Nafarroako Ahal Dugu-ko kontseilua hautatzeko prozesua gaur hasiko da

Begoña Alfaro, Neniques Roldan eta Ainhoa Aznarez dira idazkari nagusi izateko hautagaiak. Martxoaren 17an amaituko da bozketa

joxerra senar
Iruñea
2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Begoña Alfaro, Ainhoa Aznarez eta Neniques Roldan: hiru emakume, hiru proposamen eta hiru proiektu Nafarroako Ahal Dugurentzat. Gaurtik martxoaren 17ra bitartean, alderdiko militanteek Eduardo Santosen ordezkoa hautatuko dute bozketa telematiko bidez. Aldi berean, primarioetanNafarroako Herritarren Kontseiluko gainerako kideak ere aukeratuko dituzte. Astebete iraungo du prozesuak, eta martxoaren 19an jakinaraziko da nork irabazi dituen primarioak.

Aurretik, hiru hautagaiek gutxienez 60 berme aurkeztu behar izan dituzte, eta hiruren artean Begoña Alfarok erakutsi du indar handiena: 134 berme aurkeztu ditu; Ainhoa Aznarezek, 87, eta Neniques Roldanek, 89. Dena den, baliteke Alfarok hautagaitza aste batzuk lehenago aurkeztu izanak bere alde jokatzea.

Duela lau urteko primarioekin alderatuta, bestelako egoera batean egingo dio aurre alderdiak prozesu erabakigarri horri. Aurreko legealdiaren amaierako barne krisiak eta gerora hauteskundeetan lortutako emaitza txarrek itzal handia izan dute. 2015ean eztanda batean eta indar handiz sartu zen Ahal Dugu Nafarroako politikagintzan, baina hauspo hura galdu du, eta izpiritu hura berreskuratzeko asmoa antzematen zaie hiru hautagaitzei.

Antolamendu sinplea

Begoña Alfaro izan zen lehena aurkezten. Etxegabetzeen aurkako mugimenduan aritutakoa da; alderdia arnasberritzea du xede, eta horretarako «aurpegiak aldatu» behar direla deritzo. Aldarrikatzen du Ahal Dugu-k «funtsezko eragilea» izan behar duela erakundeetan eta erakundeetatik kanpo. Kaleetako pultsu hori galdu dutelakoan dago, eta hor jarri nahi du indarra. Alderdi barrura begira, «antolamendu argi eta sinplea» proposatu du, organo bakoitzaren eskumenak zehaztuz eta barne kohesioa bilatuz. Besteak beste, proposatu du erakundeetan ordezkaritza duten kideek tokia izatea Herritarren Kontseiluan.

Ainhoa Aznarez aurpegi ezagunena da, eta duela lau urte Eduardo Santosekin aurkeztu zen, eskuz esku. Alfaroren berriz hasteko proposamenaren aurrean, zubiak eraikitzeko ideia nabarmendu du. Profil anitzeko eta Nafarroa osotik etorritako kideek osatzen dute bere taldea, eta herrietako lanari garrantzia eman nahi dio Aznarezek, «herritarrengandik gertuen egoteko» eta horizontaltasunez aritzeko.

Neniques Roldan izan da jauzi egiten hirugarrena, eta nabarmendu du bere taldean alderdiaren sorreratik prozesua osorik bizi izandako pertsonak daudela. Alderdia «ahul» dagoela ikusten du, eta uste du esperientziak eta talde indartsu batek egoera irauliko duela. Haren irudiko, garrantzitsua da zirkuluetan eta herritarren kontseiluan behetik gora hartzen diren erabakiak errespetatzea, iraganean hori egin ez delakoan baitago. Politikoki, azpimarratu du klima aldaketaren aurkako borrokan egiazko bultzada eman behar dela.

Hirurak bat datoz hiru arlo azpimarratzean: batetik, feminismoa dute ardatz; bigarrenik, egungo gobernuarekin leial jokatzeko asmoa azaldu dute; azkenik, ondo ikusten dute etorkizunean ezkerreko indarren batasuna. Irabazlearen erronka izango da ideia horiek egia bihurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.