Presidentetzarako bozak Brasilen. Komunitate indigenak

Munduaren arnasgunea, itotzear

Amazoniaren suntsiketa gelditzeko, basoaren %80 modu iraunkorrean babestu behar litzateke 2025. urterako. Nekazaritza eta ganadua dira deforestazioaren eragile nagusiak.

Brasilgo Amazonian deforestatutako baso eremua. MARCELO SAYAO / EFE.
maddi iztueta olano
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
A mazoniaren egoera ikertzen duten bi erakundek egindako ikerketa baten arabera, Amazoniaren suntsiketa eragozteko, lurren %80 modu iraunkorrean babestu behar lirateke 2025. urterako. Horretarako, baina, hiru urtean eremuaren %6 berreskuratu beharko litzateke, eta lur horiek salbu mantendu.

Aire faltan dago munduaren arnasgunea. Hogei urtean baso eremuaren %9 galdu du Amazoniak, eta ez dirudi hobera egingo duenik. Horixe azaldu dute RAISG Gizarte eta Ingurumen Informazio Georreferentziatuaren Amazoniako Sareko zientzialariek eta COICA Amazoniako Arroko Indigenen Erakundeen Koordinakundeak Amazoniaren egoeraren inguruan egindako azken ikerketan.

Ikusi gehiago:Indigenak, basoaren zaindari

Amazonia, erlojuaren aurka izendatu dute txostena. Orain arte egindako lan zabalena da; izan ere, baso handia osatzen duten bederatzi lurraldeen egoera aztertu dute. Adituen esanetan, puntu kritikora iritsi da Amazoniaren egoera, basoaren eremu osoko %74 soilik baitago osorik. Berehalako neurriak hartzen ez badira, «ezingo da eragotzi atzera-bueltarik gabeko suntsiketa».

Egun, Amazonia partekatzen duten bederatzi estatuetatik bik bakarrik dituzte basoen erdiak osorik: Surinamek eta Guyana Frantsesak. Beste bostetan, basoaren %26 eta %43 artean dago salbu. Egoera bereziki larria da Brasilen eta Bolivian; Amazoniako deforestazioaren %90 biltzen dute, eta sabanizazioa errealitate bilakatzen ari da lurralde horietan.

Ikerketaren arabera, azken urteotako deforestazioaren eragile nagusiak nekazaritzaren eta ganaduaren industriak dira. Elikagaien ekoizpenerako erabiltzen diren eremuak 1985ean halako hiru dira, eta deforestazioaren %85 hartzen dute bere gain. Ekoizten dituzten produktuen artean daude soja eta palma olioa, baina ganaduaren industria da deforestazioaren sustatzaile nagusia. Brasilek du munduko abere talde handiena: 215 milioi buru.

Ikusi gehiago:«Babesa» ez da basoko izkina guztietara iristen

Ekoizten den behi larruaren %80 ia ehun moda marka ezagunekin lotuta dago; esaterako, Adidasekin, Ralph Laurenekin eta Zararekin. Dena den, badira Amazoniako lurren deforestazioari gehitu behar zaizkion beste hamaika arrazoi: legez kanpoko meatzaritza, errepideen sorkuntza, zentral hidroelektrikoen instalazioa eta petrolio blokeak, besteak beste.

Munduaren birikak babesteko bi neurri proposatu dituzte ikertzaileek: indigenen lurraldeei aitortza ematea eta beren eremuaren antolakuntza sendotzeko baliabideak bermatzea; eta Amazoniaren erdia baino gehiago lurralde kudeaketarako erregimenean sartzea, eskualde osoa zaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.