Azkenaldian bezala, gizonak zabal-zabalik ikusi zuen Iruñeko Meson de la Navarreria tabernako atea, eta eskuaz agurtu zituen barran ziren bi zerbitzariak. Ordea, segituan erreparatu zion desberdintasunari: ostatuan sartu, eta jendea zen barruko mahaietan. Urtarrilaren 23tik aitzina ikusi gabekoa zen irudi hori Iruñean. Ordutik, Nafarroan debekatua izan da tabernen barnealdean kontsumitzea, eta terrazak baizik ez dira egon irekita; atzo arte. «Hara! Normal ari zarete jadanik?», galdetu zien gizonak kafeak prestatzen ari ziren zerbitzariei. Umoretsu erantzun zion horietako batek, Javi Mena Zuluriagak: «Segun eta zer den normala zuretzat, Miguel». Leundu egin dira neurri murriztaileak, baina badira mugak oraindik ere: gobernuak %30ean ezarri du gehienezko edukiera barnealderako.
Mena Luzuriagaren arabera, «ahal bezala» egin dute aurrera azken asteotan. Eramateko jatekoak eta edatekoak prestatu dituzte, kanpoaldean dituzten bi mahaitxoak ere baliatu dituzte zerbitzua emateko, baina, hala ere, pertsona bakarra izan dute lanean. «Langile baten soldata ordaintzeko adina diru irabazi dugu, baita gastu batzuei aurre egiteko ere, baina gainerakoak aldi baterako enplegu erregulazioan izan gara». Orain, barnealdearen irekierarekin, lau lagun ari dira lanean. Mena Luzuriagaren arabera, «bada zerbait».
Terrazarik gabe, ezinean
Ostalaritzaren gaineko mugak arindu izanak terrazarik ez duten tabernariei eragin die batik bat, baita eguerdian otorduak prestatzen dituztenei ere. Horregatik, horiek izan dira neurri berriak gehien alaitu dituenak. San Nikolas kaleko La Vieja Iruña ostatua, esaterako, hetsita izan da azken hilabetean. Tabernako langile Blanca Leoneren esanetan, «sekulako poztasunez» itzuli dira lanera. Hala ere, kritikoa da edukieraren mugarekin: «Ez da aski, eta, gainera, ez dago baimendua barran kontsumitzea».
Mugak muga, Alde Zaharreko ostatu gehienek goratu zuten pertsiana atzo. Aldiz, askok ilun ikusten dute egoera. Gorriti tabernako Agustin Herrerak aitortu zuen «etsita» dagoela. Izan ere, ez du uste ekonomikoki alde handirik nabaritu denik. «Jendeak ikus gaitzan irekiko dut taberna, gutaz oroit daitezen, baina ez da errentagarria izanen». Hain zuzen ere, berdin egin dute Estafeta kaleko Chez Evaristo tabernakoek. «Horrela irekitzeak ez digu deustan lagunduko, gastuak handiagoak baitira diru sarrerak baino», zioenostatuaren jabe Jose Luis Biurrunek.
Herrerak eta Biurrunek, biek hartu dute parte Nafarroako Gobernuak ostalariei egindako diru laguntza deialdietan. Jadanik jaso dituzte laguntzak, baina uste dute ez direla nahikoa aurrera egiteko. «Ura leporaino duenarentzat, hau ez da ezer», esan zuen Gorritiko Herrerak.
Ostalarien artean nagusi den ezinegona eta kezkaz harago, askorengan agerikoa da poz sentimendua. Etenaldi luze baten ondoko aurreneko irekiera eguna izan zen Kaldereria karrikako Alegria tabernarentzat, besteak beste. Pandemiaren kontrako neurriak direla eta, abuztutik hetsita izan da ostatua: «Oso gogorra izan da; gaizki pasatu dugu», onartu zuen atzo ostatuko langile Edurne Sanzberrok. Hainbeste hilabetetako geldialdiaren ondotik, gogotsu itzuli zen atzo lanera. Tabernaren ezaugarriengatik, 24 pertsona izan daitezke barnealdean, eta horrekin eginen dute aurrera. «Bezeroek harrera ona egitea espero dugu; ea hala den».
Nafarroako Gobernuak iragarri duenez, egungo neurriak martxoaren 11ra arte izanen dira indarrean, printzipioz, eta, hainbat ostalarik aitortu dutenez, ordura arte baizik ezin da aurreikusi etorkizuna. Hala uste du Sanzberrok, eta, hain zuzen, zalantzati da etorkizunari begira: «Ea neurriek zenbat irauten duten bere hortan. Beldur naiz ez ote dugu berriz atzera egingo hemendik gutxira. Datuei so izango gara».
Koronabirusa
Arindua ez da izan erabatekoa
Nafarroako Gobernuak leundu egin ditu birusaren kontrako mugak; ostalaritzari eragin die batik bat. Atzotik, baimendua dago tabernen barnealdean kontsumitzea, %30eko edukierarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu