Gerra Ukrainan. Urtebete Euskal Herrian

Ihesean doazenentzako ostatu

Euskal Herrian ehunka errefuxiatu artatu zituzten gerraren hasieran. Batzuk, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren bidez, eta beste asko GKEek hartuta; Chernobilen Lagunak elkarteak, kasurako.

Ukrainako lehen errefuxiatuak Algortara iritsi ziren, duela urtebete. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jone arruabarrena
2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Urtebete igaro da Ukrainako gerraren lehen irudiak Euskal Herrira iristen hasi zirenetik. Europa osora zabaldu zen Ukrainako errefuxiatuak hartzeko deia, eta Euskal Herriko herritar batzuk eta instituzioak harrera egiteko prestatzen hasi ziren.

Euskal herritar batzuentzat, ordea, ez da berria izan ukrainarrak etxean hartzea; Karlos Ostolaza azpeitiarrak, esaterako, 2019. urtean ekarri zuen lehenbizikoz haur ukrainar bat uda pasatzera. Arrazoiak, ordea, oso ezberdinak ziren. Chernobilen Lagunak gobernuz kanpoko erakundeko lehendakaria da Ostolaza, eta ordura arte Ukrainako eremu horretako erradiaziotik babesteko helburuarekin ekartzen bazituzten ere umeak, Ukrainako gerra hastean errefuxiatuei laguntzeko baliatu zuten herrialde horrekin zuten lotura. Elkarte horretako familiak udaro ekarri ohi zituzten umeak hartzeko prest agertu ziren, kasu batzuetan baita haien senideak ere —emakumeak gehienak, gizonak ezin baitziren herrialdetik atera—. «Hirurehun ume ekarri genituen; gutxi gorabehera erdiak amarekin edo neba-arrebekin, eta beste erdiak, bakarrik», azaldu du Ostolazak. Bederatzi autobus antolatu zituen elkarteak, hainbat instituzio edo erakunde pribaturen laguntzarekin: «Autobusak ordaintzen lagundu ziguten Jaurlaritzak, aldundiak, Donostiako Udalak ere ordaindu zuen beste bat, esaterako, baita Athletic klubak ere».

Ikusi gehiago:GERRA HAUSPOTUZ

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 1.738 ukrainar errefuxiatuk eskatu dute osasun txartela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 982 umek eman dute izena herrialde horietako hezkuntza sisteman.

Datu horiekin errefuxiatuen zenbatekoa irudika daitekeen arren, zaila da zehazki jakiten azken urtean zenbat ukrainar heldu diren Euskal Herrira: Espainiako Gobernuaren eskumena da errefuxiatuei harrera egitea, eta hark bideratzen ditu errefuxiatuak herrialde edo erakunde batera edo bestera. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak emandako zerbitzua «osatu» dute, aurretik zeuzkan baliabideak «egokituta». Horri, gainera, beren kabuz etorri diren ukrainarrak gehitu behar zaizkie; izan ere, horiek ez dira zenbaketetan agertzen.

Nafarroara, berriz, Gurutze Gorriak emandako datuen arabera, 2.100 errefuxiatu inguru iritsi dira 2022ko martxoa eta iraila bitartean. Horietatik %22 Espainiako harrera sistemak artatu ditu, eta gainerako %78 tokiko familiek edo «gizarte sareek» artatu dituzte, «lehendik finkatuta zeuden harrera sareen bidez».

Hala ere, ez da erraza izan ukrainarrentzat Euskal Herrira heldu arteko bidea: «Errusiarrak Txernobyl ingurutik sartu ziren Ukrainara, eta, beraz, gure umeen familiengana iritsi ziren lehenbizi. Inkomunikatuta geratu ziren, eta hilabete inguru eman genuen haien berririk izan gabe», azaldu du Ostolazak. Etxean hartu dituen haurra eta haren ama, esaterako, hilabetez egon ziren etxeko soto gisako gela batean ezkutatuta: «Han gordeta zituzten patatak jaten zituzten, eta gauetan ibaira joaten ziren ur bila».

Galdakaoko (Bizkaia) Boluntarioen Gizarte Elkartea ere mugitzen hasi zen gerra hasi orduko; Katowice herrira (Polonia) joan ziren, eta errefuxiatuak artatzeko gune bat antolatu zuten han. Ostolazak etxean hartu zituen ama-alabek muga horretaraino heltzea lortu zuten azkenean, eta Galdakaoko boluntarioek bideratu zituzten Euskal Herritik antolatutako autobusetara.

Ikusi gehiago:Irtenbidea militarra izatearen arriskuez

Urtebete geroago, Chernobilen Lagunak elkarteak artatu zituen hirurehun familietatik erdiak, gutxi gorabehera, Ukrainara itzuli dira. «Bakarrik etorri ziren 150 umeetatik ehun inguru geratzen dira hemen». Hala ere, egoera «zaila» izan da, bakarrik etorri diren umeentzat bereziki: «Batzuk oso txikiak dira, eta haientzat hemen urte osoa pasatzea jakin gabe noiz bueltatuko diren, gurasoak ikusi gabe, entzuten diren gauzekin...». Familiartekoekin etorri ziren beste 150 ume horien erdiek, ordea, bueltatu egin dira, edo beste leku batera bideratu dituzte.

Ostolazak azaldu du kasu askotan ez dela lan erraza izan urtebetez familiei harrera egitea: «Familia oso bat ekartzean, denbora batez molda zaitezke, baina urte oso batez oso zaila da, etxe erraldoi bat ez baduzu behintzat. Batzuei Zehar elkarteak bilatu die etxe bat. Hemen geratzen direnak oraindik hemengo familien babesa dutenak dira».

Ostolazak gerraren hasieran etxean hartu zituen ama-alabei, esaterako, Azpeitiko Udalak (Gipuzkoa) etxe bat utzi die. Beste familia ukrainar batekin bizi dira etxe horretan gaur egun.

Ikusi gehiago:«Gizarteak, oro har, militarismorantz egin du gerra honetan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.