Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) Endokrinologia Zerbitzuaren burua da Sonia Gaztanbide (Bilbo, 1953). Biocruces, Ciberdem, Ciberer eta Endo-ERN zentroetako ikertzailea ere bada, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Urteak daramatza diabetesaren arloan lanean, eta zoli egin du ñabardura, jarduera klinikoak pazienteen nahirik behinenak ezagutzea baitakar: hurbiletik jarraitzea. «Paziente diabetiko esan beharrean, esan ezazu diabetesa duten pazienteak edo pertsonak».
Praktika klinikoan, zer ekarri zuen intsulinaren erabilerak?
Iraultza bat izan zen. Intsulina behar zuten pazienteak orduan hasi ziren bizitzen; gainerakoan, aldi hartan, bost bat urtean hil egiten ziren. Heriotza segurua izaten zen. Desnutrizio arazoekin hasten ziren. Badira argazkiak erakusten dutenak intsulina jarri zioten lehen pazientea nola aldatu zen intsulina hartzen hilabete batzuk egin ostean; argazkietan ezagutu ere ezin da egin: apurka-apurka pisua hartzen hasi zen, eta bizirik irteteko era izan zuen. Beraz, intsulinak, aurren-aurrena, bizitzak salbatu zituen.
Ikusi gehiago: Bizitzak salbatu ditu
Tratamenduek zelan egin dute hobera urteotan? Zer lorpen nabarmenduko zenituzke?
Hasieran, lortzen zen intsulina ez-purua zen; urteekin hobera egin zen. Ordutik, aurrerakuntza handiak izan dira bioingeniaritzan eta medikuntza genetikoan; horrek pankrearen funtzionamendua imitatzeko ahalegina egiten duten intsulina berriak ekarri ditu. Hasieran, eragin azkarreko intsulinak besterik ez zeuden: otorduen aurretik hartu behar izaten ziren beti. Apurka, luzatu egin da horien eragina. Horrek hobekuntzak ekarri ditu gaixoen iraupenean eta diabetesaren kontrolean, eta gaixotasunak ekarri izan ohi dituen konplikazio kronikoak saihesteko modua izan dute.
Eta espero dira oraindik hobekuntza gehiago ere, ezta?
Oraindik ez dago merkatuan, baina aurki astean behin jartzeko moduko intsulina bat espero dugu; zenbait paziente motarentzat aski egokia izan daiteke. Asko ari da hobetzen dena. Intsulina adimentsuak deiturikoak ere helduko dira; intsulina dosi bat ematen da, eta telefono mugikorraren bidezko aplikazio batek aktibatu edo inaktibatu egin dezake: emateko era hobetuko du horrek. Beraz, intsulinak eboluzioa izan du, baina emateko bideek ere bai. Horiek horrela, diabetesa duen pertsona batek orain berrogei urte zuen bizitzak eta orain duenak ez dute zerikusirik.
Bizi kalitatea hobetu da...
Bai, diabetesak eragindako konplikazio kroniko gutxiago dituzte orain, eta ia gainerako herritarren pareko bizi iraupena izan dezakete, gainera. Pazienteek oraindik ere intsulina injektatu beharra dute, eta gluzemia maila kontrolatu behar izaten dute, baina horren onura handia da. Bizi luzeagoa dute, eta hobea. Egin diren urrats berrietan teknologia berriak erabili dira orain sarri askotan. Zenbaitetan tratamendua zaildu ere egin dute tratamendu berri horiek: izan ere, mundu guztiak ez du teknologia berriak erabiltzeko gaitasuna. Horregatik, oso garrantzitsua da pazientearen trebakuntza. Jakin behar du egiten ari dena ondo egiten duela, eta zer egin dezakeen hobeto aritzeko. 80ko urteetan hasi ginen arlo horretan lanean, eta horrek era aldaketa handiak ekarri ditu.
Ikusi gehiago: Dena neurtzera ohitu behar
COVID-19aren izurria hasi zela badira dagoeneko ia bi urte, eta lehen mailako osasun arreta nahi eta ezinean ari da. Zer ondorio izan ditu horrek diabetesa duten pazienteetan?
Uste dut, batez ere, eragina izan duela ez intsulina mendeko diabetesa duten pertsonengan; lehen mailako arreta ezinean nola ari den, bertara heltzea zailagoa denez, askok ezin izan dute iritsi: diagnostikatu gabe geratu dira. Hori arazo bat da; paziente horiek ez dute intsulinarik behar, baina bizi ohiturei buruzko informazioa behar dute; farmakoak ere bai usu. Seguruenera hainbat pazienteren kontrol txarragoa ere ekarri du; COVID-19arekin gaindituta, denari ezin zaio erantzun.
Intsulinari esker urteotan guztietan lortutako aurrerapenak guztiz gogoangarriak dira, baina, tamalez, tratamenduok herrialde aberatsetako kontua dira sarri askotan, ezta? Hori ere alderatu daiteke COVID-19arekin...
Herrialde behartsuetan ez da erraza intsulina lortzea: garestia da. Badira Nazioarteko Diabetes Federazio IDFren intsulina banatzeko programak, baina ez da toki guztietara heltzen. COVID-19aren kontrako txertoak ez dira heltzen: intsulina ere ez.
Osasuna. Diabetesa: ehun urte intsulinarekin. Sonia Gaztanbide. Endokrinologoa
«Aldi hartan, intsulina behar zuten gaixoak hil egiten ziren bost urteren buruan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu