Ertzaintza. 'Iñigo Cabacas' auzia

Manu Cabacas: «Jipoituta eta umiliatuta sentitzen gara»

Espainiako Auzitegi Gorenak lehen epaia berretsi eta gero, NBE Nazio Batuen Erakundera joko du Iñigo Cabacasen familiak, «justizia bila»

Fina Lizeranzu eta Manu Cabacas, Iñigo Cabacasen gurasoak, atzo, Jone Goirizelaia abokatuarekin batera. M. RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
«Bederatzi urteren ostean, Gorenaren epaiaren ondoren, jipoituta eta umiliatuta sentitzen gara. Bizkaiko Auzitegian gertatutakoa ez genuen ulertu, eta fiskalaren lan egiteko modua ere ez; Gorenean itxaropen pixka bat genuen, baina gutaz barre egin dute». Minduta mintzatu zen atzo Manu Cabacas, Iñigo Cabacas zenaren aita, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean semearen hilketaz emandako epaiaren inguruan. «Ez dugu Espainiako justizian sinesten», erantsi zuen. Hala, Jone Goirizela abokatuak iragarri zuen NBE Nazio Batuen Erakundera joko duela sendiak, «justizia bila».

2012ko apirilaren 5ean Bilbon Ertzaintzaren pilotakada batek eragindako zauri larrien ondorioz zendu zen Iñigo Cabacas, lau egun geroago. 2018 amaieran izan zen epaiketa Bizkaiko Lurralde Auzitegian; sei ertzain auzipetu zituzten, baina bakarra zigortu: Juan Jose de Pablori —mailarik altueneko polizia— bi urteko espetxealdia eta lau urteko inhabilitazioa ezarri zioten, «zuhurtziagabekeria profesional larriko giza hilketa» egotzita. Kondena hori ontzat jo du Gorenak, eta baztertu egin du familiaren helegitea.

Ebazpen horren balorazioa egin zuen atzo Goirizelaiak, eta ez zen konforme agertu: «Gorenak ez du funtsera joan nahi izan, ez du helegitea sakon eta zehatz aztertu; Bizkaiko sententzia berresteko argudioak bilatzera mugatu da». Madrilgo auzitegiari egotzi dio «oso era korporatiboan» aztertzea Bizkaiko kideek egindako ikerketa: «Guk ez dugu esan egin dena txarto egin denik, baizik eta gauza asko ez direla egin, froga guztiak ez direlako praktikatu, eta horrek baldintzatu egin duela ikerketa judiziala. Pentsatzen dugu hori oinarrizko eskubideen urraketa bat dela, eta haiek ez dute onartu».

Bizkaiko Auzitegian epaitutako gainerako ertzainak zigortzea ere baztertu du Gorenak. Abokatuek «onartezin» jo dute ebazpenean emandako irizpidea: «Gorenak dio zuhurtziagabekeriaz egindako delituetan egilea baino ezin dela epaitu, eta min egiteko asmoz jardutean baino ezin dela kondenatu; kontraesan bat da».

Gainera, abokatuek «harridura» agertu dute Gorenaren ebazpenak akusazio partikularraren inguruan egindako balorazioarekin. «Esan dute ezin garela kexatu, akusazio moduan parte hartu ahal izan dugulako», deitoratu du Gorizelaiak. «Arriskutsu» jo du irakurketa hori: «Mahai gainean jartzen du botere batzuen aurka ez bazara pertsonatzen ez duzula ezer egiteko, ez duzula babesik jasoko». Era berean, abokatuak gaitzetsi du Gorenaren epaia hedabideen bidez jaso izana: «Ez gara lehenak izan sententzia jasotzen. Beti salatzen dugu, eta oraingoan ere bai: ohitura judiziala bihurtu da, eta ez dugu onartzen».

Hori dela eta, Europara jotzea erabaki du sendiak: «Kanpora joan behar gara, estatu espainiarrean ez dugulako lortu justizia eta erreparazioa». Zehazki, NBEko Giza Eskubideen Batzordera joko dute, baita epaileen eta fiskalen jardueren independentzia aztertzen duen errelatorearengana ere, eta Cabacas auziko prozedura judizialari buruzko txostenak eskatuko dizkiete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.