Aiora Zabala.
PENTSALDIAN

Beharrak eta planetaren mugak

2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Munduko estatu batek ere ez du lortu gutxieneko giza beharrak asetzea planetaren ingurumen mugak gainditu gabe, azkeneko 30 urteetan gutxienez. Hala dio orain dela gutxi argitaraturiko ikerlan batek. Karbono isuriei buruzko azkenaldiko zurrunbilo mediatikoaren ondoren, gizakiak gainditzen dituen beste hainbat muga daudela oroitarazten digu lan honek. Muga hauek gizakiak isuritakoa xurgatu edo erabilitako baliabideak berritzeko ekosistemek duten ahalmena adierazten dute: ura, lurra, materialak, ongarriak (nitrogeno eta fosforoaren zikloak nahasten dituztenak) eta abar. Mugak gainditzeak esan nahi du hurrengo belaunaldientzat planetaren aberastasuna ez dela horrenbestekoa izango, eta kutsadura, ur eskasia eta antzeko arazoak handituz doazela.

Datuak ikusita, Espainian adibidez, nitrogenoaren zikloa eta materialen erabilera erabat aztoratuta dabiltza, bertako ekosistemek eman eta kudea dezaketenaren aldean. Fosforoaren zikloan hobekuntza handiak egin dira. Frantzian, nitrogenoa eta karbono isuriak ere nabarmen dira, gaindituriko beste mugen artean.

Giza garapenaren hamaika adierazle ikusita (hala nola hezkuntza, osasuna, berdintasuna), bi estatuetan ia beharrezkotasun guztiak asetzen dira, enpleguari buruzkoa ezezik.

Munduko batez besteko datuei so, baliabide naturalak oinarrizko giza beharrak asetzen diren baino azkarrago xahutzen dira. Naturaren mugak erabat gainditu diren arren, hainbat giza adierazle ez dira ase oraindik, besteak beste, gutxieneko hezkuntza eta diru sarrerak edukitzea, energia eta garbitasun zerbitzuak eskuragarri izatea.

Pandemiatik ekonomia berreskuratzeko helburuak hainbat izan daitezke. Ohiko makroekonomiaren adierazle hertsietatik at joan nahi izanez gero (adibidez, berreskurapen berde eta erresilientea nahi izanez gero), irizpideak konplexuak izan daitezke. Bioekonomia, ekonomia zirkularra, ekonomia berdea... planetarekin bakean jarduten saiatzeko modeloak hainbat dira: animalia eta landareetan oinarritutako ekoizpena eta kontsumoa bata, birziklapenean oinarritutakoa bestea, eta industria kutsatzaileetatik aldentzen diren inbertsioak bultzatzen dituena hirugarrena. Beste ikerlan berri baten arabera, ekonomiaren hiru modelo hauetatik bakar batek ez luke gizartea jasangarri bihurtuko—nahiz eta denak lagundu dezaketen.

Erroskillaren ekonomia (doughnut economics) planetaren mugak eta gizakien beharrak biltzen dituen hasierako ikerlanaren funtsa da. Izen xelebre eta adierazle multzo nahiko sinple batekin, ekonomia berreskuratzeko norabideak aurkitzen lagundu dezake. Erroskillaren barneko ertza gizakien gutxieneko beharrak dira. Haren kanpoko ertza, bestalde, planetaren mugak. Erroskilla barnean egon nahi genuke: ez zuloan, ezta kanpoaldean ere. Gobernantzan honelako ideia egituratuz jakin genezake zein neurritaraino lortzen dugun ongizatea, ingurumenarekin zuhur ibili bitartean. Amsterdameko udaletxeak hala egin du dagoeneko.

Munduko estatu batek ere bere osotasunean ez du lortu ongi bizitzeko aukerak planetaren mugen barnean bermatzea. Baina ausartuko nintzateke esatera beste maila batzuetan asko oso hurbil daudela (hiri edota etxalde mailan). Erronka da eredu horiek aurkitu eta nabarmentzea, eta bi gai handi hauek bateratzea norbanakoaren esku ere badagoela onartzea, adibidez Gabonetako opariak hautatzean.Pertsona hobeak edo zoriontsuak izateak ez luke planeta kostatu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.