Gizarte Langintzako gradu amaierako lanean, elikadura nahasmenduengaia EHUra eraman dute Alba Campmanyk, Karla Alvarezek eta Olivia Fernandezek. Hiru lan bateragarri egin dituzte: sentsibilizazio jardunaldi bat, ikerketa bat eta esku hartze proposamen bat, hurrenez hurren. Nabarmendu dute gaixotasuna bultzatzen duten faktore sozialen zergatia interesatzen zaiela, alor klinikoa beharrean: «Konpainia soziala egiteko perspektiba bio-psiko-sozial batetik abiatuz».
Campmanyk hainbat pertsona elkartu zituen jardunaldia osatzeko: Gasteizko ospitaleko elikadura asalduren unitatean lanean diharduten bi profesional, ACABE Anorexia eta Bulimiaren aurkako elkarteko psikologo eta kolaboratzaile bat, Elsa Fernandez Blanco asaldura bat bizi izan duen idazlea, eta Irati Garcia, lodifobiaz, dietaren kulturaz eta edertasun kanonez aritu zen gizarte langilea.
Alvarezi «aukerakoa» iruditu zitzaion elikadura nahasmenduen eta EHUko ikasle komunitatearen inguruko ikerketa bat egitea. Elikadura asaldura bat izatearen eraginak izan zituen aztergai: «Bereziki, zer eragin duen errendimendu akademikoan eta harreman sozialetan». Emaitza «fidagarriak» lortzeaz gain, ondorio «sendoak» atera zituen:«Errealitate oso gutxietsia da unibertsitatean, eta genero ikuspegiak eragin ukaezina du».
Lanaren «hirugarren hanka» Fernandezek osatu du: «Esku hartzean zentratu naiz; sostengu talde bat eratzeko ideia garatu dut». Iruditzen zaio unibertsitatean dagoen arreta psikologikorako zerbitzuak «perspektiba oso psikologizista» duela eta «oso indibiduala» dela. Beharrezkotzat jo du EHUn terapia talde bat sortzea.
Izurrian, egoerak okerrera
Alvarezen ustez, «oso modu lazgarrian» eragin du COVID-19aren pandemiak elikadura nahasmenduetan. Inkestari, izurriarekin zerikusia zuten galderak erantsi zizkion: konfinamenduak nola eragin duen osasun ohituretan, loan, elikaduran eta ongizatean. Ikasleen «%60-80 inguruk» adierazi zuten pandemia hasi zenetik «askoz okerrago» zeudela elikadura ohiturei dagokienez.
Genero ikuspegia ardatz izanik jardun dira. «Nork bere burua fiskalizatuta hautemateak» antsietate fisiko eta soziala dakarrela dio Alvarezek: «Eta horrek eragina dauka errendimendu akademikoan, baita bizitza afektibo-sexualean ere». Uste du edertasun kanon «horren patriarkalak» hertsiki lotuta daudela «izan nahiko genukeen gorputzaren kosmobisioarekin». Lanean, Naomi Wolfen aipu bat erantsi zuten: «Dieta da emakumeentzako loarazle politikorik eraginkorrena». Haien ustez, emakumeek beren burua «berrikusten, zalantzan jartzen, perfekzionatzen» igarotzen duten denbora guztia ez diote eskaintzen «beste auzi emantzipatzaileei». Campmanyren ustez, «dietaren kultura» faktore erabakigarria da: «Aldi oro dieta egiten egotea elikadura nahasmendu bat garatzeko arrisku faktorea da».
Gizonengan «prebalentzia» handiagoa duten gaixotasunak normalagotzat hartzen direla uste dute hirurek: «Ez da kasualitatea osasun mentaleko arazoak baztertuagoak eta medikalizatuagoak egotea». Campmanyk esan du aztertu beharrekoa dela «emakumeok nola artatzen gaituzten» medikuaren kontsultan. Haren ustez, ez baita «batere lantzen» emakumearen «onarpena»: «Askotariko gorputzak daude; ezin gara ibili bizitza osoan edertasun ideal baten bila, askotan ez baita erreala, eta lorgarria ere ez».
Fernandezek gaineratu du «ingurua» ere inportantea dela: «Esaterako, hurbileko bat gaixo egoteak zure harremanei erasaten die, elkarbizitzari, sexuari, ekonomiari... hartaz arduratu behar duzulako».
«Merkatu bat dago atzean»
Gizarte langintzaren arlotik begiratuta, Fernandezek esan du ikusten dutela «zer merkatu dagoen eraikia» gorputz desadostasunarekin, dietarekin, moldaketa estetikoekin eta sare sozialekin. «Argi» dute nola «erakusten den beti» bizitza idealizatu bat, «erabat asegabe» bizimoduarekin, gorputzarekin: «Nola sartzen den hori barruraino eta zer ondare kultural uzten dugun!». Elikatzea, ekintza «fisiologikoa» izateaz gain erritual kulturala dela dio Fernandezek, emakumeentzako «kontrol» modu bat: «Elikadura murrizketa da egun. Nork bere buruaren kontrol osoa lortu nahi izatea du oinarri, eta perfekzio estandarrekin lotuta dago». Campmanyk erantsi du murrizketa «kontrola» bada betekada «kontrolik eza» dela: «Emakumeek kontrola zor dute. Kontrolik eza ezkutatu egiten da beti, horrek dakartzan lotsa eta estigma guztiekin». Desira sozialaren arabera «balioesten gaituzte», haren ustez: «Gizonen begiradarekin, betiere; lodia dena groteskoa da. Emakumeok desiragarri sentitzeko beharra dugu bizitzan izateko, gizartean izateko, eta inork ez dio uko egin nahi horri».
Dieta loarazle politiko gisa
EHUko hiru ikaslek elikadura nahasmenduen ikerketa eta esku hartzea landu dituzte Gizarte Langintzako gradu amaierako lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu