Koronabirusa

Maskara gardenak: seguruak?

Maskara gardenen erabilera zabaltzen ari da, arnasa egiteko erosoagoak direlako. Homologatuta daude, eta farmazietan saltzen dira, baina adituek diote ez dutela balio COVID-19tik babesteko.

Maskara gardenak erabiltzeko eskatu du Eunate elkarteak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
edurne begiristain
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Sare sozialetan kontatu zuen Idoia Mujikak nola farmazia batean zegoen emakume bati hurbildu zitzaion esateko jantzita zeraman maskara gardena ez zela segurua, eta komunitate zientifikoa aspaldi ari zela eskatzen horrelako maskarak debekatzeko. Mujikak txio batean azaldutako anekdotak segituan lortu zuen oihartzuna, eta gaia bala-bala hedatu zen. Mezu hark lehen lerroan jarri du maskara gardenen inguruan azken hilabeteotan sortu den zalantza: COVID-19az babesteko seguruak al dira horrelako maskarak? Materialen Fisika Zentroko komunikazio eta dibulgazio arduraduna da Mujika, eta duda izpirik gabe erantzun dio BERRIAren galderari: «Ez dute balio. Areago, maskara horiek erabiltzea eta ezer ez eramatea gauza bera da, edo, okerrago, babestuta zauden sentsazio faltsua ematen duelako».

Pandemiaren ondorioz, maskarak nahitaezko osagarri bihurtu dira herritarren egunerokoan, eta, egun, farmazietan eta bestelako saltoki askotan eskura daitezke. Hain justu, gardenak diren batzuk ere saltzen dira, batez ere ezpainak irakurtzeko beharra dutenei komunikazioa errazteko. Horiek ere farmazietan saltzen dituzte, eta homologatuta daude. Horrek, baina, ez du esan nahi koronabirusaz babesteko balio dutenik. Mujika: «Homologatuta egonda ere, ez dute funtzionatzen. Zigilu batek segurtasuna bermatzen duen ustea ez da egiazkoa».

UNE 0064 eta UNE 0065 zigiluen bitartez homologatuta daude maskara gardenak. Mujikak azaldu duenez, maskaren erabilera derrigortu zenean, Europak ekoizleek gainditu beharreko hainbat proba malgutu zituen maskaren eskari handiari erantzun ahal izateko, eta horrek ondorio bat ekarri du: «Zigilu horiek eramateko behar diren gutxieneko baldintzak ez dira betetzen». Maskara gardenen kasua hori da: «Argi dago probak gaizki egin dituztela, eta, hirugarren batek segurtasun probak egingo balitu, maskara horiek ez luketela zigilurik lortuko. Akats bat dago horren guztiaren atzean». Farmaziek baimena daukate maskara gardenak saltzeko, homologatuta daudelako, nahiz eta Espainiako Osasun Ministerioak ez dituen oraindik arautu. Horregatik, farmazialari askok uzkur begiratzen diete maskara horiei. Saldu arren, ez dituzte gomendatzen.

Ainhoa Oñatibia Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteko farmazialaria da, eta ohartarazi du maskara gardenak ez direla egokiak koronabirusarekin ez kutsatzeko. Hori hala, elkartetik eskaera egin diete Gipuzkoako farmazialariei: «Osasun erreferente batzuk diren neurrian, eskatzen diegu COVID-19aren kutsatzea murriztu ahal izateko ebidentzia zientifikoa duten produktuak bakarrik emateko. Gure aholkua da maskara kirurgikoak edo FPP2 maskarak saltzeko, baina ezmaskara gardenak».

Izatez, entzumen elbarritasunak dituzten pertsonentzat dira maskara gardenak, baina gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu, arinagoak eta arnasa egiteko erosoagoak direlako. Izan ere, maskara gardenak egiteko erabiltzen den materiala sareduna da, eta zuloak ditu. Gainerako maskara homologatuek dituztenak baino handiagoak dira zulo horiek: birusaren tantatxoek 1,10 mikra neurtzen dute, eta maskara gardenen zuloek 250 mikra neurtzen dute. Tamainan dago, hain justu, arriskua. Mujika: «Gutxieneko batzuk bete behar dira, eta maskara gardenak muga horretatik oso urrun daude». Oñatibia: «Zulo horietatik aerosolak oso-oso erraz atera eta sar daitezke».

Ezpainak irakurtzeko

Gor-mutuen elkarte askoren aspaldiko eskaria da maskara gardenen erabilera orokortzea, eta haien aldarrikapenei bete-betean eragiten die sortu den polemikak. Gogaituta dagoela aitortu du Mari Luz Sanz Eunate entzumen urritasuna duten pertsonen familien elkarteko arduradunak. Ulertezin deritzo eztabaidari, eta maskara gardenen aurkako «jazarpena» gaitzetsi du: «Araudia ez badute betetzen, zergatik saltzen dituzte farmazietan? Ez badira seguruak, debeka ditzatela, eta bestela utz diezaiotelaaurkako kanpaina egiteari».

Sanzek gogoratu du zenbait enpresak «ahalegin handia» egin dutela ezpainak irakurtzea behar duten kolektiboen beharrei erantzuteko, eta «puntako teknologiak» erabili dituztela maskarak egiteko. Ez du arrazoirik ikusten horien segurtasuna zalantzan jartzeko:«Jomugan jarri aurretik,salaketak frogatu egin behar dira». Dei zuzena egin dio Espainiako Gobernuari, behin betiko argitu dezan maskara gardenei oniritzia emango dien ala ez.

Gor-mutuentzako «bestelako alternatibak» egon badaudela ziurtatu du Mujikak, baina zientzian inbertsio handiagoak behar direla horretarako. Gaur-gaurkoz, baina, ez dago gardena den eta transpirazio maila handa duen materialik. «Existituko balitz kalean egongo litzateke, baina oraino ez da egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.