Apurka-apurka, pandemiaren labirintoari ate batzuk irekitzen ari zaizkio, gorabehera handiak dauden arren lurralde batetik bestera. Espainiako Gobernuak ezarritako faseetatik lehenengora igaro ziren Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa maiatzaren 11n, baina Nafarroa ez beste herrialdeetan zenbait murrizketa egin zituzten; haietako batzuk atzoz geroztik bertan behera utzita daude. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, eskolei ekin diete berriro, Hegoaldean ez bezala.
Astebete igaro da Hego Euskal Herrian dendak eta ostatuetako terrazak zabaldu zituztenetik, eta horren eragina nabaria da. Bilbon, esaterako, eta udaberriko giroa lagun, jendea goiz-goizetik ibili da Plaza Barriko eta Unamuno plazako terrazetan; pilaketarik gabe, baina mahai guztiak hartuta. «Ondo moldatzen ari gara jokamolde berrira eta osasun protokoloetara», esan du Culmentabernako Iñigo Valdiviesok, Plaza Barrian; lehenengo egunak kaotikoagoak izan ziren, baina apurka-apurka ikasten ari gara, eta jendea ere bai: badaki zer egin behar duen eta zer ez».
Plaza Barrian, hiru lagun zain daude, mahairen bat noiz libratuko: «Zerbitzariak esan digu mahai bat libre gelditzean geure txanda izango zela, baina emakume bat iritsi da eta aurrea hartu digu». Izan ere, adinekoek lehentasuna dute terrazetan. Baina hiru lagunok ez daude nahigabeturik: «Ez dugu presarik, eta, gainera, hemen epelean ondo egoten da». Bi udaltzain hara-hona dabiltza plazan zehar; terrazetako batean distantziari eusteko esan diete bezero batzuei, baina ez dirudi aparteko arazorik dagoenik.
Arazoak Ledesma kalean egon ziren, joan den astelehenean; zenbait bezero arrastoan ezin sartu eta, azkenean, ixtea erabaki zuten kafetegi batzuetako jabeek. Ledesma kafetegian, aldiz, ez dute horrelako arazorik izan: «Pilaketak batez ere kaleko goiko zatian izan ziren», azaldu du Alex Burgok; «hemen bi pertsona jarri genituen terrazei zerbitzua emateko, eta ondo eraman genuen.».
Ledesma kafetegiak 53 urte eman ditu zabalik —«gure familiako hiru belaunaldik lan egin dugu hemen», azaldu du Burgok—, baina inoiz ez dute honen moduko egoerarik ezagutu. Terrazan dituzten zortzi mahaietatik lau atondu dituzte: «Arazoak izan ditugu mahaien arteko bi metroko aldeari eusteko; mahaiak apur bat mugitu behar izan ditugu, eta batzuk estalpetik kanpo gelditzen dira pixka bat. Eguraldi honekin ez dago arazorik, baina euria eginez gero, akabo. Gainera, kristalezko itxitura batzuk jarri ditugu mahaiak banatzeko».
Burgok uste du merezi izan duela kafetegia zabaltzea, «jendeari zerbitzua» ematen dietelako, «baina etekinen aldetik, oraindik ez da errentagarria taberna horrela irekitzea. Ledesma kale garestia da, eta alogerak altuak izaten dira».
«Pertsona helduak gara»
Bilboko Zabalgunean dago Arbiol kafetegia, eta inguru hartan zabalik dauden bakarretako bat da.Hango arduradun Asier Nuñezek kartel bat jarri du kanpoko aldean, bezeroei «enpatia» eskatzeko mahaiak erabiltzerakoan: «Denok disfrutatu nahi dugu, baina pertsona helduak gara. Absurdoa iruditzen zait jendeari kafe bat hartzeko denbora mugatzen ibiltzea». Oro har, jendea «ondo» jokatzen ari dela deritzo: «Badago mahaia beretzat goiz osoan hartu nahi duenik, baina oso gutxi dira». Nuñezek ez du irabazi askorik ateratzeko itxaropenik: «gastuak berdintzearekin» konformatzen da.
Bestelako saltokietan ere astebete daramate zerbitzu arrunta eskaintzen —haietako batzuk lehenago hasi ziren, baina eskaera aldez aurretik eginda baino ez zuten funtzionatzen—. Hori da, esterako, Power Records disko dendaren kasua: «Hasieran nabaritzen zen batzuk diskoak erosteko gogoz zeudela», esan du hango arduradun Jon Barrasak, «baina, oro har, bezero gutxi etortzen ari da. Nik uste dut jendea oraindik beldur dela. Denbora beharko da egoera normaldu arte».
Koronabirusa. Lehen fasean astebete
Bilbo: negozio hutsa baino zerbait gehiago
Astebete igaro da Hego Euskal Herrian ostatuetako terrazak zabaldu zirenetik. Irabazi handiak egitea baino gehiago, «zerbitzua eskaintzea» dute jabeek helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu