Bitxia zen irudia. Bi pelikula zeuden programatuta atzo eguerdiko 12:00etarako Donostiako Kursaalean, eta luzea zen aretora sartzeko ilara. 11:30ak iritsi baino lehentxeago, zain zeuden ikusleekin nahastu ziren kamiseta morea soinean zuten manifestariak, zinemazale baten baino gehiagoren harridurarako. Kursaal kanpoan ezagutarazi nahi zutena, ordea, ez zen fikziozkoa.
95 egun daramatzate greban jadanik Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, pasa den irailaren 19an berriz ere lanuzteak hasi baitzituzten ELA sindikatuak deituta. Kursaaletik abiatu zen manifestazio jendetsuak «zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu» izan zuen lelotzat, eta Sagueserainoko ibilbidea egin zuen.
Txomin Lasa ELAko ordezkaria izan zen salaketa azaltzeko arduraduna. Zinemaldiak eskainitako testuingurua baliatu zuen horretarako: «Horrenbeste glamour duen Woody Allen, Penelope Cruz eta abarren Donostia horretan badira beste errealitate batzuk ere, tartean zahar etxeetako langile eta erabiltzaileek jasaten duten prekaritatea». Dagoeneko urtebete luze daramate lan itunaren aldeko mobilizazioetan, eta, aurreko ikasturtean 88 greba egun egin ostean, berriz ere lanuzteak egiten ari dira urriaren 18 bitartean.
Euren egoera salatzeko antolatu dute Zaintzaldia, zahar etxeetako langileen jaialdi alternatiboa. Egitasmo horren helburuak dira «kulturaren aldetik Zinemaldiari beste ikuspuntu bat ematea, eduki ezberdinak erakustea —gai sozialagoekin— eta Kursaaletik ere oihuak entzutea». Hiru egun iraungo du, eta hainbat ekintza aldarrikatzailek izango dute lekua bertan; arratsaldeko lauretatik aurrera egingo dituzte filmen proiekzioak.
Sindikatuaren arabera, Donostiako Udalak ez die alfonbra gorririk jarri Zaintzaldia antolatzeko. Lasak izandako trabak gaitzetsi zituen; izan ere, ekintzak egiteko baimena zortzi toki tokitan eskatu dute, eta, «Zinemaldiaren aitzakia baliatuta», ez diete baiezkorik eman ia inon. Proposatu zituzten beste lekuak —Bulebarra, Alderdi Eder, Katalunia plaza...— hutsik zeudela kritikatu zuen. Azkenean Saguesen jarri dute karpa, baina, «udalarengatik balitz, itsasoan barrena jarriko genuen», amaitu zuen ELAko ordezkariak.
Erakunde publikoek eurekiko duten jarreraren aurka agertu zen Lasa: «Kasu honetan, Donostiako Udalak jarri dizkigu trabak karpa antolatzeko. Hala egiten du foru aldundiak ere guri lan baldintza duinak ez eskaintzeko; eta Eusko Jaurlaritzak, berriz, kalitatezko zerbitzua ematea ahalbidetzen ez duen dekretu bat onartu berri du». Dekretu horrek zahar etxeek bete beharreko ezaugarriak zehazteko balio du: baliabide materialak, funtzionalak eta langileei dagozkienak.
Ondorioz, Lasaren ustez, «erakundeen aliantza kriminala begi bistakoa da, langile klasearen, emakumeen eta berdintasunaren aurka». Soldata arrakala deuseztatzea da langileen eskari nagusietako bat.
Gipuzkoan, 5.000 langile inguru ari dira sektorean, eta ia denak emakumezkoak dira. ELA eta LAB sindikatuak banatuta ari dira protestetara deitzen. ELAk du langileen ordezkaritzarik zabalena: %60. Apalagoa da LABena: %20. Patronalak eta sindikatuek ez dute aurrerapausorik eman negoziazio mahaian elkartzen hasi zirenetik, eta badira bi urte baino gehiago. Mahai negoziatzailetik kanpo akordio bat sinatu zuten arren bi patronalekin; blokeatuta daude elkarrizketak.
Kamiseta berdeak
Atzoko manifestazioan, kamiseta moreen artean berdeak ere nahastu ziren: Bizkaiko zahar etxeetako langileek euren protestetan erabili zituztenak. Babesa eskaini nahi izan zieten Gipuzkoan aldarrikapenak egiten dabiltzanei. Bizkaian, hitzarmena sinatzea lortu zuten 2017ko urrian, eta ELAk esan zuen «sindikalismoaren garaipen handia» izan zela; 370 egun igaro zituzten greban. Ikusteko dago Gipuzkoan ere horrenbeste iraungo ote duen zahar etxeetako film luzeak.
Zinemaldiko filmik luzeena
Dagoeneko 95 egun daramatzate greban Gipuzkoako zahar etxeetako langileek. Atzo, ELA sindikatuak deituta, manifestazioa egin zuten, Donostiako Kursaaletik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu