Urrian eta azaroan egin dute azterketa, Bilbon eta beste zazpi herritan, hamabost supermerkatutan eta bost merkataritza gunetan —lau eta sei denda artean—: bi boluntario ijito eta bi zuri joan dira hainbat dendatara erosketak egitera, aldi berean, bikoteek jasotako tratua alderatu ahal izateko; behatzaileak izan dituzte lekuko, eta bideoan grabatu dituzte bisitak. Guztira, establezimenduen %80tan jasan dute tratu diskriminatzailea. Jokabiderik ohikoena izan da dendetako langileak ijitoei jarraika aritzea. BERRIAk parte hartu zuen egunean ere, agerikoa izan zen supermerkatu batean: emakume ijitoak ikustean, asaldatu egin ziren langileak, eta bikoteak une oro izan zuen beharginen bat alboan zelatatzen.

Aurrekari batek bultzatu ditu testing-a egitera: 2019an Zubiarte merkataritza gunearen aurkako salaketa bat jarri zuen Amugek, bi segurtasun zaindarik 12 eta 14 urte arteko hiru neskatori jazarri ostean. Emakume ijitoek «ohikotzat» daukaten hori objektiboki egiaztatu dute orain: bisita egun guztietan izan dira portaera kriminalizatzaileak, eta parte hartu duten andre ijito guztiek jasan dituzte.
Emakume zuriek normaltasunez egin ahal izan dituzte erosketak, baina ijitoek «jazarpena eta kontrola» izan dituzte ahotan beren esperientziaz hitz egitean. Jarraipenaz gain, beste hainbat diskriminazio molde pairatu dituzte: ahozko akusazioak, txutxu-mutxuak, kontaktu fisikoak —bultzadak, ukitzeak...—, akusazio begiradak, iruzkin iraingarriak, lankideei laguntza eskatzea...

Hala, proba amaitzean, etsipenez betetako iruzkinak egin dituzte andrazko ijitoek ere: «Jazarria sentitu naiz, une oro izan ditut niri begira»; «Beldurtuta egon naiz, nire atzetik zebiltzan»; «Erosketak ezin ditut inoiz lasai egin»; «Amorratuta nago: ez al gara denak berdinak?».
Babes juridikorik ez
«Ijitoen aurkako indarkeria egunerokoa da. Gutxiago sentiarazten gaituzte. Gure gaineko estereotipoen ondorio da; guk ez dugu ezer egin», adierazi du Tamara Claveria Amugeko arduradunak. Kriminalizazio hori esparru ugaritan gertatzen da, baina bereziki ohikoa da erosketetan. «Gure oinarrizko eskubideei eragiten die, baita gure osasunari eta autoestimuari ere. Halako umiliazio publikoek mugatu egiten dute emakume ijitoen parte hartze soziala».
Amugek gogora ekarri du profil etnikoaren araberako kontrolak ez direla legezkoak, baina gaitzetsi du halako kasuak ezin direla salatu gorroto delitu gisa, haren formulazioak ez dituelako kontuan hartzen horrelako diskriminazio moldeak. «Erreklamazio orriak jarri beste aukerarik ez dugu izaten, baina horiek ez dute ibilbide juridikorik egiten, eta ez dute eraginik».