'Zohardia'-ren hamalau zuzenketa partzial bozketara

2017ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Sorturen Zohardia txostenari 919 zuzenketa partzial aurkeztu dizkiote haren kongresurako izena emandakoek, eta alderdiak bere webgunean jarri ditu guztiak ikusgai, bakoitzari oharra eginez: iritzi bat, eta onartu den ala ez, edo bozkatzera pasatuko den esanez. Hamalau zuzenketa pasatu dituzte bozketara.

Hilaren 21ean izango da Sorturen biltzarra, eta bezperara artean bozkatuko ahal izango dira hamalau zuzenketa horiek. Haietako batek proposatu du «euskal errepublika» beharrean «errepublika eusko-nafarra» izendatzea. Beste batek dio Sortuk, Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna lortzeko helburua izateaz gain, «ekologista» ere aipatu behar duela. Beste zuzenketa batzuk: «Sorturi kuota ordaintzea Sortzaileen borondatezko aukera izango da»; «Sorturen zuzendaritza nazionaletan herrialde eta errealitate guztiak parekidetasunez ordezkatuak egotea bermatuko da»; «egituraren berritze eta freskatze iraunkorra bermatu zein behartze aldera, liberazioen iraupenari muga jarriko zaio: zortzi urtekoa»; «herrialde mailako erreferendumak antolatzeko aukera izango da, herrialdeko Sortuguneen %35ak eskatuz gero»; «Sorturen zuzendaritzetan inoiz ez egotea %60tik gorako gizon eta %40etik beherako emakume portzentajerik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.