Donostiatik Bilbora trenez? Ura hartu duzu? Bibak egiteko gauzak? Bidaia luzea eta gogorra omen da». Txantxa artean hartu du Giorgio Bassmati musikariak Donostiatik Bilbora trenez joateko asmoa. Izan ere, zergatik egin bi ordu eta erdiko bidaia, autobusez denbora erdian egin badaiteke? Zer motako jendeak egiten du?
«Inor gutxik egiten du bidaia jakin gabe beste aukera badagoela. Hemendik pasatzen direnguztiei esan egiten diegu», adierazi du Maider Artetxek, Euskotreneko Donostiako geltokiko bezero arretako bulegoko langileak. Badaki zertaz ari den, izan ere, hogei urte daramatza lanean eta denetatik ikusi du. Kontatu duenez, duela urte batzuk erretiratuek betetzen zituzten trenok. Izan ere, 50 zentimo baino ez zuten ordaindu behar bidaia osoa egiteko. «Gauza bakarra galdetzen ziguten: trenak komuna ote zuen». Orain, bi euro ordaindu behar dute pentsiodunek bidaia bakoitzaren truke. Besteentzat, 6,38 balio du Donostia-Bilbo egiteak; autobusak, 12 euro. Denbora doblea, bai, baina prezio erdia, ia.
«Inork ez du hartzen tren hau Donostiatik Bilbora lanera joateko, absurdoa litzateke», nabarmendu du Artetxek. «Baina kanpotarrak paisaia ikustearren etortzen dira». Bestela ere, «trenen fanatikoak» etortzen dira bidaia egitera.
Burdinbideen fanatikorik ez bistan trenak Donostiako geltokia utzi duenean. Errekalden (Donostia eta Lasarte-Oria artean) neska kuadrilla igo da, motxilekin. Ez dira paisaiaz gozatzera helduriko atzerritarrak. Zumaiatik (Gipuzkoa) Plentziara oinez bost egunez ibili nahi duten 19 urteko bost neska dira. «Trena hartu dugu autobusa galdu dugulako», esplikatu du Garazi Alkortak.
Oria ibaiaren meandroei jarraitzen die trenak, tai txi eginez bezala, Orioraino (Gipuzkoa). Debaraino (Gipuzkoa) doaz Willy Ruhnke alemana eta haren lagun Alejandro Gonzalez kolonbiarra. Nazioarteko Enpresa Zientziak ikasten ari dira biak, eta ez zuten Mediterraneoko hondartza-eguzki-parranda motako oporrik nahi. Donejakue bidea kostatik egiten ari dira. «Trena hartzea ez da iruzur egitea», esan du Ruhnkek berehala. Argitu nahi izan duenez, oinetakoa urratuta, Donostian geldialdia egin behar izan dute, eta galdutako denbora berreskuratu nahian hartu dute trena.
Txakolin mahastiak Zarautz eta Zumaia (Gipuzkoa) artean. Eskuarekin ia uki daitezkeen mahats mordoak, baina tren modernoetan ezin dira leihoak ireki.
Ez nire txakurra gabe
Bidaiako lehen gorabehera: «Arazo teknikoengatik» trena utzi beharko da Zumaian eta autobusean joan Debaraino. Hala iragarri dute megafoniatik. Lanak egiten ari dira trenbidean. «Tunel bat», aipatu du bidaiarietako batek. Antolakuntza ona dago, ordea. Bi langile daude Zumaiako geltokian bidaiariei esaten zer egin behar duten. Autobusa hantxe dute zain.
Baina arazoa sortu da. Adineko emakume bat Hendaiatik (Lapurdi) dator, eta Eibarrera (Gipuzkoa) doa. Txakurra ekarri du, eta trenean eraman badezake ere, autobusean ezin duela eraman esan diote. «Negar egin dut neure burua bazterrean utzita ikusi dudalako», esan du Raquel Olariagak. Kexa aurkeztuko duela adierazi du. Moldatu dira azkenean.
Trenaren eta autobusaren arteko aldea hezurretan sumatu dute berehala bidaiariek: eroso eta zabal ordura arte, estu eta astinduta Zumaia eta Deba arteko errepide zailean. Merezi al du autobusak aurrezten duen denbora? Zer izango du nahiago txakurrak?
Deban, berriz trenera. Baina, ustekabean, denboran atzera egin dute bidaiariak: tren zaharretako bat izango dute Bilboraino. Bai, leihoak zabaltzeko aukera duten horietakoa, baina beranduegi Zarauzko mahatsa dastatzeko.
«Irakurri nahi nuelako hartu dut trena», esan du Aurkene Ereñozagak, eta estrategia ona aukeratu du erdibidean irakurgairik gabe ez geratzeko: Ramon Saizarbitoriaren Martutene ari da irakurtzen, 784 orrialdeko nobelakotea. Ereñozagak ez du askotan hartzen trena, are gutxiago Donostia-Bilbo egiteko. «Eguneroko bizitzan ezin naiz halako patxadarekin ibili. Hau benetan da garraiobide berezia». Gaur du oporretako azken eguna, eta Dolomitetan egon ondoren, «itzulera luzea» egitea hautatu du. Mungiako etxera (Bizkaia) ere, herriz herri doan autobusean joango da. Martutene-ra itzuli da emakumea. Geltoki izena ere bada hura, beste tren batena.
Altzolako geltokitik (Gipuzkoa) pasatu da trena. Hura ere, kulturarekin lotuta, Itoiz taldearen Ezekiel bigarren diskoko azalean agertzen baita.
Bidaiariak galderak egiteko beta du kostako trenean. Zergatik horrenbeste denbora Bilboraino? Zergatik horren geldo? Zergatik da horren bihurria ibilbidea?
Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak baditu erantzunak. «Trena halakoxea da, trauma baten ondorioa delako». XIX. mendean Bilbo-Tutera trenbidea egin zuten, eta porrot handia izan zen: ez zuen behar adina diru ematen inbertitutakoaren interesak ordaintzeko. Bilboko kapitalistentzat kolpe handia izan zen. Beraz, Bilbo-Durango trena eraikitzen hasi zirenean, gero Donostiaraino luzatuko zena, badaezpada ere, ahalik eta merkeena egin zuten: trenbide estua, tunel eta zubi gutxi, bihurgune asko...
Bilbo-Donostia trenbideak 115 urte bete ditu aurten; 1901eko urtarrilaren 1ean zabaldu zuten. Errentagarria izan zen berehala, eta orduan inor gutxiri iruditu zitzaion geldoa, beste aukerak gurdia eta diligentzia zirelako.
Salgai asko ere eramandakoa da kostako trena. Bere garaian Basauriko (Bizkaia) Vasconia, Firestone, Lemoako Portland fabrikari, Bergarako (Gipuzkoa) labe garaiei, Añorgako (Gipuzkoa) porlan lantegiari. 1950eko hamarkadan, urtero 600.000-700.000 tona garraiatu zituen, 7.000.000 bidaiariz gain. «Azkenean, tren txiki bat zen, baina tren handiaren lana egiteko eskatu zioten», esan du Olaizolak.
Eibarko (Gipuzkoa) industria bultzatzen eginkizun handia izan zuen, esaterako. Ibilbidearen erdian dago herria, eta trenak arrastoa utzi du hango folklorean. Adibide gisa honako istorioa, Luistxo Fernandezek bere aitari entzundakoa: «Mozkor zetorren eibartar bat trenean lo, eta, traka, argindarra joan zen Maltzagako geltokian. Rebisoreak esnatu zuen mozkorra, eta esan zion: 'Hi, Eibartik gertu gaituk, eta jaiki eta irten egin beharko duk, hemen korrienterik ez zegok eta'. Mozkorrak erantzun: 'A, bueno, korrienterik ez badago, orduan ekarri espeziala'».
Beste klasiko bat, trenean bidaiatzeko hiru kategoria eta hiru prezio zeuden garaikoa: kostako trenean asko ibiltzen zen eibartarrari galdetu zioten: «Hik zergatik daukak horren gustuko trena». Eta hark erantzun: «Terzerako txartela erosten dut, segundan sartu... eta primeran etorri!».
Eibarren amaitu da Marlene Mannerten eta Sven Hartlauben amets berdea. Alemaniako hegoaldetik auto-stop eginda heldu dira —denera, hamar autotan—. Orain, trenez. «Badakigu autobusak azkarrago egiten duela bidea, baina trenez askoz interesgarriagoa da, eta paisaia ikusi nahi genuen», esan du emakumeak.
Eibartik aurrera ulertzen hasten da trena bizirik gordetzen duten bidaiarien soziologia. Hijaba daraman neska gazte bat igo da Ermuan (Bizkaia). Zaldibar eta Berriz artean sei bidaiari doaz erdiko bagoian; hiru beltzak dira.
Horietako bat da Mathias Senghor. Euskalduna da, eta Eibar futbol taldeko gazteetako kidea. Entrenamendutik dator. Eibar-Matiena (Bizkaia) egiten du. Badu esperantza Ligan jokatzeko egunen batez. Trenak lagunduko dio.
Garazi Esnaola durangarrak nobela distopikoak irakurtzen ditu trenean. Bilbon egiten du lan, eta Boluetaraino joaten da trenez. Han metroa hartzen du. Aukera badu autoa erabiltzeko, baina ez dio merezi. Astean bi liburu amaitzen ditu.
Euroeszeptikoaren tranpa
Bidaiaren azken puska lehena bezalakoa da. Oriaren ordez, Ibaizabal du gidari trenak. Bidaiari gutxi Bilboren bihotzeraino. Datorren urtetik aurrera, trena ez da Atxurira joango, baizik eta Bilboko 3. metroko linea berrian sartu eta Txorierriraino helduko. «Bilboko metroaren parte bihurtzen ari da kostaldeko trena», esan du Olaizolak. «Ezingo da inoiz autobidearekin lehiatu, baina herriz herri ematen duen zerbitzuan dago haren garrantzia».
Michael Portillo telebista aurkezle eta ministro ohi ingelesak bidaia hau bera egin zuen 2014. urtean, BBCrako Great Continental Railway Journeys dokumental sailerako seigarren atalerako. Ikusleak engainatu zituen politikari kontserbadore ohiak: Atxuriko geltokira heldu beharrean, Abandokoan agertu zen kameren aurrean. Noski, Abandokoak beirateria ikusgarriagoak ditu.
Amaitu da Bassmatti musikariak txantxa gisa harturiko bidaia. Egun gutxiren buruan, horren inguruan kantu bat egingo duela agindu du. Kostako trenak herri kulturari eginiko beste ekarpen bat izango da.
UDAKO SERIEA. Garraio publikoa (II). Donostia-Bilbo.
Trenez, kosta ahala kosta
'Kostaldeko trena' esaten diote, eta Bilboko XIX. mendeko trauma kapitalista batengatik da horren bihurria. Bi ordu eta erdi behar ditu bidaia osatzeko; autobusak erdia behar du. Eta, halere, bada horrexegatik hartzen duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu