eta errugabetasun-presuntzioa dutela, eta ahal dutena egingo dutela guztien beharrak eta eskubideak bermatzeko.
Abaroa etorkin adingabeei
Mohamed el-Bachir 17 urteko aljeriarra omenduko dute gaur Galdakaon; hilik agertu zen Ibaizabal ibaian. Hura bezala bizi diren beste hamaika migratzaile gogoan hartu nahi dituzte, eta El-Bachiren heriotza argitzeko eskatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu