Alaskako egoskorkeria

ARNW babeslekuan petrolioa ustiatzen uztea nahi du Trumpek. Banku nagusiek uko egin diote Artikoko petrolio proiektu berriak finantzatzeari

Artic National Wildlife Refuge babeslekua Alaska iparraldean dago. U.S. FISH & WILDLIFE SERVICE.
Irune Lasa.
2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
AEBetako presidentetzari eusteko kanpaina betean, Donald Trumpek beste urrats bat egin du herrialdeko ingurumena babesten duten mugak suntsitzen.Abuztuaren 17an, Trumpen administrazioak baimena eman zuen Alaskako Arctic National Wildlife Refuge (ANWR) petrolio zundaketak egiteko.

Biztanle oso gutxi ditu 7,8 milioi hektareako eremu horrek, eta hegazti migratzaileen, hartz zurien, karibuen eta beste hainbat espezie basatien etxea da. 1980an bihurtu zen babesleku, baina 2017an lege bat onartu zen, erreserbaren zati batean petrolio zulaketak baimentzen zituena. Orain, lege hori oinarri hartuta, eta ingurumenaren aldeko erakundeen atsekaberako, 161.000 hektareako eremuetan zulaketa eskubideak alokatzeko agiria sinatu du Trumpen gobernu federalak.

Petrolioaren aldeko lobbyak gustura daude. «Baimena ingurumen ikuskaritza zorrotzaren ondoren dator, eta petrolioaren eta gasaren industria tokian arduraz jokatzeko gai dela baieztatzen du», esan du American Petroleum Institute-ko Frank Macchiarolak, eta haren ustez lasaigarria den mezua gaineratu: «Industriak historia frogatua du Alaskako energia iturriak ingurumen aldetik modu seguru eta arduratsuan garatzen».

AEBetako Gobernuaren ustez, zortzi urteren buruan jada petrolioa ustiatu ahal izango da ANWRen, eta 50 urterako lana izango da. Baina, oztopo handi bat izan dezakete asmo horiek —Trumpen hauteskundeetako porrot posibleaz gain—. ABEtan dagoeneko bost dira ANWR petrolio eta gas ustiapenak finantzatzeari uko egin dioten banku handiak: Morgan Stanley, Goldman Sachs, JPMorgan Chase eta Wells Fargo. Ez dira bakarrak, UBSk eta Deutsche Bankek ere, ingurumen aktibisten presioari men eginda, adierazi dute ez dutela petrolio eta gas proiektu gehiago finantzatuko Artikoan.

Zentzu gutxi

Ingurumen ikuspegitik astakeria izan daiteke Alaskako erreserban zulaketak egitea Gwich'in indigenen lurralde sakratua —eta ehizalekua— ere bada. Baina ekonomiaren ikuspegitik ere ez du zentzu handiri; horrek esplikatuko luke, borondate onak gorabehera, bankuek ingurumenaren inguruan duten bat-bateko kezka.

ANWReko ustiapena errentagarri izateko, zenbait kalkuluren arabera, upela 80-85 dolarrean saldu beharko litzateke. Izan ere, lehen konplexua eta garestia bazen Alaskan petrolioa ustiatzea, permafrostaren urtzeak are zailago eta garestiago bihur dezake zulaketarako eta ustiapenerako beharreko azpiegitura guztia.

Horren adibide, ConocoPhillipsek Alaskako North Slopen abiatu nahi duen zulaketa proiektua. Horren arriskutsua izan daiteke permafrostaren urtzea, ezen ingurumen inpaktuaren azterketak berak plataformaren azpiko tundra atzera izozteko aukera jasotzen duen.

ConocoPhillips da egun Alaska iparraldean proiektuak dituen petrolio konpainia bakarrenetakoa, Hillcorpekin batera. Han daudenen itxaropena da ANWRn ustiatzeko oso merkea den petrolioa aurkitzea, 1968an North Slopen bertan, Prudhoe badian, gertatu zen bezala, non munduko erreserbarik handienetakoa topatu zuten.

Beste batzuk, ordea, mundua erregai fosilak atzean uztera doala aurreikusita, badoaz Alaskatik. Hori egin du BPk, hango aktibo guztiak Hillcorpi salduz 6.500 milioi dolarrean. Shellek ere bertan behera utzi ditu hango bere proiekturik gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.