Aiora Zabala.
PENTSALDIAN

Uholdeak

2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Azkenaldiko prezipitazioak klima aldaketaren zeinu diren ala ez, zaila da segurtasunez esatea. Ziur esan daiteke, ordea, ondorio latzenak saihestu eta eraginei aurre egiteko prest egotea gure esku dagoela erabat.

Uholdeei buruz idazten tentuz ibili nahi nuke. Galera pertsonalak izan dituztenak aintzat hartuta gehienbat; baita kalte materialak jasan dituztenak ere, jo eta su erreskatean ibili direnak eta garbiketan dabiltzanak, arrisku eta alerta planak kudeatzen dituztenak, eta ikarak edota ziurgabetasunak jota ezinegonean izan direnak eta daudenak. Arrotxapeko piraguistaren eta auzolanean aritutakoen baikortasuna eredu hartuz, gertaera hauei aurrez begiratu behar, ordea. Ez horrenbeste naturaren fenomeno indartsuak behatzeak askori pizten digun zirraragatik, baizik eta hainbaten bizitza aztoratu eta aztoratuko dutelako.

Tentuz, era berean, eguraldi euritsu luze hau klima aldaketaren ondorio dela doitasunez jakitea ez delako erraza. Itzulera-denboraldia teknizismoaren arabera, neurri bateko euriteak eta uholdeen zabalerak hainbat urtetik behin gertatzea espero daiteke: leunagoak hamar urtetik behin, egundokoak ehun urtetik behin, eta abar. World Weather Attribution bezalako ikerlan proiektu erraldoiak dabiltza jazoera zehatzei buruzko horrelako galderak ahalik eta azkarren erantzuten. Proiektu honen arabera, Alemanian udako uholdeak eragin zituen prezipitazioa laurehun urtetik behin espero zitekeen, klima aldaketarik gabe. Aldaketa klimatikoak horrelako epealdiak murrizten ditu; beraz, muturreko fenomenoak maizago espero daitezke.

Prezipitazio hauen aldaketen ondorioak aurreikustea are zailagoa da, tokian tokiko ezaugarriak eta giza faktoreak sartzen direlako. Funtsezko zergatia mundu mailako negutegi efektuko gasen isurpenak direnez, norbanakoei ezer egitea ezinezkoa irudituko zaigu. Beldurrez edo frustrazioz, etsita sentitu gaitezke.

Giza faktorea tartean dagoelarik, ordea, erantzuna gure esku sartzen da bete-betean. Honek esan nahi du ez dagoela etsipenerako tokirik, ekimenerako baizik, baita klima aldaketa bezalako erraldoi baten aurrean ere. Katrina urakanak baliabide gutxieneko familiak ebakuatzeko laguntza behar dutela erakutsi zuen. Kentuckyko tornadoen ondorioak larrialdi meteorologikoetan lantegietan neurriak hartzearen garrantzia oroitarazi du. Gastu ekonomiko gisa hartzen diren neurriek benetako irabaziak edota kalte-saihesteak ekarri ditzakete gero. Iaz Frantziako Alpe Maritimoetan Alex ekaitzak birrindutako hainbat errepide berreraikitzen dihardute oraindik. Kalteak ekiditeko gastuak etorkizunerako aurrezpen itzelak izan zitezkeela erakusten du. Euskadiko Uraren Agentziaren online mapan, adibidez 10, 100 eta 500 urtetik behin urpetu litezkeen tokiak erraz ikus daitezke —zuhur ibiltzeko erabat lagungarri—. Gune aldapatsuetan dagoen lur estaldurak (landaredia, zuhaiztiak) eta azpiegiturek zeresan handia daukatela ere badakigu.

Aipu berezia aldiriek merezi dute. Mendaro errepidez isolatuta gelditu zelarik, trenak jarraitu zuen, fidagarri. Gabirian, bestalde, zerbitzua moztu behar izan zen, agian trenbidearen inguruko landaredia ongi mantendu ez izanagatik. Hortaz, hasierako lagunen zerrendan, mendiak eta zuhaitzak poliki zaintzen dituztenak ere sartuko nituzke. Madril eta Donostia ziztuan lotuko dituen inbertsioaren frakzio bat eguneroko trenbideak mantentzera bideratuko balitz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.