Joseba Tapia. Musikaria

«Eszenatokira itzuli nahi nuen berriz»

Gazteak eta eszenatokiak, biak aipatu ditu maiz Tapiak: batzuk, haiengan giro indartsu bat ikusten duelako, nahiz eta transmisioaren auziak eta ikusgarritasun faltak kezka eragiten dioten; besteak, bere lantoki nagusi eta kutuna direlako: «Nik kantuak kantatzeko egiten ditut».

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz
Lasarte-Oria
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Orain bi hilabete Egon edo ez egon diskoari buruz izatekoa zen elkarrizketa atzeratu zuen albisteak: Joseba Tapiari emango diote aurten Adarra saria. «Nola, ba? Beste asko daude-eta ni baino lehenagokoak...», harri eta zur, bera. Saria onartu beharrean sentitu zen, azkenean, eta etzi jasoko du, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Kontzertu bat emango du ondoren, lagunez inguratuta. Izan ere, Tapiak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1964) agertokia du bere lekua, lanerako eta dibertitzeko gunea. Diskoaz, kontzertuez eta musikaren panoramaz aritu da besteak beste, ogibidearen beste zati duen irakasle jardunetik tarte bat hartuta. Ez dago egonean egoteko.

Nola jaso duzu saria?

Ikusgarritasun zerbait ematen badu, ongi etorria. Beharrezkoa dugu; nahiz eta medio eta agertoki asko dauzkagun, guretzat geroz eta toki gutxiago dago. Konpetentzian enpresa asko dabil bueltaka, bai kanpokoak, bai bertakoak, espazioak okupatzen. Bestalde, nerabeentzat beste musika bat inposatzen da hedabideetan. Horientzat ere arrotzak gara. Inportantea da garai horretan bertako musika eta sorkuntza egon dadin. Uste dut hemen egiten den musikak ere balio duela gazteentzat. Inoiz baino produkzio gehiago dago, eta askotarikoa gainera.

Nolakoa izango da etziko kontzertua?

Apirilean kontzertu bat eman behar genuenez Viktoria Eugenian, erdi ez, ia antolatua genuen programa. Disko berria aurkeztekotan ginen. Zertxobait aldatu dugu, gonbidatu batzuk ekarriko ditugu, baina gutxi gorabehera disko horren bueltan izango da.

Soinu txikia eta handia, biak izango dituzu aldean, beraz.

Bai, ez ditut bakarrik disko berriko kantuak kantatuko, eta disko zaharretakoak asko trikitiarekin dira. Egia da garai batean konfrontazio bat egon zela bi instrumentuen artean, baina uste dut lehia hori atzean gelditu dela. Gaur egun, bi instrumenturekin ez, pila batekin jotzen dugu.

Nolatan hartu zenuen berriro soinu handia Egon edo ez egon diskorako?

Tarte handi bat egin dut soinu handitik fuera. 14 urte arte ikasten aritu nintzen, eta gero disko honetan hartu dut berriz. Tartean, hartu ditut instrumentu gehiago, baina soinu handia ez. Ez dakit... Halako urruntze bat eduki dut, luzea, nahiz eta niri beti gustatu izan zaidan soinu kromatikoa, bai musika popularrean, bai garaikidean. Entzun ere asko entzuten ditut soinu handiko gauzak, baina neronek hartu, orain arte ez.

Eta zergatik orain?

Disko berri bat egiterakoan, behar izaten dut unibertso sonoro berri bat antolatu, gure kantentzat egokia izango dena. Bilaketa horretan, ezkerrera eta eskuinera jotzen dugu, gauza bat eta bestea probatzen dugu, eta, kasualitatez, soinu kromatikoa hartu nuen, harmoniak zabaltzeko, betikotik urruntzeko. Askotan, instrumentu aldaketak pista bat ematen dizu; ez beti, baina disko honetan ezinbestekoa izan da. Moldaketak egiteko ere oso baliagarria suertatu zait.

Tranpaldo (2019) aurreko diskoa bezala, berria ere talde zabal batekin egin duzu. Zer ematen dio horrek zure musikari?

Erronka handiagoa jartzen diozu zeure buruari; instrumentu gehiagorentzat idatzi behar duzu. Handitasuna, indarra, beste janzkera bat aurkitzeko gogoa izan liteke. Nolako moldaketa egiten duzun. Bakarka ere aritu naiz, hori ere ederra izan liteke. Askotan, testuak markatzen du bide bat edo bestea. Kasu honetan, orkestra handi bat osatu dut.

Entzuteko, esker oneko formatua da.

Banda moderno elegantea osatu dugu. Gu herri musikatik gatoz, eta diskoa bera ere dantzagarria da. Dantza munduan ibili naiz bizitza erdian edo ia osoan. Gustatu egiten zait, eta kantu ederrak egiteko ere egokia dela esango nuke.

Haize kontra zoazela ematen du: garai estuetan, proiektua soildu ordez, handitu egin duzu.

Igual garairik txarrenean [barrez]. Ez da erraza horrelako taldetzarra mugitzea, diru asko balio du horrek. Eskertu behar dudana da nire taldekideen disposizioa. Gogo biziz eta gustura ari dira, eta horrek animatu egiten nau. Ikusgarritasuna txikitu den garaiotan, ia-ia nire sostengu printzipala taldekideak dira.

Bakarkako bederatzigarren diskoa duzu Egon edo ez egon...

Eta Tapia eta Leturiarekin beste hainbeste egin nituela esango nuke: bederatzi eta bederatzi. Nire zenbakia izango da.

Etorriko ahal dira gehiago!

Ez dakit, ez dakit [barre txikiarekin].

Orain errazago ateratzen dira kantuak eta diskoak, ala beti da lan zaila?

Nire kasuan, ordena batean doaz gauzak. Lehenengo, kantuaren bila noa. Eta hori gogorragoa da, zeren soiltasunean abiatzen bainaiz. Egindakoa beti berdintsua iruditzen zait, eta hori puskatzen lanak izaten dira. Erraz konformatzen ahal zara, baina ez duzu erraz konformatu behar; sokatira bat da. Gero dator nola jantzi: bakarrik, talde handiago batean, zer sonoritate bilatu, zer moldaketa egin... Hor askoz gusturago eta lasaiago aritzen naiz lanean, kantuaren ama orantza aurkitu ondoren.

Umore eta ironia handia dute Koldo Izagirrek disko berrirako idatzitako hitzek. Umorea behar du musikak ere?

Koldoren hitzetan umore handia dago, dudarik gabe, eta umore jakin bat, gainera. Asko gustatzen zait. Berreskuratu izan ditugu garai gogorretako kantutegi batzuk: Agur Intxorta maite [2001], kartzelaldiak, Tximela kapitainaren izarrak [2013], karlistak eta liberalak... Eta horietan umorea aurkitu dut. Izugarria iruditzen zait gauzarik gogorrenean ere umorea ateratzeko kapazitate hori. Nire ustez, horrek adierazten du gizarte baten osasun mentala. Halere, kasu eman behar da: umorea izan liteke ukendu bat, baina baita zapaltzailea eta gaiztoa ere. Umorea gauza oso serioa da.

Kezkatuta aritu zara ikusgarritasunagatik. Egoera aldatu egin da?

Aldaketa handi bat ikusten dut, bai promozionatzeko moduan, bai zuzenekoetan... Ikusgarritasun falta egonik ere, talde asko ikusten dut, saiakera asko, eta, gainera, jarraitzaileak atzetik. Poza ematen du. Nire beldurra aurrera jarraitzeko izan ditzaketen zailtasunak dira. Ez daukagu ongi antolatua aurrerako bidea. Talde askok aurreneko diskoak egin eta gero utzi egin behar izan du; hori da tristeena.

Eta zeure burua nola ikusten duzu zirkuitu horren barruan?

Ni nolabait lasai nago. Nire ibilbide diskografikoa egin dut, gorabeherekin eta nahi duzun guztiarekin, baina nire lekutxoa badaukat, eta nire kontzertutxoak ere bai. Ez naiz hain estu sentitzen. Zaharrago bai. Gazte kuadrilla handiak ikusten ditut eszenatokietan, eta ni ja... ile urdindun [barrez]. Hala ere, edaderik hoberenean nago.

Lanartean ere bazabiltza, euskararen langileen egoera hobetzeko asmoz.

Gure ofizioak etapak dauzka. Hasieran, ez daukazu lan kontzientziarik, baina uste baino azkarrago etortzen zaizkizu kontratuak, fakturak, ordaindu beharreko tasak... eta, gehienetan, kolpeka, zilipurdika sartzen gara mundu horretan. Noski, galtzaile ia beti kantaria izaten da. Kotizazioak eta gauza horiek ez dira sartzen gure utopietan. Horrek gure kontra jokatzen du, azkenean.

Eszenatoki gaineko gazte kuadrilla horietako batek, Chill Mafiak, leyenda izendatu zintuen.

Horrek zahar sentiarazi ninduen [barrez]. Eta harro ere bai, e!

Bestalde, Duplak Eromerian-en bertsio bat egin zuen iaz. Zer gertatu da hor?

Eztanda bat egon dela esango nuke. Eskola eder bat egon da aurretik, eta orain fruituak datoz. Inpresionatuta eta pozik nago. Gaztedia indartsu ikusten dut, gogoz, puskatzeko eta zikintzeko konplexurik gabe, eta hanka sartzeko ere bai. Gu ere hanka ederki sartutakoak gara, eta horrela ikasi ditugu gauza batzuk. Gero, denborarekin, gaztetako freskotasuna eta irudimena galtzen ditugu: geroz eta zuhurrago, kontu handiagoarekin, marra gorriak ezarriz...

Miresmena sortuko zenuen...

Baliteke. Hala ere, leyenda jartze horrek esan nahi du distantzia bat ere badagoela. Beharbada ez gaituzte inoiz ikusi. «Ba omen zegoen gizon bat Pernando Amezketarra izena zuena»... Horregatik diot ikusgarritasunarena. Igual urte asko egon gara palestra horretatik urrun. Horrek kezkatu ninduen,eta horregatik sortu nuen Tranpaldo proiektua.

Bai?

Eszenatokira itzuli nahi nuen berriz. Besamotzak proiektua ere hortik abiatu zen [2017]. Gitarra hartzeko tentazioa aspaldikoa nuenez, moldaketa elektrikoago bat egitea pentsatu nuen; gogoa nuen neure burua eszenatokian ikusteko jantzi horrekin. Aurrekoetan, beste bide bat hartu dute nire lanek. Testuari jarraikiz, sotiltasuna eskatzen zidan instrumentazioan. Eta, ezinbestean, kontzertu pisuagoa, gogorragoa suertatu. Gero programatzeko zailagoa zen, seguruenik. Horrek urrundu ote nauen ohiko agertokietatik, hori da nire zalantza. Ez dago esperimentaziorako egarrihandirik. Lastima da.

Adarra saria emateko, herri musika gaurkotzen egin duzun lana nabarmendu dute, besteak beste. Esaten da gaur badagoela tradizioa berrikusteko joera bat musikan...

7 urterekin hasi nintzen soinu handia ikasten eskolan, eta eskola hura ez zen ez popularra, ez tradizionala; klasikoa eta garaikidea zen. Bertakoa ez zen influentzia batetik abiatu nintzen. Eskola horrek indar handia eduki du, eta fruitu handiak eman ditu. Halere, niri interesgarriagoa egiten zait abiapuntua etxetik izatea, bertakotik. Beste jakinduria bat ematen dizu, aberatsagoa. Musika tradizionala eta kontserbatoriokoa kontrajarriak bezala ezagutu ditugu, eta denbora luzean korapiloa sentitu dut afera horren inguruan. Orain aurkitu dut soluzioa.

Zein?

Bakoitzak bere bidea lantzen duela. Kontserbatorioan, partitura irakurtzea da lehentasuna, obra klasikoak jo ahal izateko. Partiturakoa zehatz eta azkar jo behar da: ezin duzu zure modura aldatu. Herri musikan, gutxi gorabeherakoa behar izaten da; bakoitzak eman diezaiokeen ukitua estimatu egiten da. Sortzailea da. Ez dago modu perfektuan jo beharrik. Beldur gutxiagoz hasten da edozein jendaurrean jotzen. Gero egin liteke klasikorainoko bidea ere, baina hori gutxi batzuentzat izango da, ziurrenik. Trikitia eta akordeoia ere borroka batean ezagutu ditut: akordeoia konpletoagoa dela, soinu txikiak mugak dituela, ez dela iristen... Normalean, mugak jotzaileok izaten ditugu, instrumentuek baino gehiago.

Egon edo ez egon baldin bada gakoa, badirudi zu egon bazaudela; gogotsu, gainera.

Bai, gogoa ez dut batere galdu, hori oso ondo elikatua daukat. Gozamena ere bai, e. Gozatu egiten dut eszenatokian. Noski, gauza gogorra ere izaten ahal da, zeren oso ondo kaptatzen baitituzu zure hutsuneak, eta horiek behar dituzu landu eta berreskuratu. Espazio hori guretzat gune oso inportantea bilakatzen da, gozatzeko eta lanerako: diskoan, askotan kantuak geldi egoten dira; gero probatu egin behar da ea kantatzeko balio duten. Zeren kantuak gauza askotarako egin bailitezke, eta nik kantatzeko egiten ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.