Txaro Romero. Erizaina

«Emakumeok zaintzarekin lotu gaituzte beti, baina gu nork zaintzen gaitu?»

BERRIA.
maddi iztueta olano
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Txaro Romerok Osakidetzako Txagorritxu ospitalean egiten du lan, ZIU zainketa intentsiboetako unitatean. 27 urterekin hasi zen lanean erizaintzan, eta 59 ditu orain. «Aldi baterako kontratuak, kontratu prekarioak... gorabehera askoko urteak izan dira».

Ikusi gehiago:ERRETIROA AURRERATZEKO MODURIK EZ

Erretiro aurreratua eskatu nahi zenuke?

Maite dut nire lana, baina esan beharra daukat zahartu ahala geroz eta zailagoa dela premiazko egoerei aurre egitea. Unitatean arrisku handiko egoerak izaten ditugu, azkar ibili behar dugu, eta nik ez dut duela hogei urte bezain azkar korri egiten. Ezin dut 30 urte dituzten erizainen erritmoan lan egin. Une honetan ez dut erretiroa hartzeko asmorik, baina agian hemendik bi urtera bai, eta hori aukeratzeko eskubidea izan nahi dut.

Zeri egin behar dio aurre erizainak egunerokoan?

Txandakako jardunaldiak ditugu, pertsonak eta karga handiak mugitu behar ditugu, botika arriskutsuak erabiltzen ditugu... Ezagutzen ditudan langile guztiek arazoren bat dute: estresa, bizkarreko eta sorbaldetako arazoak... Gainera, gauez lan egin behar dugunean ezinezkoa da egunean zehar guztiz deskantsatzea, eta are gutxiago haur txikiak badituzu etxean.

Arazo fisikoez gain, psikologikoki ere ez da lan erraza izango.

Karga psikologikoa oso handia da, eta askotan irainak jasan behar ditugu. Jendeari kosta egiten zaio heriotza onartzea, beste asko ZIUko geletara sartzen saiatzen dira. Irain asko jasan ditut lanean. Lehenengo ilaran gaude, eta askok gure aurka proiektatzen dituzte sentitzen ari diren emozioak. Bajan dauden lankide asko ditut, baita ZIUetan lanean jarraitu nahi ez duten asko ere. Urteak bete ahala, lankide askok sektorea utzi edo beste lanpostu batzuetara jotzen dute, jasaten dugun estres estrukturalak sekulako eragina duelako gure osasunean.

Erizain gehienak emakumeak zarete.

Gure lanbidean ia guztiak emakumeak gara. Emakumeok zaintzarekin lotu gaituzte beti, baina gu nork zaintzen gaitu? Gizarteak uste du emakumeak izateagatik bakarrik jarrera hori izan behar dugula, geure burua sakrifikatu behar dugula.

Gobernuak erantzun al die zuen eskaerei?

Erretiro aurreratua eskatu ahal izateko baldintza guztiak betetzen ditu gure kolektiboak. Hala ere, ez dut uste Espainiako Gobernuak ezer egingo duenik. Sindikatuek hamaika eskutitz bidali dituzte Madrilera, baina ez dago erantzunik. Ez gaituzte aipatu ere egiten.

Ikusi gehiago:«Langile askok gaixotasunak eta arazo mental eta fisikoak izaten dituzte»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.